Ezkontzea, ideia ona?

Ezkontzeaz duen iritzia emango digu Durangoko Udal Euskaltegiko David Zabala ikasleak hurrengo idatzian.

Ezkontzea, ideia ona?

Badago oraindik elizatik ezkontzen den bedeinkaturik. Esneko haginak jausi ostean lur sakraturik gehiago zapaldu ez duenik, ezta amabitxiaren hiletan ere. Jaunartzeko opariak behin eskura izanda kristau-ikasbidea alde batera uzten dutenak  “mekaundios” bat noizbehinka botatzeko ezik. Hauek dira, izatez, elizako aldarean bukatzen dutenak baietza ematen andregaiari.

 

Antza denez, argazki erreportaje politagoa geratzen delako egiten dute. Andregaiak merengezko gortinatzar trapu zuri erraldoi  hori jantzi nahi duelako. Hamar metroko beloarekin eta alfonbra gorritik. Printzesak bezala.  Hipoteka ordaintzeko dirua justu-justuan irabaziko dute, baina  egun horretan biolin eta guzti elizatik paseadatxoa.

Alokatu daitekeen autorik handienean, eliza ondoko petrilean jartzen diren ditxosozko kuxkuxeroak ikus dezaten zure ezkontza ez dela beraien alabarena baino gutxiago.



Bazkaria, ez dakit nongo enperatriza izandakoan. Mahaian tronu eta guzti. Janaria barra-barra, belarrietatik atera arte. Denetik asko, arrain eta okela, kapritxoak asetzeko. Tarta faltsua moztu eta oparitxo inozoak banatu ondoren dantza;  eta mundu guztiak itxaron duen momentua. Barra librea. Hau gabe ez baitago “Pakito txokolatero” dantzatuko duenik. Hori horrela da, King Afrika eta graduazio altuko alkohola eskutik doaz. Koadrilako heavyek ere dantza dezaten likore asko behar da. Kupela batzuk gutxienez.



Taldeko kirolaria bi txokor batera erretzen; “solterak” kontrolik gabeko dantzan, zurrunbilo kaotikoa bailiran, tragoak inguruko guztiei gainetik botaz  barre algara inozo baten. Guztiz mozkortuta, denak  lagun-lagun bailiran, Holandako lehengusua barne. Berriro ikusiko ez duten lehengusua. Holandara oporretan joan, bere ate aurretik igaro eta ez liokete tinbrerik joko. Baina asko janzten du atzerritar koadrila batek ezkontzan. Badakizu, printzeak bezala.

Gero, bidaia ere ez dute edonora egiten. Pultseratxoa jartzen dizuten “resort” horietako batere. Printzeak bezala jarraitzeko. Milaka kilometro igerileku batean pasatzeko hamar ordu egunean. Hori ere,  “debalde” denez, barra librea sikatu arte ekin.
 


 

Hori da plana hori! Bidaiatik bueltatu eta lau hilabetera umetxoa. Bai, lau hilabetera!
Atera  kontuak!
 


C1
2013-05-02
  • David Zabala
16235723
12746