Dokuteka
Jaioberri-aldiko eta pediatria garaiko diabetes monogenikoa
Jaioberrien diabetesa oso frekuentzia baxuko gaixotasuna da (diabetes guztien % 0,25) eta bizirik jaiotako 400.000 umeetatik batean du eragina. Hala ere, aztertu berri diren datuen arabera, gaixotasunaren benetako intzidentzia handiagoa izango litzateke: 1/100.000.
Umearen lehenengo hilabeteetan hipergluzemiaren agerpena eta gutxienez 15 eguneko intsulina-tratamendua ditu ezaugarri. Lehenengo 6 hilabeteetan diagnostikaturiko diabetesak gehienetan akats monogenikoengatik sortzen direla esan genezake; bestalde, adin horren ondotik diagnostikatuak, orokorrean, 1 motako diabetesa izaten dute. Gaixoetan beste sintoma batzuk ere ager daitezke: hazkunde-arazoak, deshidratazioa eta ketoazidosia esaterako, larriak izan daitezkeenak, koma barne.
Jaioberrien diabetesean, 2 klinika mota desberdindu ohi dira, intsulinaren mendekotasunaren arabera: iragankorra eta iraunkorra. Horien artean, ordea, ez dago desberdintzen dituen ezaugarri klinikorik. Azken urteetan aurrerapen nabarmenak eman dira gaixotasunaren oinarri molekularrari dagokion arloan, eta hori dela-eta 3 egoera posible identifikatu dira hormona horren galera azaltzeko: aldaketak pankrearen edo beta zelulen garapenean, beta zelula helduen aldaketa funtzionalak edota apoptosia dela-eta, beta zelula kopuruan gertatzen diren murrizketak.
Jaioberrien diabetes iragankorra
Jaioberrien diabetes iragankorra intsulinaren ekoizpenean eragiten duen garapeneko arazoa da, jaiotza ostean desagertzen da, 12. aste inguruan, eta jaioberrien diabetes guztien % 50-60 osatzen du. Gaixo hauek jaiotzean pisu baxua izaten dute, haurdunaldian umetoki barneko hazkundearen atzerapena dela-eta. Hazkunde-atzerapen hau nabarmenagoa da pisuan altueran baino; hori dela-eta, jaioberriak disarmonikoak izan ohi dira. Datu horien arabera, intsulinaren jariatzea haurdunaldiaren azkenengo garaian ematen dela dirudi. Kasu hauetan autoimmunitatearekin eta 1 motako diabetesarekin erlazionatu den HLA haplotipoaren probak negatiboak dira.
Gaixo gehienak aurrenengo urtea baino lehen sendatzen dira, baina horietatik % 50ak glukosarekiko intolerantzia edo diabetesa jasaten dute berriro haurtzaroko azken urteetan edo gaztaroan. Hala ere, oraindik ez dago argi gaixotasunaren berragertze hau intsulinaren galerari edota intsulinarekiko erresistentzia bati dagokion. Ondorioz, eta zenbait ikertzaileren arabera, gaixotasunaren mota iragankorra beta zelularen akats iraunkor baten ondorioz agertuko litzateke, eta akats honen adierazpena aldakorra izango litzateke hazkundean eta garapenean. Beraz, oso garrantzitsua da gaixo hauen jarraipena.
Jaioberrien diabetes iraunkorra
Definizioz jaioberritan agertzen den diabetesa da, baina kasu honetan ez da desagertzen. Ez dago ezaugarri klinikorik, beste ezaugarri dismorfikorik ezean, jaioberri diabetiko batek mota iragankorra edo iraunkorra jasango duen iragartzeko. Hala ere, diabetiko iraunkorrek ez dute beti hazkunde-atzerapenik izaten, eta jasaten dutenean bai pisuari bai altuerari eragiten die; kasu hauetan, beraz, jaioberri harmonikoak izaten dira. Orokorrean, zertxobait beranduago diagnostikatzen dira.
Zein mekanismo molekularrek hartzen dute parte gaixotasunaren garapenean?
Akats genetiko desberdinak identifikatu dira jaioberrien diabetesean:
- 6q24 xingola. Kasu iragankor gehienek 6. kromosomako beso luzean (6q24) akats genetikoak dituzte. Pertsona osasuntsuetan, amarengandik jasotako 6. kromosoma inprontatua dago (ez da adierazten), beraz aitarengandik jasotako kopia bakarrik adieraziko litzateke. Ikerketa desberdinetan aztertutako jaioberri diabetiko iragankorretan 6. kromosomako beso luzearen adierazpen bikoitza ikusi da. Adierazpen bikoitz hau 3 mekanismo desberdinengatik eman daiteke: aitaren isodisomia 6. kromosoman, aitarengandik jasotako 6q24 bandaren bikoizketa eta inpronta-galera amarengandik jasotak
o 6. kromosoman.
- ATPrentzat sentikorra den potasioaren kanala. Kanal hauek beta zelularen mintz zelularrean aurkitzen dira. Bi gene desberdinek osatzen dute kanala: KCNJ11 (Kir6.2) eta ABCC8 (Sur1) geneek, hain zuzen ere. Gene hauetan mutazio aktibatzaileak emanez gero, kanala irekita mantentzen da eta intsulinaren jariatzea gutxiagotzen da. Ondorioz, jaioberrien diabetesa ager daiteke, iragankorra nahiz iraunkorra. Kasu horietan tratamendua aldatu beharko litzateke, eta intsulina injektatu beharrean sulfonilurea izeneko tratamendua erabili. Sulfonilureek kanala itxita mantentzen dute eta horrela intsulinaren jariatzea ez litzateke gutxiagotuko.
- Intsulinaren genea. Azken hilabeteotan argitaratutako zenbait artikulutan, mutazio puntualak deskribatu dira intsulinaren genean, mota iraunkorra jasaten duten umeetan. Kasu hauetan ere umeek pisu baxua izaten dute jaiotzean.
- Beste zenbait gene. Badira beste zenbait gene jaioberrien diabetesean mutatuak agertzen direnak, baina kasu hauetan beste sindrome batzuei lotuta agertzen dira: pankrearen agenesia, IPEX sindromea, zerebeloko hipoplasia, etab. (IPF-1, FOXP3, PTF1A ...).
Laburbilduz, diagnostiko genetikoak zenbait arlotan lagun diezaioke gaixoari, baita familiari ere. Alde batetik, gaixotasunaren garapenean bidera gaitzake eta, horrela, kasu bakoitzean tratamendu egokiena ezarri. Eta bestalde, jaioberrien diabetesa duten umeen familiei kontseilu genetiko hoberena proposatzen laguntzen du.
Guiomar Perez de Nanclares PhD
