Erleen dohain ezezaguna

Maiatzaren 20an Erleen Munduko Eguna ospatzen da.
Denok dakigu zer diren erleak. Denok dakigu ez ditugula oso maite, gerturatuz gero hurrentzen saiatzen baikara. Askotan, beldurra izaten diegu; beste askotan, nazka. Denok dakigu zer diren erleak. Bai, baina ba al dakigu zertarako gai diren? Ba al dakigu zein dohain dituzten? Ba al dakigu apiterapia zer den?

Apiterapia ez da gaixotasunak sendatzeko modu alternatibo bat, terapia osagarri bat baizik. Apiterapiak produktu naturalak erabiltzen ditu, koloragarri, kontserbagarri eta beste motako toxikorik gabe. Apiterapiaren barnean, hainbat produktu aurki ditzakegu, guztiak ere erleekin zerikusia dutenak: apitoxina, erleen pozoina; argizaria; erregina-jelea; eztia, polena, eta propolia.

Apiterapiak eraso egiten die gorputzean dauden gorputz arrotzei; horregatik, modu batera edo bestera, giza gorputzari laguntzen dion terapia osagarria da apiterapia. Haren erabileren artean, osasuna berreskuratzea, gaixotasunak saihestea eta bizimodu neketsuari aurre egitea daude.

Euskal Herrian arrotza izan arren, nazioartean indar handia hartzen ari da, Hego Ameriketako herrialdeetan, batez ere.

 

Erlearen eboluzioa

Erlea gizakia baino lehenago sortua da. Lehenengo erleak Baltikoko itsasoan aurkitu zituzten, anbarretan txertaturik. Geroztik, hainbat aztarna aurkitu izan dituzte; horietako bat, esate baterako, Mesolitoan aurkituriko marrazki bat da: emakume bat eztia biltzen, hain zuzen ere.

Garai batean, oso ohikoa zen baserrietan erleak edukitzea, naturarekin lotura estua izanik probetxu handia ateratzen baitzieten erleen produktuei. Ohitura hori, ordea, galduz joan da, eta gaur egun gero eta erletegi gutxiago dago.

Hasieran, erle basatiek gogoko izaten zuten zuhaitzetako zuloetan kokatzea. Gizakiak, ordea, zuhaitzen tankerako lehen erlauntza prestatu zuen, eta bertan batzen ziren. Egun, gehienak erlauntzetan biltzen dira.

Apiterapian erabiltzen diren produktuen inguruko datuak

Eztia

- Osaera. Karbohidratoak %75-80, proteinak %0,38, hezetasuna %17-20, azidoak %0,1 eta mineralak %0,2.

Ehun gramo biltzeko, erletegitik batez beste 3 kilometrora dauden 1.000.000 lore bisitatu behar dituzte erleek. 15.000 bidaia egiten dituzte, guztira 45.000 kilometro (munduari itzuli bat). Erleek 25 gramo ezti gastatzen dute lan hori guztia egiteko.

- Erabilerak. Kirolari eta adinekoentzako elikagai gisa erabiltzen da, kaloria, bitamina eta mineral asko baititu; erredurak sendatzeko, zauriak ixten laguntzeko eta larruazala babesteko ere erabili ohi da.

 

Polena

- Osaera. Karbohidratoak %40, lipidoak %5, protidoak %35 eta bestelakoak (bitaminak, mineralak, betakarotenoak, kerzetina edota rutina) %20.

- Ezaugarriak. Landareen loreak ernaltzen dituen osagai maskulinoa da polena. Erleak proteina iturritzat erabiltzen du larben janari gisa.

- Polen bilketa. Erleek loreak bisitatzen dituzte, eta polenen kalitatea aztertzen dute, proteina gutxikoa mespretxatuz. Zama osatzean etxeratu egiten dute. Gizakiak, tranpen bidez polena bildu, lehortu, garbitu eta ontziratzean -20 gradutan izozten du.

- Kilo bat polen biltzeko. 67.000 bidaia egin beharko lituzke erleak, guztira 200.000 kilometro hegan.

- Erabilera. Kirolarientzat eta Downen sindromea duten haurrentzat erabiltzen da, anemia kasuetan, suspertze eta estimulatze arloan ere bai. Desintoxikatze prozesuetan, begietako gaitzetan, hezur eta giltzaduretako arazoetan eta prostatitisaren prebentzioan ere erabili ohi da polena.

 

Propolia

- Osaera. Erretxina %80, berezko olioa eta argizaria %25, substantzia lurrunkorrak %10, polena %5 eta zakarra %5.

- Ezaugarriak. Erleen produktuen artean, propolia aztertu da gehien. Antibiotiko naturala da.

- Propolia erlauntzean. Zirrikituak ixteko erabiltzen da, eta erlauntzerako sarrera txikitzen du. Erleek, erlauntzetik atera ezin dituzten gorpuzkiak baltsamatu, eta erlauntza barruko piezak egonkortzen dituzte.

- Erabilera. Besteak beste, bakterioei, parasitoei, tuberkulosiari, birusei eta alergiei kontra egiteko eta analgesiko eta anestesiko gisa erabiltzen da.

 

Erregina-jelea

- Osaera. Ura %68, proteinak %12,0, azukreak %8,5, lipidoak %5,6 eta errautsak %0,8.

- Ezaugarriak. Erleek beren barnean duten produktua da. Erle gazteek faringe azpiko eta barailetako guruinetatik jariatzen dute. Erregina amak jaio ondorengo egunetan erregina-jelea jaten du, eta hortik datorkio izena.

- Erabilera. Mikroelementu eta antibiotiko natural asko ditu; burmuina bizkortzeko eta astenia sendatzeko erabiltzen da, baita arlo kardiobaskularrean eta hipotentsio kasuetan ere.

 

Apitoxina (erleen pozoina)

- Osaera. 2 petido (melitina %50, apamina %0,3), 2 entzima (fosfolipasa eta hialuronidasa), histamina, hainbat azido (fosfatoa, triptofanoa, kolina...) eta mikroelementuak (burdina, zinka, sufrea, kaltzioa, magnesioa...).

- Erabilera. Hezurretako mina (artritisa, esklerosia, artrosia eta erreuma), esklerosi anizkoitza, parkinsona eta bronkioetako asma sendatzen laguntzeko; eta antialergiko, analgesiko, antiinflamatorio eta estimulatzaile gisa.

 


B2
2006-11-08
16261117
5994