Igerian ikastea: Lau urte betetakoan, adin guztiak dira egoki

Igeri egitea dagoen kirolik merkeenetakoa da, igeri egiten jakinez gero. Igerilekuetan egiten ez bada, nahikoa da bainujantzia izatea, eta batzuetan hori ere ez. Baina igeri egiten erdi-ipurdi jakitea oso arriskutsua da, hori du txarra. Alde ona ere badu, nahikoa erraza dela ikasten.

Helduaroan ikastea
Igerian zenbat eta lehenago ikasi, orduan eta errazago izango da baina, hala ere, edozein adinetan ikas daiteke. Heldua eskutik eramango duena pertsona aditua bada hobe, aiseago ikasiko baitu hartara. Aldiz, ikaslea gaztea baldin bada, eta uraren aurrean bidezko errespetua baino sentitzen ez badu (alegia, beldurra eragin liezaiokeen istripurik nozitu ez badu), senitarteko edo lagun batek irakats diezaioke baina, eragozpenik txikiena topatutakoan, eskola espezializatu batera jotzea du onena. Ondo antolatutako hamar ikasgairekin ikas daiteke igerian. Ikasi beharrekoa, dena den, ez da uretan aurrera egitea, arnasketa koordinatu eta ur gainean gorputzari eustea baizik.

Urari zaion beldurra gainditzea
Igerian ikasteko eragozpen nagusia urari beldurra izatea da, eta ingurune ezohiko batek eragindako segurantziarik eza. Horregatik sortzen da tentsioa, eta ez dute muskuluek behar bezala funtzionatzen. Horrekin batera, arnasketa azkartu eta itomen-sentsazioa agertzen da. Lehenik eta behin, argi eduki behar dugu guk berez ez dugula gaitasunik ur gainean egoteko edo flotatzeko: topiko hutsa. Igerian ikasten ari den pertsonari eutsi egin behar diote besteek, bera defentsarik gabe senti ez dadin. Baina, horrek ez du esan nahi monitoreak uretan sartu behar duenik. Areago, joera desberdinetako irakasleak bat datoz: argibideak eta aginduak uretatik kanpo eman behar dira.

Arnasa irentsi, uretatik kanpo; arnasa bota, uretan murgildurik
Uraren beldurra gainditutakoan, arnasketa koordinatzen ikasi behar da: airea ahotik hartzen, eta urpean aho eta sudurretik kanporatzen. Horretarako egokiena urrats jakin batzuk egitea da, hurrenkera jakin batean: igerilekuaren ertzari helduta uretan zutik jarrita, airea hartu eta hankak tolestu, burua urpean sartzeko; bertan, airea kanporatu; berriro zutitu eta airea hartu.

Flotatzea
Beldurrik gabe, eta arnasketa kontrola daitekeela egiaztaturik, flotatzen ikasteko une egokia da hauxe. Hasieran, zutik hondoa jotzen dugun leku batean jarri behar dugu eta ahuspez, aratinik eta murgildurik praktikatu behar da flotazioa. Eta beste mito bat hautsi beharra dago: besoak uretan eduki behar dira, jaso gabe. Beraz, sorospen eskean dabilen naufragoaren irudi hori baztertu, mesedez.

... eta uretara!
Beldurrik gabe, arnasketa kontrolaturik eta flotatzen ikasitakoan, uretan aurrera egiteko besoak eta hankak nola mugitu behar diren ikastea da aproposena. Une honetan kortxoak edo koltxoiak lagungarri gisara erabil daitezke. Estiloa perfekzionatzea gerorako utzita, oraingo kontua beste bat da: besakadak emanaz, beso-zangoak koordinatuz, gustura sentitzea. Ariketa ludikoaz haratago, murgiltzen ikastea da garrantzitsua, batez ere azalera berehala igo eta igerian hasteko. Igerian ikastea erraza da, beraz; baina seme-alabek igerian errazago ikasiko dute gurasoek ere badakitela jabetzen badira.

Haurrak, lau urtetik aurrera
Haurñoak jaiotzetik beretik uretan ohitzea komeni da, baina lau urte bete arte ez dira konturatzen igerian beren kasa egiteko mugimenduak zein diren, umetxoak dira oraindik. Horregatik pediatrek aholkatzen dute ume-umetan hastea, kontu garrantzitsu bat gogoan izanik: igeriketa ikastaroek ez dute bermatzen haurtxoaren autonomia. Beraz, nerabezarora heldu bitartean hobe da pertsona heldu batek neskato-mutikoak zaintzea. Hasiera traumatikoa ez, baizik ahalik eta emankorrena izateko, ura jolas gisara aurkeztu behar zaio umeari, etxean hartzen duen lehendabiziko bainutik hasita. Pittin bat kostatzen bada ere, gurasoei aholkatzen zaie, etxean bainatzerakoan seme-alabaren aurpegia urpean sartzea, garbitzeko belakia erabili ordez. Horrela umeak, pittinka-pittinka urpean arnasarik ez hartzen ikasiko du, inolako beldurrik gabe ohituko da.

Eskola egokia
Europako herrialde batzuetan arautua daukate igeriketa, irakaskuntzako curriculumaren osagaietako bat da. Gurean ere bai, baina ez ikastetxe guztietan, ezta gutxiagorik ere. Beraz, guraso gehientsuenek ikastaro espezializatuetara jo behar izaten dute umeek ikas dezaten. Horrelako tokietan umeei propio irakasteko langileak exijitu behar dira, eta uretan nahiz kanpoan 33 graduko tenperatura izatea, eta igerilekuko kloro-maila helduentzako igerilekuetan baino apalago izatea, hots, gehienez %0,5 %1aren ordez. Bestetik, umeek 3 urte bete arte monitore bakoitzeko bi ume izatea aholkatzen dute, eta lau urtetik aurrera, monitore bakoitzeko hiru ume.

Irakaskuntza
Lehen helburua umeak uretan gustura sentitzea da. Helduekin gertatzen den antzera, ingurune horretan ahalegin berezirik egin gabe, mugitzen ikasi beharko dute. Baina hori baino zailxeagoa da, ezin dute oina lurrean ipini. Zerbait badute alde, hala ere, helduak baino ausartagoak eta trebeagoak direla. Helduarentzat biziki zaila bada ere, gaztetxoek pixkanaka-pixkanaka menperatuko dute flotatzeko gaitasuna edo oreka -horizontala zein bertikala- , eta zangoek berehala hartuko dute protagonismoa, eta txakur txikiak legez igeri egiteko lagungarri bihurtuko dira. Hori kontrolpean, besoen mugimendua sartzeko unea da, igeriketaren urrats behinenetako bat umeentzat, egokiro orientatzea esan nahi baitu. Eskailera aurkitu ezinik badabiltza, bere burua galdutzat sentitzen badute, horrek berak urak baino ikara handiagoa eragingo die.


B2
2005-05-02
16261377
2741