Euskaltzaindiaren historia laburra

Euskaltzaindiaren historia laburbiltzen duen 6 minutuko bideo-dokumentala.


Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

ESATARIA – Hemeretzigarren mendetik izan ziren euskal hizkuntzaz arduratuko zen erakundea sortzeko ahaleginak, Bonaparte eta Anton Abadiaren lanak ageri duenez.
1901ean, Hendaian biltzarra egin zuten ortografia batzeko, baina Sabino Aranak eta Resurrección María Azkuek proposamen desberdinak zeuzkaten. Azkenean, 1918an, sortu zen Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntzak Oñatin egin zuen lehen kongresuan. Hegoaldeko lau aldundien babesean eratu zuten eta lau euskaltzain izendatu zituzten: Julio Urkixo, Koldo Eleizalde, Arturo Kanpion eta Azkue, euskaltzainburua. Orduko helburu nagusiei gaur ere eutsi diete: hizkuntza literarioa sortzea eta arautzea, hizkuntza bultzatzea eta hizkuntza babestea.
Beste zortzi euskaltzain hautatuta, arautegia onartu, eta 1919ko urrian sortu zuten juridikoki Euskaltzaindia. Egitasmo nagusi batzuk proposatu zituzten, hala nola, hiztegi orokorra, hizkuntzaren atlasa, literatura lehiaketak eta “Euskera” agerkaria, zeina 1920an hasi zen argitaratzen, eta gaur ere, akademiako aldizkari ofiziala den.
Resurrección María Azkue da akademiako lehen hamarkadetako protagonista. Euskal prentsa indartu, literatura berritu eta lehen ikastolak sortu ziren urte haietan, gipuzkera osatuaren alde egin zuen Azkuek.
1936ko gerrak etena ekarri zuen. Ordura arteko Euskaltzaindiaren lanak bertan behera geratu ziren eta euskaltzain asko erbesteratu ziren. Ondorengo urteetan oso apal jarraitu zuen Azkueren inguruko talde txiki batek, Bilboko Erribera kaleko egoitzan.
Urte ilun haien amaiera 1956 da. Arantzazun lehen biltzar irekia egin zuen Euskaltzaindiak eta “Jakin” aldizkaria sortu zuten. Zenbait ekitaldi baimendu ziren, ikastolak indartu ziren, eta Euskaltzaindia bizimodu berrira egokitu zen, baserri mundutik hirira jauzi eginez.
Villasante, Aresti, Krutwig eta beste hainbat euskaltzale gaztek, euskara batuaren beharra aldarrikatzen zuten. Azkenean, Gabriel Aresti bilbotar poetak eskatuta, kongresua deitu zuten 1968an Arantzazun. Hainbat eztabaida izan ziren, baina azkenean lortu zuten euskara batuaren oinarriak jartzea. Koldo Mitxelena arduratu zen Arantzazuko txosten eta proposamena prestatzeaz. Europako hizkuntzalari garrantzitsuenetakoa zen Mitxelena.
Franco hil eta laster erabateko aitorpena lortu zuen Euskaltzaindiak Espainiako agintarien aldetik. Luis Villasante zen euskaltzainburu eta Euskaltzaindia euskararen errege akademia da ordutik. Euskara batua finkatu eta akademiaren egiturak zehaztu ziren. Euskaltzainditik sorturiko lantalde batzuek, euskalduntzeko koordinakundeak adibidez, beren bidea jarraitu zuten, Korrika bezalako ekimen jendetsuak antolatuz.
1988an Jean Haritschelharri eman zion euskaltzainburu lekukoa Villasantek. Erakunde guztiekin bultzatutako harremanen ondorioz, 1991n Bilboko Erribera kaleko egoitza utzi, eta Bizkaiko Aldundiak Plaza Berrian erositakora aldatu zen akademia. Hurrengo urtean zabaldu zen Azkue biblioteka. 1992an bertan, Miren Azkarate lehen emakume euskaltzaina bihurtu zen. Haritschelharrek, ipar Euskal Herrian ere aitorpena izan zezan, lan handia egin zuen eta 1994an Frantziak onura publikoko erakunde gisa aitortu zuen Euskaltzaindia.
Andres Urrutia da gaur egungo euskaltzainburua. Oraingo zuzendaritzak proposatuta, estatutuak berritu zituen 2005ean euskararen akademiak eta hala, euskaltzain kopurua 30eraino igo da.
2005eko estatutu-aldaketak, euskaltzain osoen kopurua igotzea ahalbidetu zuen. Hala, gaur, euskararen akademiak 30 euskaltzain oso, 20 ohorezko eta 140 euskaltzain urgazle ditu. Euskalkien eta Euskal Herriko herrialdeen arteko orekari eutsi dio Euskaltzaindiak beti, euskaltzain berriak izendatzerakoan, berrikiago esparru guztietako adituak erakartzen saiatu da akademia. Hala, ohiko batzordeekin batera, teknologiari buruzkoa ere badauka gaur.
Iker eta Jagon sailak ditu Euskaltzaindiak bere sorreratik hizkuntzaren ikerketarekin batera, haren zaintza eta bultzatzea ere, bere zereginen artean baitauka akademiak. Luis Villasanteren agintaldian, akademiaren egitura aldatu eta lana batzordeetara bideratu zuten. Laurogeiko hamarkadan finkatu ziren batzordeok Iker sailean, gramatika, dialektologia, onomastika, literatura eta lexikografia edo hiztegigintza batzordeak bereizi dira, hainbat egitasmo garrantzitsu egiteko, hala nola, atlasa, orotariko euskal hiztegia, euskal gramatika, … Jagon sailak berriz, corpusa, euskalkiak, sustapena eta euskararen historia soziala bereizten ditu.
Euskaltzaindia sarean ere presente dago, “www.euskaltzaindia.net” helbidean. Han akademiaren historiaz eta egungo egitasmoen berri izango dugu. Batzordeetako lanez eta euskaltzainez gehiago jakiteko informazioa ere badago, baita hainbat dokumentu, argitalpen eta erabaki ere. Besteak beste, “Euskera” agerkariaren ale guztiak daude sarean irakurgarri eta “Jagonet” kontsulta- eta aholku-zerbitzua ere badaukagu, euskararen erabilera zuzen eta egokia eragiteko.

C1
2017-08-23
16175214
06:29
2783