Nikola Tesla, asmatzaile aparta

Auto elektrikoetan, munduan dagoen markarik ezagunetako batek bere abizena darama: Tesla. Nikola Tesla ingeniari eta fisikaria asmakizun dezenteren atzean dago, besteak beste, korronte alternoaren sortzailea da.

Bere bizitzan oinarritua, biografia nobelatua idatzi zuen Jean Echenoz idazleak. Duela gutxi, Gerardo Markuleta itzultzaileak euskaratu du biografia hori eta berarekin hitz egiten dute irratiko erreportaje honetan.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

KAZETARIA. Eta erreportaiaren tartea zabaldu behar dugu. Gero eta presentzia nabarmenagoa dute gure artean auto elektrikoek. Eta jakina, alor horretan, Tesla enpresa da nagusitzen denetako bat. Kalifornian, Silicon Valey-n du egoitza auto elektrikoak eta bateriak egiten dituen enpresa horrek. Eta Nikola Tesla ingeniari eta fisikari serbiarrari (Smiljan herrian jaio zen, gaur egun Kroazia) zor dio izena, korronte alternoaren sortzaileari. 1856. urtean jaioa zen bera, eta haren biografian oinarritutako “Tximistak” lana idatzi zuen orain urte batzuk Jean Echenoz idazleak. Arantxa Irastorzak emango dizkigu xehetasunak jarraian.        
ARANTXA IRASTORZA. “Tximistak” izeneko lana ez da zuzenean Nikola Tesla ingeniari eta fisikari serbiarraren biografia gordina. Fikzionatutako biografia da 2010. urtean Jean Echenoz idazle frantsesak egin zuena eta euskarara Gerardo Markuletak ekarri duena. Teslaren azken urteetaz, beraz, ez dago informazio askorik nonbait. Jakina da, hori bai, pobre eta oso bakarrik amaitu zuela, eta horregatik fikzio dezente erabili zuen Echenozek biografiaren amaiera osatzeko. Bueno ba, “Tximistak” liburuan sartu, eta esan dezagun Gregor protagonista, Tesla bera bezala, Amerikako Estatu Batuetara doala, eta han arituko da lanean, Edison izango duelarik aurkari nagusia. Momentu onak ere izan zituen Nikola Teslak Amerikako Estatu Batuetan bizi izan zenean. Unerik okerrenak azken urteetakoak izan zituela gogoratu digu Gerardo Markuleta  itzultzaileak.     
GERARDO MARKULETA. Pena da, pena gehien azken aldera, azken aldera ematen du, ez? Eta gero amodio-kontuak, enfin, eduki zuen maitale, maitale izan gabeko bat. Erabat amodio platonikoa, baina harekin nahikoa izan omen zuen, ze parke batean gehiago begiratzen omen zien usoei neskatxa gazteei baino.
Hori oso labur kontatzen du Echenozek, maitemindu zela andre ezkondu batekin, baina hain zuzen ere, bere adiskide min baten emaztea zela.
ARANTXA IRASTORZA. Nikola Teslaren biografia kontatzen hasita, nolanahi ere esan beharrekoa da korronte alternoaren sortzailea dela, eta egunerokoan erabiltzen ditugun hainbat gauzaren oinarrian dagoen guztiaren asmatzailea ere bai.
GERARDO MARKULETA. Ba begira, bitxia da kontua, ze pena ematen digu pertsonaiak, baina, adibidez, asmatu zuen tximista hilgarri, arma bat, ez? Izugarria. Gero, bere korronte alternoari buruz, Edisonek asmatu zuen aulki elektrikoa. Ez dira oso, oso asmakizun maitagarriak, ezta?
Ez nuke jakingo bat, bat aukeratzen. Beharbada, interneten susmo bat eduki zuela. Eta, eta klaro, garai, garai haietan, bueno ba izugarria da pentsatzea horren, horren susmorik ere, zera, izan zezakeenik. 
ARANTXA IRASTORZA. Badirudi, bestalde, Marconiren irratiaren asmakuntzaren atzean ere Teslaren eskua zegoela. Gaur egun, berriz, ezagun egiten zaigu Teslaren izena, auto elektrikoak eta bateriak egiten dituen enpresa batek haren izena, Tesla izena, hartu duelako.
GERARDO MARKULETA. Marketin ederra da. Ze Teslak, Tesla pertsonaiak batez ere pelikula batzuk eta nobela batzuk eta egin direnez geroztik ba, baditu fan-klub handiak, ez?, eta gehienbat jende ekologista eta bueno, aurrerazale eta hola, ez? Egiten zuen gizateriaren alde eta guztiok hobeto bizitzeren alde eta ezin zuen, ezin zion asmatzeari utzi, ez?   

B2
2017-11-27
16177020
00:04:06
2675