Dokuteka
Mata-Hariren benetako historia
Mata-Hari esan eta berehalako batean datorkigu espioiaren irudia. Baina, oso bizitza korapilotsua izan zuen emakume berezi honek.
Leeuwarden, Herbehereak, jaio zen, 1876ko abuztuaren 7an eta 1917ko otsailaren 13an Parisko hotel batean atxilotu zuten Mata Hari. Urriaren 15ean, goizeko 6:15ean fusilatu zuten Parisen, Vincennes gazteluaren murruaren kontra.
Mito bihurtu zen emakume ausart eta bitxi honek ez zuen begiak estaltzerik nahi izan eta soldadu borreroei begiak kendu gabe kexatu omen zen: 'Zergatik hiltzen nauzue eguna argitu baino lehen, zergatik ez bazkari eder baten ondoren?
Geroztik kondaira eta sinbolo bihurtu zen Mata-Hari ospetsua. Horrela amaitu zen hainbeste eskandalu eragin zuen emakume ederra: dantzaria, xarmagarria, amodioarekin batera heriotza sortzen zuena.
'Berrogeita hamar soldadu hil dizkigute emakume horren erruz' adierazi zuen fiskalak epaitegian.
Urte asko joan dira Mata-Hari fusilatu zutenetik. Haren adiskide-elkarte batek eta jaioterriak berak epaiketa berriro azter dadila eskatu dute, aipatutako Léon Schirmann-ek urte askoan artxiboak miatuz aurkitu dituen datu berriak ikusita. 'Epaiketa hura ez zen errore hutsa izan, azpikeria judiziala baizik' dio erretiroa hartu ondoren gaiari zaletasunez heldu zion Schirmann idazleak.
Bigarren Mundu-Gerra amaitu ondoren, Epaitegi Goreneko Fiskala izan zen Mornet jaunak zera adierazi zuen '1917ko epaiketan heriotza-zigorra emateko azaldu ziren arrazoiak ez ziren funtsezkoak eta behar adinakoak izan. Baina garai hartan errudunak behar ziren, traidoreak eta espioiak, Frantziako espiritu nazionala sendotzeko.
Zerbitzu sekretuek asmatutako froga bati esker zigortu zuten Mata-Hari'. Alemanen alde espioitzan ari zen garaian haiek saldukeria egin bazioten, zergatik fusilatu behar zuten frantsesek beren alde ari zenean? Aipa ditzagun arrazoi batzuk:
1) Mundu guztiak bazekien Mata-Hari espioia zela, beraz 'erreta' zegoen ezbairik gabe edozein informazio ezkutu lortzeko.
2) Aurkitu zituzten espioitza-datuak lehendik ezagunak ziren eta ez ziren batere zehatzak ( itsaspeko aleman bat Marokoko kostan armak uztekotan zela esateak ez du ezertarako balio, eguna eta lekua zehazten ez badira.
3) Frantziako eta bere armadaren egoera txarrak errudun bat bilatzea eskatzen zuen.
'1917ko apirilaren 16an alemanak garaile atera ziren frantsesek egin zieten eraso gogorrean, egun bakar batean 33.000 frantses hil ziren eta 90.000 zaurituta geratu' dio Schirmann-ek. Izugarrizko porrota izan zen, beraz, frantsesentzat.
Egia da alemanek ezagutzen zituztela Nivelle jeneral frantsesaren planak, aurreko egunetan hil zuten goi-mailako militar frantses baten poltsikoan aurkitu zituztelako. Baina epaileen esanetan Mata-Hari espioia zen triskantza ikaragarri haren erruduna.
Mata-Hari holandarra Parisera lehen aldiz 1907. urtean iritsi zen, ezkontzan zorionik aurkitu ez, eta bizi berri baten bila. Berehala konturatu zen Parisko giro hartan egiak eta apaltasunak ez zutela ezertarako balio. Pintoreentzako modelo-lanetan aritu zen eta prostituzio merkean ere bai.
Bizimodu horrekin konforme ez, eta La Hayara itzuli zen bere bizitzari buruz gogoeta egitera. Eta berriro Parisa joatea erabaki zuen, baina beste era eta maila batean bizitzeko asmoarekin. Lehen ostatu merkeetan ibilia zen, baina oraingoan Grand Hotel dotorean jarri zen bizitzen eta goi-mailako jostunak ezagutzen.
Ez zuen sosik ere, baina aberats plantak egiten zituen, denak harritzeko moduan. 1905eko martxoaren 13an, Emile Guimet ekialdeko arte-bildumagile famatuak, jaialdi handi batera gonbidatu zituen bere lagunak -enbaxadoreak, aristokratak, aberatsak- Trocadero ondoan zeukan bere palaziora. Eta hara non azaldu zen guztien aurrean 25 urteko emakume lirain bat, gaza finak soinean.
Berehala hasi zen erritmo exotikoak dantzatzen zituen bitartean arropa eranzten, erabat biluzik geratu arte, baina bularrak eskuez estalirik. Ez zen inoiz ere gertatu emakume batek bere sexua jendearen aurrean erakustea. Txalo beroak jo zizkioten, eta emakume gazteak Sumatrako brahmanek erakutsi ziotela horrela dantzatzen esanez eskertu zien, tigre batek titipunta batean kosk egin ziolako ez zituela bularrak erakusten.
Baina egia bestelakoa zen, bularrak ez omen zituen hain oparoak eta ederrak. Olimpia antzokiak eta Folies-Bergèresek dirutza eskaini zioten hango izar handi izan zedin. Baina haren fama mundu osoan berehala zabaldua baitzen, nahiago izan zuen hiriburu ospetsuenak bisitatu: Berlin, Madril, Kairo, Viena, Bartzelona... Ez omen zen hain dantzari ona eta pixkanaka-pixkanaka izar haren argitasuna itzaltzen joan zen.
Berlinen zegoela, gerra-giro latzean ez zen egokia gazte alemanak hiltzen ziren bitartean luxuzko ikuskizunetan emakume hori azaltzea, eta Berlingo Metropol Antzokiak hitzarmena bertan behera utzi zuen. Ondo ordaintzen zizkioten bere faboreak, baina gehiago gastatzen zuen irabazten zuena baino. Eta dirurik gabe geratu zen.
Orduan Frantziaren aldeko espioitzan aritzeko proposamen bat onartu zuen. Ledoux kapitain eta kontraespionajearen buruzagiak milioi bat libera eskaini zion alemanengandik informazio sekretuak lortzeagatik. Mata-Hari-k sosik ere ez baitzuen, asmoa zen diru hori hartu eta bere amorantearekin erretiratzea. Benetan txora-txora eginda zegoen Vadim Massloff teniente errusiarrarekin. Hau ez, ordea, Mata-Hari-rekin, honek egiten zizkion opariengatik oheratzen zen eta.
Orduan Vadim Massloff-ek 22 urte zituen, Mata-Harik 40. Kartzelatik desespero mingarriz egin zizkion eskutitz samurrek ez zuten erantzunik izan. Kartzelariek ez zituzten gutunak jarritako helbidera bidaltzen, ezta bere alabari eta bere abokatu Clunet-i idatzi zizkienak ere.
Mata-Harik abandonatuta ikusi zuen bere burua eta lur jota geratu zen. Datu horiek guztiek epaiketaren dossierrean egon behar zuten, baina ezkutatu egin zituzten, orobat berak idatzitako Memoriak ere. 'Errugabea baldin bada ere, fusilatu beharra dago' esan zuen Bouchardon ofizialak, epaitegiko Buruak. Eta horrela egin zuten, baina mitoak hor jarraitzen du.
