Dokuteka
Irakurketaren magia
Irakurtzea magikoa omen da; edo, akaso zuzenago, irakurtzea magia omen da. Linazasororen arabera, beste gauza asko izango ditu liburu batek, literaturak, edozein irakurketa-motak, baina ez magiarik.
KARLOS LINAZASORO
Irakurtzea majikoa omen da; edo, akaso zuzenago, irakurtzea magia omen da; edo, bestela, magia gordetzen omen du irakurtzeak. Ez dakit zuzen esaldia nola den, baina horrelako zerbait dena badakit.
Beti bat eta bera da, ja esamolde bihurtu den marketin-lelo goxo bat, hain nazkagarria. Irakurzaletasuna bultzatzeko (amildegian behera) erabiltzen da, sarri, dotore, kuatrikromian, afixa, hormirudi, esku-programa, esku-liburu eta abar luzean. Denek erabiltzen dute: Gobierno, Aldundi, Kultur-etxe, Ateneo, Ongintzazko Tonbola, Zahar-egoitza eta abar luzeak.
Eta nik diot, nire baitan: zer magia ezkutatzen du, ba, irakurtzeak? Non dago liburu baten magia? Nik, zer diren gauzak, uste dut liburu batek edo, oro har, irakurketak berak, ez duela batere magiarik. Beste gauza asko izango ditu liburu batek, literaturak, edozein irakurketa-motak, baina ez magiarik. Nahi dutena esatea daukate psikologo, pedagogo eta maisu-maistra guztiek.
Zer da, baina, magia? Zientzia bat eta arte bat, naturaz gaindikoa. Eta zer du, ba, naturaz gaindikotik ipuin, nobela, olerki batek? Nik dakidala, deus ez. Apika, magia eta irudimena nahasten dituzte, elkarren artean zerikusi gutti duten bi kontzeptu. Irudimena erro-erroan txertatua du gizakiak, gizaki orok, baina lozorroan izaten du sarri, eta sen ttiki hori esnarazteko balio dezake, bai, literaturak, eta begirada ernetzeko eta pozteko (edo goibeltzeko) ere bai. Zer zerikusi du horrek magiarekin? Deusik ez.
Magia Disney-etxeko asmakizun mengel bat da, jaunok, mundu liluragarri faltsu bat erakutsi eta, batik bat, saltzeko.
