Dokuteka
Janis Joplin, rockaren lehen emakume mitoa
1943ko urtarrilaren 19an jaio eta 1970an hil zen Janis Joplin, amerikar kantaria. Sexua, drogak eta rock and roll-a. Hori izan liteke, Janis Lyn Joplinen bizitza.
Sexua, drogak eta rock and roll-a. Hori izan liteke, labur esanda, Janis Lyn Joplinen bizitza. 1943an jaio zen, Port Arthur-en, Texasko (AEB) petrolio-hiri batean. Aita Texacoko injineru zuen, eta ama liburuzaina. Senideetan zaharrena zen. Haurtzaroa zoriontsua izan zuen. Oso alaia zen, lasaia, aingeru-itxurakoa, eta arras iaioa zen arte plastikoetan. Janis hazten ari zen neurrian, gurasoak konturatu ziren besteei atsegina izateko grina zuela, sentsibilitatea ia gaixotia zuela. Nerabe izatera heldu zenean, neskatxa xaloa oldarkor eta menderakaitz bihurtu zen.
Herri hartako giroa probintziarra zen eta kontserbadorea, eta neska gaztea ezin zen horretara moldatu: zakarra zen, erronka zalea, borrokalaria, eta batez ere atentzioa ematea gustatzen zitzaiona. Talentu handikoa izanik, lagunek maiz eraso egiten diote, eta irri, haren itxura berezi eta moldeengatik. Talde marjinalak aukeratzea da inguruan moldatu ezin horren ondorio saihestezina. Edateari ematen dio, liskar eta istilu askotan sartzen da, eta haustura horretan musika azaltzen zaio ihesbide bezala. Bere burua itota ikusi zuen eta San Franciscora joan zen. Han abesten hasi zen jendaurrean.
Eskean ere ibili zen zerbait jateko eta irauteko, ia-ia beti kalean egite zuen lo, eta drogaren munduan sartu zen Janis gogorkeriaren eta besteei atsegin izateko grinaren arteko gorabehera horretan bizi zen, ez zegoen, gainera, batere gustura bere gorputz-itxurarekin, itsusia ikusten zuen bere burua. Erruki-etxe batean jaten zuen, droga pizgarriak hartzen zituen: Gurasoei gezurretan aritu zitzaien denda handi bateko kutxazain-lanetan ari zela lanean esanez. Gauzak hainbeste okertu zitzaizkiola ikusita, gurasoen etxera itzuli zen. Proba egin zuen, eta berehala konturatu zen bizimodu probintziar hura ez zela harentzat egina Zirt edo zart egin zuen, eta handik aurrera erabat musikari emana bizitzea deliberatu zuen. San Franciscon banda batean abesten hasi zen.
Garai hartan milaka pertsona joan ziren hara bizitzera: horiek jarri zuten hippie mugimendu ikusgarriaren oinarria. Erabateko aldaketa da, mundu berri bat, gazteen matxinadaren mundua. Baziren orduan San Franciscon mila eta bostehun rock-banda baino gehiago, eta Janisek 'Big Brothers' bandarekin abesten zuen gogorkeria-giro zaratatsuan. Berehala, gazte hippie haiek garaiko sinbolo bihurtu ziren, eta giro buhame hartan, Janisek bere itxura eta irudia aldatu zituen, Texasko alaba neurritsu baten itxura utzi eta benetako hippie egiten da: lepokoak, gona luzeak eta ile nahasiak, horiek dira ezaugarri berriak. Haren sasoia, kemena, ahots ederra, abestean entzuleei azaltzen zien portaera ia sexuala... Horrek guztiak izar handi bihurtu zuten Janis. Baina, Monterreyko Festibalaren ondoren, sistemaren aurkako mugimendu basati eta komertzializatuaren fasean sartu zen guztia.
Famak, ibilaldiak, tentsioak... Horiek guztiek bultzatu zuten Janis heroinaren atzaparretan erortzera. Inolako neurririk gabe bizi bazen ere, guztiaren gaietik profesionala zen. Kantatzen zuenean, sentsualtasunaren grinak pizten zituen, gizasemeen eta emakumeen maitale bilakatu zen. Times egunkariak 'rock zuriaren mugimenduko abeslaririk indartsuena zela' zioen: orduantxe hasi zen Janis bere burua bakarrik ikusten, besteek erabilia, baina ez zen aldatzeko gauza. Bere jenio bizia gero eta oldarkorragoa zen, agerpen sexuala etengabekoa zen, eta alkoholaren, depresioaren, antsiaren eta drogen mendean zegoen. Ez zuen amodio kontuetan arbuiatua izatea nahi, musikan ere ez. Erretxina zen, jenio txarrekoa eta zarata zalea; baina hori guztia oskola besterik ez zen, bere ahultasuna estaltzeko.
Pixkanaka-pixkanaka ahotsa galtzen joan zen, eta ikuskizunak gero eta gogorragoak ziren. Bere anabasaren bete-betean Seth Morgan ezagutu zuen, familia aberats bateko semea, eta harekin ezkontzea erabaki zuen. Lasaiago bizi nahi zuen, baina alferrik. Bere testamentua idatzi zuen eta handik aste betera gehiegizko dosia hartuta hil zen. 27 urte zituen.
Bere hileta-festa antolatu zuen
Woodstock-en parte hartu zuen, hippien iraultza kulturalaren sinbolo izan zen. Erraz sumintzen zen eta gai zen borrokaren batean botilakadekin bazterrak astintzeko. Baina, aldi berean, emakume ikasia eta jantzia zen. Hiltzeko garaian diru bat utzi zuen bere omenez jai handi bat egin zedin.
