Garai bateko medikuntza

Antzinako medikuntzan, gaur egungo sendagaririk ez zegoenean erremedio naturak ziren gaixotasunak edo minak tratatzeko erabiltzen ziren ia baliabide bakarrak.

Erromako Medikuntza fakultate batean eginiko ikerketa batek erakusten duenez, Antzinako Erroman erremedio naturalak erabiltzen zituzten gaixotasunak tratatzeko. Horri buruz aritu da Felix Zubia medikua.

Gerora, medikuntzan, gure bizimodua asko erraztu duten makina bat aurrerakuntza egon dira. Adibidez, ba al dakizu noiz asmatu zen anestesia?


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

ESATARIA. Mina betikoa da gizakiarengan. Min hori sortzeko eta kentzeko bideak, ordea, ezin konpara litezke gaur eta, esate baterako, Antzinako Erroman. Kontu bitxiak bezain interesgarriak iruditu zaizkigu Italiar aditu-talde batek egindako ikerketatik eratorritako hauek. Adibidez, erromatarrek hezurrak hautsitakoan, hezur puskak atera egiten zituzten mina arintzeko, edota hezur batean luxazioa zenean, hautsitako arteriak ixteko, eztiz igurtzitako bandak erabiltzen zituzten: bendak. Benda horiek gogortu egiten ziren horrela eta gaur egungo igeltsuaren lana egiten zuten. Landareetatik hartutako adartxo malguak ere erabiltzen zituzten arteriak eta artikulazioak blokeatzeko. Eta horiek baliatuz, besoak, geldirik edukitzeko ferula modukoak egiten zituzten.
Anestesiarik ez zen garaian erromatarrek landareak baliatuz bilatzen zituzten alternatibetako batzuk dira. Kristo ondorengo I. eta III. mende bitarteko 50.000 gorpuzkinetatik gora atera dituzte Erromako nekropoli eta hilerrietatik, eta aztarna horietatik iritsi dira Valentina Gazzaniga eta bere taldekoak Erromako Sapiencia Unibertsitateko Medikuntza fakultatean egin duten ikerketa horretara. Zenbat kostatzen zaigun, Felix Zubia, guzti hori imajinatzea , e?
FELIX ZUBIA. Bueno, ez hainbeste e!
ESATARIA. Landaretxoak arteriak ixteko?
FELIX ZUBIA. Bueno, hori bai, baina arteriak ixteko, kanpotik izango zen, ze ebakuntza egiteko! Hau da, pentsatu behar da garai hartako medikuntzak bazituela bi alde desberdin, bazirela mediku, dokto…, famatuak edo ikasiak, baina haiek ez zuten gorputzik ukitzen, eta oso jende aberatsentzat bakarrik ziren, eta gero besteak petrikiloak ziren, eta jarduera egingo zutenak batez ere petrikiloak ziren, eta petrikiloak ez ditugu hain urrunekoak.
ESATARIA. Ez. Egia esan ez, eta egia da Euskal Herrian ere landareen medikuntzak, edo bueno, ez dakit herri-medikuntza esango dugu… hori da, ba indar handia duela…
FELIX ZUBIA. Bai. Eta izan duela.
ESATARIA. Eta petrikilo horiek zer egiten zuten? Mediku ikasi horien aginduetara lana?
FELIX ZUBIA. Bai. Edo askotan ez.
ESATARIA. Nola, nola medikuek gorputzik ukitu gabe…
FELIX ZUBIA. Hau da, medikuek…
ESATARIA. … egiten zituzten sendaketak, ba?
FELIX ZUBIA. Medikuek esaten zuten halakoa zeukalako, edo bestea edo bestea, baina gauza bat zen medikuntzan nolabait ere… Medikuntza eta kirurgiak bat egitea oso gauza berria da. Bueno, historian behintzat. 200 urte edo 300 urte bakarrik dira. Duela 200 edo 300 urte arte, alde batetik, medikuak zeuden eta beste alde batetik, zirujauak zeuden. Eta zirujauak edo erdi-petrikiloak edo barberoak ziren toki askotan, eta batura hori, hau da, eskuz egitea eta era berean zientzia sartzea ba, nolabait ere, berria da. Historia guztia hartuta, 300 urte izango dira, baina gauza berri xamarra da.
ESATARIA. Um. Um. Eta anestesia?
FELIX ZUBIA. Anestesiak 200 bat urte ditu.
ESATARIA. Zorionekoak gu, ez?
FELIX ZUBIA. Bueno…
ESATARIA. Hori ezagutu…
FELIX ZUBIA.  … aurrerakuntzak horretarako dira.
ESATARIA. Bai. Bai. Egia da, medikuntzak noski asko aurreratu duela erromatarren garaitik, nahiz eta guri iruditu sekula ez dela nahikoa. Hori ere bai, e Felix?
FELIX ZUBIA. Noski!
 

C1
2016-02-23
16239812
00:03:07
6979