Kerman mintzalagun bila. Paristik datorren
Kerman eta Saioa bidaia bat antolatu nahi dute Parisera joateko, baina lortuko al dute?
Egiturak:
- Zenbateko galderari erantzuteko modua.
- *Guzti hori / Hori guztia
SAIOA: Eta, zer egingo duzu hurrengo zubian?
KERMAN: Zubian? Ezer ere ez. Etxean geratuko naiz
SAIOA: Lastima!
KERMAN: Hala da, bai. Bost egunetako zubia eta ezin aprobetxatu. Baina aurreztu beharra daukat, sosik gabe nabil.
SAIOA: Eta Parisera bidaia egitea zer deritzozu?
KERMAN: Parisera gustura joango nintzateke, baina bost eurotako aurrekontua daukat aurtengo zubirako. Eta honekin Algortatik Bilbora joateko ere lanak!
SAIOA: Eta bidaia merkeago aterako zaizula esaten badizut?
KERMAN: Parisera merkeago? Baina, baina, nola joango gara ba, oinez? Ba, larri ibiliko gara. Ni bai, behintzat. Done Jakue bidea egiten saiatu nintzen behin eta Castron eman nuen buelta. Hori bai, hogei kilotako maleta eramatea bururatu zitzaidan eta
SAIOA: Ez dela hori Kerman. Hegazkinez joango gara. Hotel dotore batean egongo gara.
KERMAN: Ez esan! Bost izarretako hotel batean? Baina, nola liteke?
SAIOA: Supermerkatuan zozketatu zuten bidaia egokitu zait. Parisera bidaia bi pertsonarentzat!
KERMAN: Ama! Parisera goaz! Parisera goaz!
Azalpena:
Kontuz ibili "hogei kilotako maleta" edota "bost izarretako hotela" formekin, okerrak baitira euskaraz. Horien lekuan, "hogei kiloko maleta" eta "bost izarreko hotela" esango dugu.
KERMAN: Parisera bidaia, hau ilusioa! Zaude lasai, Saioa guztia antolatuta daukat eta.
SAIOA: Guztia? Hotela eta hegazkina hartuta daude dagoeneko.
KERMAN: Bisitez eta ordutegiez ari naiz. Denbora gutxi daukagu eta gauza asko dago Parisen ikusteko. Guzti horregatik ondo antolatu beharko dugu. Baina lasai, sekulako planing-a prestatu dut.
SAIOA: Kerman, zer planing eta zer planing-ondo!
KERMAN: Nik egindako planing-a jarraitzen badugu monumentu hauek guztiak ikusteko parada izango dugu. Zortzietan aireportura helduko gara, bederatzietarako hotelean izango gara
SAIOA: Kerman...
KERMAN: Metroarekin asmatzen badugu hamarretan izango gara Eiffel dorrean. Hamaiketan Louvre museoan, edo, "Luvre" ahoskatzen da?
SAIOA: Kerman...
KERMAN: Ai! Barkatu. Izen guzti hauekin nahastu egiten naiz, horren dira arraroak!
SAIOA: Ez da hori kontua, Kerman. Nik ez dut ordutegirik nahi. Oporretan gaude eta lasai egon nahi dut.
KERMAN: Lasai? parisen tamainako hiri batean? Ba, horretarako, ordutegi bat beharko dugu. Ordutegi guzti hauei so egiten badiegu, atseden hartzeko astia ere izango dugu. Dena dago pentsatuta, begira. Hara! Bazkaltzeko astia jartzea ahaztu zait. Eta lo ere egin beharko dugu, noski. Ai!
Azalpena:
Adi egon "hauek guztiak" formarekin, beti ordena honetan erabiliko baitugu. Horrenbestez, "izen hauekin guztiekin" edota "ordutegi hauei guztiei" esango dugu. "izen guzti hauekin" eta "ordutegi guzti hauei", aldiz, baztertu egingo ditugu.
KERMAN: Tira, Saioa, ez haserretu. Nik lagundu egin nahi nuen, besterik ez. Zuk hegaldia oparitu didazu, hotelean egonaldia oparitu didazu eta horregatik guztiagatik nik ere zerbait antolatu nahi nuen.
SAIOA: Lasai, ez naiz haserretu. Oporretara joan aurretik haserretzen bagara, jai daukagu. Baina, gogoan izan: lasai egon nahi dut Parisen.
KERMAN: Ba, horrenbeste gauza dago Parisen ikusgai: concorde plaza, Eiffel dorrea, Pompidou museoa... eta nik leku horiek guztiak ikusi nahi nituen.
SAIOA: Tira, orain moldatu beharra daukagu. Gogoratu Kerman eskuko ekipajea baino ezin dugula eraman.
KERMAN: Lasai, hamar kiloko maleta eramango dut soilik.
SAIOA: Kerman, hori gehiegi da. Zortzi kilo eraman ditzakezu gehienez. Eta nortasun agiria eguneratuta daukazu? Hegazkinean sartzeko eskatuko dizute.
KERMAN: Herenegun iraungi zitzaidan. Baina bi eguneko kontua da, besterik gabe. Izeba karmen iraungitako jogurtak jan eta jan ibiltzen da eta...
SAIOA: Eguneratu behar duzu! hara! Deitu berehalaxe ordua eskatzeko.
KERMAN: Gauza bat esango dizut, Saioa: oso mika eta oso tuntuna zarela. Bidaia guztia kontrolatuta edukitzea gustatzen zaizu, antza. Baina ni ez naiz horrelakoa; abentura gustatzen zait niri, abentura. Beraz, nahiago dut ez joan.
Azalpena:
Parisera joateko irrikaz ikusi dugu gaur Kerman. Lehenengo zatian "hamar kiloko maleta" edota "bi eguneko kontua" esaten dela ikusi dugu. Hortaz, "hamar kilotako maleta" eta "bi egunetako kontua" saihestu egingo ditugu.
Bestalde, "hau guztia" formarekin hanka sartu du Kermanek. Gogoan izan beti ordena horretan erabiliko dugula. Hala, "leku horietan guztietan" edota "ordutegi hauei guztiei" dira forma egokiak. Hauxe gaurko ikasgaia, lagunok. Zuek betikoa, honekin edo harekin, baina egin!