Andoni Urzelai: «Famatu ez dena, ez da ezer gizartean»

Tren edo hegazkin bidaia baten astunaz ahazteko erabat aproposa den intriga nobelaren osagaiak, hala ere, gehiago dira, hor ageri baitira, baita ere, Ertzaintzako zerbitzu sekretuetakoak, ETA erakundeko kideak eta abar.

'Zirkulua' eleberria plazaratu berri du idazle aretxabaletarrak. Telebista du lanbide eta mundu horixe du lehengai izkiriatu duen nobela beltzean.

Bizitzaren filman bigarren mailako pertsonaia izatea baino gauza okerragorik ez ei dago. Hori uste dute behintzat Andoni Urzelairen Zirkulua nobelan agertzen direnetatik askok. Eta horregatik saiatzen dira gailentzen, bakoitza bere erara, famatu betierekoa bihurtu nahi lukeen psikopata hiltzailea, hura bere asmoetarako erabili nahian dabilen psikiatra, telebistako Luz roja saioko aurkezlea zein horien guztien hariak mugitzen dituen CESIDeko arduraduna. ETA eta erakunde honen inguruarekin behin betiko akabatzea nahi dute, eta horretarako guztia da zilegi, kaleetan izua barreiatzeko balio baldin badu.

 

Tren edo hegazkin bidaia baten astunaz ahazteko erabat aproposa den intriga nobelaren osagaiak, hala ere, gehiago dira, hor ageri baitira, baita ere, Ertzaintzako zerbitzu sekretuetakoak, ETA erakundeko kideak eta gutxien espero dutenean hiltzera kondenaturik daudenak. Eta, oroz gain, telebistaren mundua eta haren ikusle pasiboak. Hona hemen Zirkulua eleberriaren egileak horretaz guztiaz egin dizkigun gogoetak.

 

Gure artean ba omen da famatu eternala bihurtzearren edozein gauza egiteko prest dagoen asko. Zer egingo luke Andoni Urzelaik ospetsu bilakatzeko?

Ezer ez. Beno, Zirkulua liburuko pertsonaia guztietan badago zerbait izateko nahia, eta nigan ere halako zerbait egongo da, gaurko gizartean geroz eta gehiago baitago grina hori, eta iruditzen zait telebista mundutik sorrarazten dela. Ez dakidana da nahita bultzatutako gauza bat ote den edo ez, baina badago. Egungo gizartean entzutetsu ez dena, ez da ezer, zentzu batean bada ere; hau da, norberarentzat izango da, baina norberaren proiekzioa ez da ezer, ez baldin bada entzutetsua. Orain, neuk pertsonalki, ez nuke ezer egingo horrelakoa izateko.

 

Zuk Zirkulua osatzeari ekin zenion. Zeintzuk izan dira zure bigarren nobela honen nondik norakoak?

Narrazioaren istorioa ez daukat garbi... Nik nahi nuena telebistak gizartean duen eragina kritikatzea zen, eta halako trama bat eraiki nuen hori egiteko. Banuen beste helburu bat ere, lehenengo liburuaren ondorio gisa: nola edo hala nobela entretenigarri eta erraz bat osatu nahi nuen, iruditzen zaidalako euskaraz falta direla horrelakoak, nik behintzat irakurle moduan sumatzen dut horren falta.

 

Zirkuluaren traman, Espainiako Estatuko polizia indarrek, psikopata hiltzaile bat eta telebista saio bat erabiliz, ETArekin behin-betiko amaitzeko plangintza izugarria jartzen dute martxan. Norbaiti ideia saltzeko ahalegina al da zeurea?

Ez, ez! Halako gauzak sarri egon direlako bururatu zitzaidan hori. Ni oso "esku beltz" zalea naiz, beti uste izan dut guretzat oso sinpleak diruditen gauzen atzean sekulako trama beltzak daudela, eta hor jardun dut, interes zehatz batzuen atzean zer egongo den jakin nahian. Eta nobelarako aukeratu nuen hipotesia ez da hain irreala ere. Apur bat erradikala eta fikziozkoa izan daiteke, baina seguru nago, ez hor planteatzen den bezalako ahalegina, baina gainontzean denok ezagutzen ditugula intoxikazio informatiboak, gerra zikinaren erabilpena eta horrelako mila gauza. Gauden munduan edozein modutan justifikatzen da gerra bat, hor dugu Iraken kasua. Beraz, ez da zaila gertatzea nik Zirkuluan agertzen dudana. Askoz gauza latzagoak ikusten ditugu egunero.

 

Zurean porrot egiten du plangintzak azkenean. Errealitatean gertatuko balitz, hala izango ote zen?

Ez dakit. Antzeko ahaleginak egon dira. Eta seguruenera badaude Gobernuko indarrek bultzatutako estrategiak jendea geroz eta gutxiago mugi dadin. Gizartea asko aldatu da azken hamar urte hauetan, uste dut hori nabarmena dela. Jendea askoz ere gehiago bizi zen kalean orain dela hamar urte. Gaur egun, gero eta gutxiago, etxean gelditzen da, bunkerizatuta. Eta niri iruditzen zait aldaketa hori bultzatua dagoela, maila batean bada ere. Egungo telebistako informatiboa jartzen duzu eta, bitxia da baina, ordu-erdi irauten badu hogei minutu izango dira "gertaerak" edo tankera horretako berriak eskaintzeko. Nire iritziz, hori jendea beldurtzeko egiten da.

 

Kalera atera ez gaitezen?

Gutxienez kalea arriskuarekin lotzeko, gure inkontzientean halako zera bat sortzeko.

 

Eta polizia gehiagoren beharra sentitzeko?

Bai, azkenean hori kate bat da. Liburuan kontatzen den moduan, estatu batek ez baldin badu areriorik, ez dauka armadaren beharrik. Kalean ez badago arriskurik, ez da behar poliziarik... Gizartearen norabideari buruzko gogoeta txiki bat egin nahi izan dut nobelan, azalduz nola justifikatzen diren egoera polizialak, zer-nolako beldurrak sorrarazten dituzten, bai norberarengandik gertuen daudenekiko, bai mundu zabalekoekiko. Gizaki zentzu guztietan beldurtu bat lortu nahi dute.

 

Psikopatarena izan al da telebista eta oro har komunikabideak salatzeko espresuki aukeratu duzun papera?

Bai. Azken batean nire psikopata gizagaixo bat da. Jendea hiltzeko daukan arrazoi nagusia ez da burutik eginda dagoela, ospetsu bihurtu nahi duela baizik. Izan ere, nork ez die inbidia telebistan azaltzen diren jendilaje horiei: futbolariei, Gran Hermanon edota Crónicas Marcianasen azaltzen direnei? Denok daukagu irudipena, lanik egin gabe, primeran bizi direna. Garai batean galdetzen zenion haur bati handitzen zenean zer izan nahi zuen, eta batek erantzungo zizun suhiltzaile eta beste batek sendagile edo antzeko zer edo zer. Gaur egun, berriz —hala erantzun zidan behin nire iloba txikiak behinik behin—: nik famatu nahi dut izatea. Erantzun izugarria iruditu zitzaidan. Susmoa dut, gainera, dirua lortzeaz harantzago doan zerbait dela. Gehiengoari inkesta bat egingo bagenio, galdetuz: zuk zer nahiago zenuke izatea, famatu diruz erdipurdi ibilita, ala zeharo anonimoa eta dirudun? Seguru nago famoso izatea aukeratuko lukeela jendeak


Interesatzen zaizu



B2
2004-10-13
16262024
1810