detalle dokuteka-generico-fitxa

Luis Mari Zulaika: "Ikasi behar dugu janariaz disfrutatzen" 2/2

Luis Mari Zulaika soin-hezkuntzako irakasleak eta Maite Muñoa medikuak '30 arrazoi kirola egiteko' liburua plazaratu dute duela gutxi. Mediku-hizkera teknikoegia baztertuz, bi zatitan antolatu dituzte testuak. Alde batetik, neska-mutil kozkorrek ulertzeko moduko aholkuak idatzi dituzte, eta helduentzako gomendioak bestetik. Orrialde bikiak marrazki koloretsuak jartzeko gorde dituzte.

HABE.- Euskaltegi batetik etorri zara guregana.

LUIS MARI ZULAIKA.- Hala da. Gai honek guztion interesa pizten du, eta euskaltegiez gain kultur etxe zenbaitetan ere izan naiz. Ariketa fisikoaren onurak azaltzen dizkiegu: zergatik den ona osasunarentzat kirola egitea. Eta gutxienezko maiztasun batekin kirola eginez gero, gorputza nola aldatzen den hobera bere osoan. Irudiak power-point-a erabiliz pantaila batean azaltzen ditugu kanoi baten bidez.


H.- Beti aipatu da igeri egitea kirolik onenetakoa dela.

L.M.Z.- Gu ez gara horretan hasiko. Guk beti geldi egotearen aurka jo nahi dugu. Autoa gutxiago erabili behar dugula, igogailua baztertu behar dela ahal dela_ Bizi-ohiturak aldatu nahi ditugu, gutxieneko ariketa fisikoa sustatu. Gu ez gara kirolen errezeta egiten hasiko, hau edo bestea. Munduko Osasun Erakundeak esaten zuen gaixo ez egotea zela osasuna. Baina gaur egun, zabaldu egin du ikuspegia, eta esaten du maila psikiko, fisiko eta sozialaren aldetik ongizate maila egokia lortzea dela. Hori horrela, norberak aurkitu behar du zein den gehien gustatzen zaion jarduera.

 

H.- Bada urte guztian ezer ez egin eta kirola udari begira egiten hasten dena.

L.M.Z.- Norberaren mailari eta egoerari egokitutako kirola egin behar da. Epe luzera edo erdira lan egin behar da. Ezin daiteke espero hasi eta bat-batean onurak eskuratzea. Eta era berean, jarduerak, ariketak, progresiboa izan behar du. Ezin da aspalditik dabilen talde batean sartu eta ariketa berberak egin haien erritmo berean. Eta segun eta zein maila lortu nahi den, agian komeni da aurretik medikuarengana jotzea, eta kirol-medikua bada hobe.

 

H.- Behin entzun nion idazle bati bera kirolaren kontra zegoela eta ariketa fisikoaren alde. Kirola lehia huts bihurtu dugula.

L.M.Z.- Egia da guztia zaku berean sartzen dugula gure gizarte honetan. Kirol guztiek berez badute nolabaiteko lehiakortasun hori, eta zoritxarrez, emaitzen arabera baloratzen da kirola, erabat profesionalizatua dagoena estimatzen dugu. Nik uste lan egin behar dugula guztiontzako kirolaren alde, kirol osasuntsuaren alde.

 

H.- Ariketa fisikora itzuliz, badaude epe motzera azaltzen diren onurak, epe ertainera eta epe luzera?

L.M.Z.- Nik, ahal dela, epe luzera edo bideratuko nituzke onura guztiak. Eta onura horien artean bada bat beste guztiak biltzen dituena, eta liburuan lehen postuan edo azaltzen dena: 'ariketa fisikoaren bidez zure bizi-kalitatea hobetzen duzu, zure bizi-maila hobetzen duzu, eguneroko lanak egiten gutxiago nekatuko zarelako, eta bizi-poza handiago izango duzulako, zure aisialdian gauza gehiago egiteko gogoa izango duzulako'. Eta esan behar da hobetze hori gorputz osora zabaltzen dela, atalez atal, eta alderdi fisikoa eta psikikoa hartzen dituela bere baitan.

 

H.- Jatenak horrenbesteko garrantzia duen herri honek ba al daki kirola eta elikadura uztartzen?

L.M.Z.- Informazioa badugu nola jokatu behar dugun, baina presaka bizi gara, estresatuta, fast-food edo janari bizkorra zabaltzen ari zaigu bazter guztietara, tradizionalki gantz gehiegi hartzeko ohitura dugu. Ikasi behar dugu janariaz disfrutatzen, eta horrekin batera, ikasi behar dugu gehiegizko kaloriak erretzen.

detalle2

Dokuteka

B2
2003-03-20

x61pRelaContWAR

16261769

x61pViewCountWAR

3340

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR