Dokuteka
Esther Ferrer artistarekin solasean-elkarrizketa
"Ziur nago, uste sendoak dituzunean eta ideia batzuen alde egiten duzunean, uste eta ideia horien eragina nolabait nabarmentzen dela zure lanean" honela dio, besteak beste, Esther Ferrer artista donostiarrak elkarrizketa honetan.
Gehien gustatzen zaiona, agian interesatzen zaion gauza bakarra, "lantegira igo eta zerbaiti itxura ematen ahalegintzea" dela aitortzen du. "Perfomance-ari buruzko definizioak, teoriak eta praktikak, performancea egiten duten pertsonak adina" izan daitezen borrokatzen dela esaten du. Esther Ferrerek Paristik, 1973az geroztik bizi den hiritik, erantzun dizkie elkarrizketa honetako galderei. Iaz, azaroan eman zioten 2008ko Arte Plastikoen Sari Nazionala da solasaldiaren abiaburu. Baina saria oharkabean igaro da, berehala, bizitza eta artea ikusteko eraz eta biekin bizitzeko moduaz zintzotasunez hitz egiten duen emakumearen hitzen aurrean.
Azaroan, 2008ko Arte Plastikoen Sari Nazionala jaso zenuen. Zer dakar saritua izateak? Zer-nolako aldaketa eragiten du horrelako sariak?
Nire lan egiteko eran eta dinamikan ezer ez. Agian zenbaitek beste era batera ikusiko du nire lana, onerako edo txarrerako, "sariaren" ikuspegitik ikusten duelako, baina nire egiteko eran ez du inolako eraginik.
Zuk noizbait esandakoa da "performanceak kaleko jendearengana heltzeko aukera ematen digula", iraupen gutxiko artea dela, ikusi dutenen oroimenean gelditzen dena. Horretan al datza performancearen balioa?
Performancea kalean ere egin daiteke, baina, ez da interesgarria horregatik bakarrik; eta "ere" esan dut, helbide finkorik ez duenez, edozein lekutan egin daitekeelako. Baina kalea, agian, arte-zentroetara, -museoetara edo- galerietara maiz joaten ez den jendearengana hurbiltzeko modua delako da interesgarria. Artea kalera ateratzeko, artearen ohiko lekuen testuingurutik kanporatzean, ikusleek, museoetara edo galerietara maiz joaten direnak barne, oso modu ezberdinean ulertu eta interpretatzen dute performancea. Kalean maila berean gaude denok eta performanceak, oro har, aukera gehiago ditu in situ aldatzeko.
Argi eduki al duzu beti zure bizitza artera bideraturik zegoela? Noiz eta nola jakin zenuen hori?
Nik ez dut inoiz argi eduki noiz eta nola erabaki nuen artea egitea: artea egiten hasi nintzen eta artea egiten jarraitzen dut. Neska txikia nintzenean, jadanik gustatzen zitzaidan marrazkiak egitea eta nire ahizpa Matildek eta nik asko marrazten omen genuen; baina, zergatik marrazten genuen guk eta ez beste anai-arrebek? Bada, ez dakit, izan ere hezkuntza bera jaso baikenuen denok. Nik gauza asko egin ditut nire bizitzan eta gauza horietako bat, beti, etengabe iraun duena, artea izan da; baina artea egiteari utzi diezaioket -"arte" modura definitzen den hori egiteari uztea, alegia, nik ere oso ondo ez baitakit zer den- eta beste zerbait ere egin dezaket.
Sortze-lan bat egiterakoan, pentsatzen al duzu zer eta nola helarazi nahi duzun edo gehiegi pentsatu gabe zeure kasa hasten zara?
Beti izaten da ideiaren bat aurretik, noski; buruan duzun zerbait izaten da, erabili eta kanpotik itxuratu nahi duzuna, zuk nahi duzun hori, ekintza, koadroa, argazkia, performancea, etab., lortu arte; baina beste norbaiti helaraztea, hori beste kontu bat da. Nik egiten dudana niretzat egiten dut, hala egin nahi dudalako, eta egiten dudanean ez dut inoiz pentsatzen inori ezer helarazi behar diodanik; hori ez dut inoiz pentsatzen. Nire jardunbide pertsonala da; beste batzuek gustatzen zaielako aukeratu dituzten beste gauza batzuk egiten dituzte; ni ez naiz ez guru, ez apaiza, eta nire lanarekin mundua aldatzeko asmorik ere ez dut, noski; besterik gabe egin egiten dut, eta norbaiti gustatzen bazaio, edo zerbaitetarako balio badio, zoragarri; baina hala ez bada, berdin-berdin egiten jarraituko dut. Ez dakit zergatik adierazi behar ditudan nire lanean nire konpromiso sozial edo politikoak; hori egitea badago, noski, baina beste bitarteko batzuk ere badaude: kalea, esaterako. Ziur nago, ordea, uste sendoak dituzunean eta ideia batzuen alde egiten duzunean, uste eta ideia horien eragina nolabait nabarmena izaten dela zure lanean. Ni, adibidez, feminista naiz, nire bizitza feminismoz beterik dago, baina horrek ez du esan nahi nahitaez arte feminista modura definitzen dena egiten dudanik. Hala ere, zenbait egoeratan "EZ! Aski da!" oihukatzeko gogoa izaten duzu eta, orduan, zure garrasia artelan modura sortzen da. Artea da? Ez da artea? Galdera hutsala da, protesta baita, baina beste gauza askoren aurrean ere protesta egiten dut; nire amak protesta zaleak ginela esaten zigun. Nik, gainera, etengabe protestatu eta aurre egin behar dela uste dut. Ni duela urte asko Parisa bizitzera etorri eta emigrantea naizenez, oso sentibera naiz arazo horri dagokionean; baina horrek ez du esan nahi nire lanetan sistematikoki gai hori jorratzen dudanik. Baliagarria iruditzen zaidan ideia bat dudanean, orduan bai.
Non bilatzen duzu inspirazioa? Non aurkitzen duzu?
Ez dut inspiraziorik bilatzen; askotan, buruan ideiarik ere ez dut izaten. Nik ez dut asko sortzen, beti-beti ez baitut izaten merezi duen ideiarik; ez du beste misteriorik. Baina zure galderari erantzunez, gauza asko izan daiteke niretzat ideia-sortzaile, hala nola, gertaera bat, egoera sozial bat, kalean ikusten dudan zerbait, esaldi bat, gauza bat... Nire lana era askotakoa da; askok pentsatuko dute ez dudala ildorik eta egia da; artean nahi dudana egiten dut, nahi eta ahal dudanean. Pieza asko ditut 70eko hamarkadan pentsatu eta 20 edo 30 urte geroago egindakoak; baina ez dio axola, pentsatu eta maketa egin nuenean ikusi nuen erabilgarri ziren edo ez. Bai, bai, oso ondo; pieza pentsatzea baino, nire burua benetan lanean jartzen duen piezari buruzko gogoeta egitea baino, garrantzi gutxiago du pieza egiteak.
Nola egiten duzu lan? Diziplinatua zara, oldartsua, perfekzionista...?
Ez, maniaduna eta obsesiboa naiz. Interesatzen zaidan zerbait egiten ari naizenean, oso obsesiboa naiz eta ez dut arreta galarazterik nahi izaten. Gainera, oso dudatsua naizenez, zalantza handiak izaten ditut, eta egun batean ideia ona iruditzen zaidana, biharamunean ez zait ona iruditzen. Batzuetan neure burua behartu eta oroz gainetik egin egiten dut, eta egiten ari naizela, ideia ona dela konturatzen naiz; izan ere, nik nahi dudan puntua ukitzea interesatzen baitzait -ez galdetu, arren, zer puntu den, ez bainuke zehazten jakingo, baina nik nabaritu egiten dut zein den edo zein ez den-, eta hori lortuz gero, jendearen gustukoa izateak edo ez, ez du inolako garrantzirik.
Zure irakasle-jardueratik, zer nabarmenduko zenuke artista-belaunaldi berrietan? Nola datoz sortzaile berriak?
Nire mintegietan zorte itzela izan dudalakoan nago; egia esan, ikasle zoragarriak izan ditut beti eta oso erraza izan da niretzat haiekin harremanetan jartzea: lan egiteko gogoa zuten, beren barruan norberaren egiteko era bilatzeko gogoa; hasiera-hasieratik lana egiten dute eta, ondoren, hari buruzko gogoetak egiten ditugu denok batera, aurreiritzirik gabe. Eta egunak joan ahala norberak bere egiteko era, performanceari buruzko bere definizioa, bere teoria egituratzen du; izan ere, performancea oraindik interesatzen bazait, bere aniztasunagatik da; nik perfomanceari buruzko definizioak, teoriak eta praktikak, performancea egiten duten pertsonak adina izateko borrokatzen dut. Nire belaunaldiarekiko aldea izugarria da, eta logikoa ere bada; izan ere, hain mundu ezberdinean bizi dira, non ezinezkoa baitzaie guk adierazi genuena adieraztea. Gaur egun, askoz laguntza gehiago daude; gure garaian ez zuen inork ezer ematen. Guk ere ez genuen eskatzen, nik behinik behin ez, baina ez dut uste guk baino errazago dutenik. Egungo artistarentzat zaila da erakundeak bazterrean uztea, erakundeen beharra dute; guretzat erraza zen, ez genuen ezer jakin nahi erakundeekin, eta erakundeek ere ez zuten ezer jakin nahi gurekin.
Zein da zure lanaren alderdirik onena? Gogokoen duzuna?
Lantegira igo eta zerbait, testu bat, argazki bat, performance bat, edozer gauzari itxura ematen ahalegintzea, hori da gehien gustatzen zaidana; eta, beharbada, interesatzen zaidan gauza bakarra dela ere esango nuke. Gehien-gehiena maketak egitea gustatzen zait, orduan gozatzen dut gehien; oso gaizki egiten ditut, baina niri ideia bistaratzea interesatzen zait, kanpoko itxura nire buruan darabilkidanari dagokiona izatea. Egia esan, artearen inguruko gainerako guztia ez zait gehiegi interesatzen.
Zure iritziz, zein da artearen izateko arrazoia?
Gizakion gorputzak burua du pentsatzeko eta bi esku gauzak egiteko; artea bai bata eta bai besteak abian jartzeko modu bat da, beste modu batzuen artean. Niretzat artea mundua ulertzeko, mundua ikusteko modu bat da, ulertzeko modu bat, baina beste modu asko ere badaudela uste dut. Hurrengo bizitzako berraragitzean sinetsiko banu, adibidez, astrofisikaria izaten ahaleginduko nintzateke, unibertsoaren funtzionamendua ikasi ahal izateko, funtzionamendu hori ulertzen ahalegintzeko...
Parisen bizi zara 1973. urteaz geroztik. Zerk eraman zintuen Argiaren Hirira? Ba al duzu itzultzeko asmorik?
Estatu Batuetako biraren ostean eta hainbat arrazoi tarteko, besteak beste berriro diktadurapean bizitzeko gogorik ez nuelako, joatea erabaki nuen eta errazena Parisa joatea zen. Egia esan, gero beste herrialde batera joatea pentsatuz alde egin nuen. Oso garai zaila izan zen niretzat, batez ere alor pertsonalean, eta hura gainditzeko lanean murgildu nintzen buru-belarri; orain arte erakutsi dudan eta oraindik erakusten dudan gehiena, garai hartako proiektuak dira; esan dizudan bezala, oso gaizki egiten ditudan arren, maketak egitea gustatzen zait eta garai hartan asko egin nituen. Bitxia da gero suntsi zaitzakeen egoera, emankorra ere nola izan daitekeen. Espainiara itzuli bizitzera? Ez, ez dut uste itzuliko naizenik; lan egitera bai, gustatzen zait, baina bizitzera... Aukera izanez gero, nahiago nuke inoiz bizi izan ez naizen herrialde batean bizitzea.
Ba al duzu egitea amestu duzun lanen bat, oraindik egiteko dagoen lan handiren bat?
Agian inoiz egingo ez diren lanak? Bai, asko gainera, baina horrek ez nau kezkatzen; adibidez, "Permutaciones" izeneko lan bat, oinarrizko koloreen, bigarren mailakoen eta hirugarren mailakoen arteko nahasketa guztiak bilduko dituena, datorkit burua. Seguru asko ez da inoiz egingo, baina horrek ez dit, inondik ere, inolako nahigaberik sortzen.
Ikusten al duzu zeure burua beste zerbait egiten?
Lehen esan dizudan bezala, bai, gai naiz beste zerbait egiteko, beste lan batean jarduteko. Egunen batean gerta daiteke inoiz pentsatuko ez zenukeen zerbait egin beharrean izatea; eta ona da indar berberarekin egin ahal izatea, zure adore eta ahalmen guztia eskaintzea.
Ba al duzu erakusketarik, performancerik, ikastarorik... abian?
Apirilean erakusketa bat egingo dut Parisen eta gero, jakina, performanceak.
