Ulertzen al dugu arte garaikidea?

Maialen Lujanbioren ustean, arte garaikidearen eta jende garaikidearen arteko zubia aspaldi zegoen hautsita: ez Donostiakoa, bestea baizik.

Artearen eta jendearen arteko hausturaz egin du gogoeta Maialen Lujanbiok, Euskadi Irratiko Faktoria programako irratsaio honetan.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Zubia aspaldi zegoen hautsita: ez Donostiakoa, orokorragoa. Zubia, arte garaikidearen eta jende garaikidearen artekoa, aspaldi dago hautsita, inoiz lotua egon bada. Jendea ere garaikidea baita, eta ez artea bakarrik, nahiz eta badirudien arteak eta arte-modu batek duela garaikidetasunaren esklusiba.
Garaikideak, arte hitzarekin, adierazi nahi digu beste elebazio-maila bat, zerbait abantzatuagoa, biharkoegia gaur egun bizi garen jende arruntarentzat. Jakina, artea beti ez da sortzen zehazki jendeak ulertzeko, baina kasu batzuetan emango luke sortzen dela espresuki jendeak ez ulertzeko; zenbat eta ulergaitzagoa izan, orduan eta mami gehiago duela emango balu bezala. Batzuetan arteak esplikazio korapilatsuak behar ditu funtsa azaltzeko, baina besteetan, eta ez gutxitan, esplikazio korapilatu itxurakoak ditu hutsa estaltzeko. Hutsa ez Oteizarena, bestea.
Eta zu hor azalpen-testua eskuetan kontzeptu abstraktu eta abstraktuagoen segida irakurri eta esaldiaren bukaeran arnas hartzen duzula, aditza behintzat ulertu duzulako. Hortxe zu, ergel-aurpegiarekin artelanari begira; eta batez ere larri, gero hartaz zerbait esan beharko duzulako: “originala”, “kuriosoa”, “polita”… Etzazula behintzat holakorik izan, hitz egin ezazu propietatez; zer esan ez badakizu, esan ezazu “interesgarria”. Interesgarria beti geratzen da ondo samar.
Baina, benetan, nola bereizi funtsa eta hutsa? Bereizketa hori arte guztietan da klabea, noski, baina arte plastikoetan zailagoa egiten zaigu, tradizionalagoak diren eta hitza erabiltzen duten jardunetan baino. Zergatik? Begia eta burua heziak behar direlako. Kezka behar da, ikusten ikasi behar da, eta lantsua da. Topiko handi bat ere bai baita, arte garaikidea ulertzeko zaila delako kontu hori; ni nahita egiten ari naizen hau, alegia. Jendeak artea erraz kritikatzen eta erridikulizatzen dugu, topikoaren gonapean bide batez gure ignorantzia ezkutatuz.
Jende garaikidea nagia dela, nahiago duela bazka errazetik jan, buru-lanik emango ez dionetik. Hori esango luke artistak. Eta arrazoizkoa litzateke kritika. Arte garaikidea ia beti baita funtsean kritikoa, sistemarekin beti hain kontzeptualki kritikoa, hain elebatuki, hain plastikoki kritikoa, ze, finean, edozein sistemari oso ongi egokitzen zaion. Abstrakzioaren bentajak dira.
Gaurko gobernantzek paparrean medaila bat bezala darabilte artea. Zenbat eta garaikide-deituagoa, hobe. Euren ausardiaren gaurkotasunaren eta are biharkotasunaren adierazle. Milioiak xahutzen dituzte erakusleiho horretan. Aldiz, ez da mailako ahaleginik egiten jende garaikidearen kultur elikaduran, hezkuntzan, kriterioen lanketan. Gaur egun, artea, plastika, espresioa, oro har, zer dira ba?, zer balio dute hezkuntzan?, zer garrantzia dute gizartean?, zer pisu dute politikan? Hutsa. Hala jende garaikidea garaiz kanpo heltzen da beti arte garaikidera.



C1 C2
2016-01-28
  • Maialen Lujanbio
16239248
00:04:20
5751