Dokuteka
Udazkena, ehiztariak eta krisia
Iritzi saio labur honetan Pellok udazkeneroko ehiztari kontuak eta aurtengo krisia elkarren ondoan jartzen ditu, kontraste polita sortuz.
Urtaroak bezala iragaiten omen dira ziklo ekonomikoak beren krisi eta guzti.
Egun on, entzule.
Udazkenera heldu garela konturatuko zinen. Etxe inguruan mendi edo muinoren bat baldin baduzu, ehiztarien eskopetek egiten diote ongi-etorria larrazkenari. Aspaldi, Lizardi poeta trenean bidaiatuz ohartzen omen zen udazkena zela, bultziaren leihotik ikusten zituenean baserritarrak artoak biltzen, sagarrondoak urrezko alez mukuru. Orain tiro hotsez publizitatzen da udazkena, seinale da hegazti askok Ipar Europatik Afrikarako urteroko txangoari ekin diola. Milioika datoz, bandatan, usoak, usapalak, birigarroak, ahateak, antzarrak, kurriloak eta beste txori asko. Frantziako lautadetatik barrena, Pirinio mendia gure itsas bazter honetatik gainditu nahiko dute, negu epelagoen bila. Baina bidean, eskopeten berunezko hesia hautsi beharko dute. Ehiztaririk gabe ere mendiok gainditzea ez da beti eroso: Zuberoan kontatu zidaten ikusi izan dituztela usoak Otsogorrigaina edo Organbidexkako lepoetaraino hurbildu eta, haizea hain bortitza zenez, gailurra menderatu arteko azken metroak oinez egiten. Urrioro hegaztiek daramagute biziaren erritmoen berri. Uso bandek gogorarazten digute uda beroa joan zen moduan, laster negu hotza heldu dela, eta hura gainditzen duenak ikusiko duela berriro ernetzen udaberria.
2008ko urri beltza bataiatu duten krisitzar honi zer ote derizkiote? Usoek asmatu behar izan dute nola orientatu, urteotan argiz bete diren gure bailararen gainean ez galtzeko. Eta Europan neguak epeldu direnean, milaka urtetako migrazio ohiturak aldatuta, Landes-etako artasoroetan utzi dituzte koadrilak, azken artaleak aprobetxatzeko neguan. Ekonomiaren zikloaz ere ekonomilariek ideia putarik ez daukatenez, onena izango duzu pasadako hegaztiek alde egitea. Adi hegaztien erantzunari, entzule! Urtaroak bezala iragaiten dira ziklo ekonomikoak beren krisi eta guzti. Ihes egiten badiozu akabatu zaitzakeen tiro bakar horri, ikasiko duzu gutxiagorekin bizitzen, egokituko zara bestela kontsumitzera, bururatuko zaizu nola dibertitu estuasunen erdian. Nork daki, larrialdian igual berpiztuko dugu beste zera hura, nola zen ba? A, bai, elkartasuna!
Pasa egun ona, entzule.
