Dokuteka
Astoak arriskuan daude Afrikan
Maiatzaren 8a Astoaren Munduko eguna da. Hori aitzalkia hartuta, dokuteka hau ekarri dugu gure atarira. Izan ere, Afrikatik Txinara egiten diren asto esportazioek arriskuan jarri dute afrikarrentzat hain beharrezkoa den abere hau.
Txinako medikuntzako ohitura zaharretan zenbait animaliaren erabilera oso hedatua dago. Astoa da horietako bat.
Esataria. Nazioartean, Afrikan, animalia asko dago galzorian, baina orain dela gutxi arte inork ez zuen pentsatuko astoak zeudenik egoera horretan. Txinatik iristen den eskariaren ondorioz Afrikako herrialde askotan astoak gero eta gutxiago dira, eta hori benetako arazo bihurtzen ari da. Juanjo San Miguel.
Juanjo San Miguel. Txinako medikuntzako ohitura zaharretan animalien erabilera oso hedatua dago. Tigrearen hezur eta hortzak erabiltzen dituzte, elefanteen letaginak, errinozeroaren adarra… Ohitura horien ondorioz animalia hauek, batez ere tigrea, galzorian dira.
Afrikan Txinara egiten dituzten animalien esportazioek arriskuan jarri dituzte errinozero eta elefantea leku askotan, baina orain arriskuan egon litekeena astoa da. Txinatarrek astoaren larrua erabiltzen dute, egosi egiten dute eta ondoren hauts bihurtu edota tabletatan banatu. Larru honek dohain bereziak omen ditu: bizitza luzatzen du, azala garbitu eta hobetu eta sexu-harremanetarako indar berezia ematen omen du. Guzti hau egia ala gezurra izan, urtero milaka eta milaka asto eramaten dituzte Afrikatik Txinara, astoa baino asto-larrua. Sarri hil eta larrua kendu eta gero beste guztia usteltzen uzten dutelako. Komertzioaren ondorioz, leku askotan astoak lapurtu edo merke erosten dituzte, eta Afrikan astoa ezinbestekoa da herrialde askotan, egurra eta ura garraiatzeko edo nekazal arloko lanetarako. Orain, berriz, Txinatik dagoen eskari honen ondorioz, leku batzuetan, Nigerren eta Burkina Fason, debekatu egin dute asto-esportazioa. Beste batzuetan, Hegoafrikan, haztegiak egin dituzte bertako astoak erabat desager ez daitezen.
