Ezin duzue igogailua erabili (A1E25)
Josu eta Amaia kaletik etxe-atarira sartu dira eta igogailua hartzeko asmotan daude, baina garbitzaileak ez die sartzen utziko. Pisu astunak dauzkate eta larri ibiliko dira etxeraino igotzeko.
JOSU.— Eskerrak, iritsi gara. Mm, fresko dago etxeko ataria, Amaia!
AMAIA.— Bai, pisu handia ekarri duzu, Josu.
JOSU.— Bai, bai, zure morroia naiz, andereño. Zuk denetatik erosi eta nik ekarri. A zer akordio txarra!
ETENA
AMAIA.— Arratsalde on!
GARBITZAILEA.— Arratsalde on, bai.
JOSU.— Sar gaitezke igogailura?
GARBITZAILEA.— Ba garbitzen ari naiz. Erratza pasatu dut eta ondoren lixibaz garbitu. Zoazte oinez, bai?
JOSU.— Oinez? ez al dituzu ikusten poltsa hauek denak? Sekulako pisua da.
AMAIA.— Bai, eta seigarren solairuan bizi gara!
GARBITZAILEA.— Ba, orduan, itxaron pixka bat lehortu arte, mesedez.
JOSU.— Hemen?
GARBITZAILEA.— Edo zoazte kafe bat hartzera eta bueltan lehor-lehorra egongo da.
AMAIA.— Adarra jotzen ari zara, ezta?
GARBITZAILEA.— Ez. Ez dut berriro entzun nahi komunitateko lehendakariaren kexurik: igogailua zikin-zikina dago, ispilua atzamarrez beteta dago... Ez duzu ondo garbitzen!
AMAIA.— Baina guk ez dugu zikinduko, poltsak gora igo eta...
GARBITZAILEA.— Ez, eta kito! Astelehenera arte ez dut berriro garbituko eta asteburuan txukun egotea nahi dut.
AMAIA.— Orduan, oinez igo beharko dugu.
JOSU.— Edo “kafea hartzera joan...”
GARBITZAILEA.— Eta gainera, zuek ez zarete etxearen jabeak. Zuek alokairuan bizi zarete.
JOSU.— Bai, baina eskubide batzuk izango ditugu, ezta?
GARBITZAILEA.— Bueno, bueno, zuekin denbora galtzen ari naiz eta gauza asko ditut egiteko. Bi aukera dituzue: eskailerak edo kafea, baina utzi bakean, lana amaitu behar dut eta.
ETENA
JOSU.— Posible ote da?
AMAIA.— Lasai, Josu, oinez igoko gara, ahaztu kontu hau.
JOSU.— Baina… pisu handia da, Amaia! Lehertuta iritsi naiz.
AMAIA.— Tira, lagunduko dizut. Gizajoa. Sei solairu ez dira hainbeste. Hartu beste poltsak eta goazen.
JOSU.— Pazientzia! Ile bat ikusten badut, entzun beharko dit garbitzaile zakar horrek