Patinetan (A2E17)

Josu Amaiarekin patinetan ibiltzera atera da. Josurentzat aurreneko aldia da eta, hala ere, ez du beldur handirik izango. Amaiak patinetan ibiltzeko teknika erakutsiz aholkuak emango dizkio.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

AMAIA.— Josu, asko poztu naiz patinetan ibiltzera etorri zarelako nirekin.
JOSU.— Badakizu, Amaia, kirola egin beharra dago.
AMAIA.— Bai, ba. Kontua da oso gutxitan joaten garela elkarrekin kirola egitera.
JOSU.— Hala da, baina nik bizitza osoan egin dut kirola eta oso ondo moldatzen naiz.
AMAIA.— Ba begira, patinak jantzi eta gero, kiroldegitik atera, bidegorria hartu eta hondartzaraino joango gara. Joan-etorrian 12 kilometro inguru egingo ditugu.
JOSU.— Ez dago batere gaizki.
AMAIA.— Ez! Baina bihar sekulako mina izango dugu.
JOSU.— Bueno, glukosa pixka bat hartu eta kito.
ETENA
AMAIA.— Sekula ibili al zara patinetan?
JOSU.— Sekula ez. Eskerrak Oierrek bere patinak utzi dizkidan!
AMAIA.— Ba hasieran poliki-poliki, teknika pixka bat hartzeko.
JOSU.— Gure amak bazituen patinak, zahar haietakoak. Gurpilak paraleloan zeuzkaten, baina ni ez nintzen sekula ibili.
AMAIA.— Sekula ez ditut ikusi horrelakoak. Jurasikokoak izango ziren, seguru. Kar, kar, kar!
JOSU.— Seguru. Baina, bueno, patinatzea ez da hain zaila izango, ezta?
AMAIA.— Ez, gizona. Gainera, zuk eskiatzen badakizu eta errazagoa izango da zuretzat.
ETENA
JOSU.— Eta hori dena zer da?
AMAIA.— Babesak, ukondoetan, belaunetan eta eskumuturretan jartzeko. Eta kaskoa!
JOSU.— Hori dena jantzi behar al dugu?
AMAIA.— Horixe. Kirol honetan ezinbestekoa da babestuta joatea. Eta zu bezalako hasiberrientzat, zer esanik ez.
JOSU.— Bai, eta kalean, gu ikusita, esango dute: “Hor doaz Robocop eta bere andregaia!”
AMAIA.— Kar-kar-kar! Ez da hainbesterako! Eta erortzen bazara, eskertuko didazu babestuta egotea.
JOSU.— Eta kaskoari ez diozu bideo-kamera jarriko?
AMAIA.— Ez, hartzen ditugun muturrekoak gure intimitaterako geratuko dira! Kar-kar-kar!
JOSU.— Kar-kar-kar! Bueno, ba, goazen, ea zer moduz moldatzen garen!
AMAIA.— Eta gogoratu, ez zara heroi bat. Aurrena teknika pixka bat hartu, eta gero gozatu.
JOSU.— Bai, amatxo!
 

A2
2016-02-19
16239679
00:02:37
2491