detalle dokuteka-generico-fitxa

Piercing eta tatuajeak

Piercing eta tatuajeak modan daude. Profesionalak informazio interesgarria ematen du elkarrizketan: neguan jendea ez da akordatzen, egun oso-oso modan daude, txinatar hizkiak dira berrikuntza nagusia, gero eta gehiagok sexu organoetan...

Jende gehienarentzat moda baino ez dira tatuaje eta piercing-ak, Jose Miguel Ferreirarentzat, aldiz, poesia dira kasik. Hitzik gabeko hizkuntza direla dio. Gure izaerari buruzko datuak ematen dituzten hizkuntza isil eta ederrak. Artea soinean, mugimenduan.

 

Uda piercing eta tatuaje garaia al da?

Bai, dudarik gabe! Guk askoz ere lan gehiago izaten dugu udaberritik aurrera. Garai honetan, arropa kentzen hasten da jendea, eta sasoi ona da piercing eta tatuajeak erakusteko. Neguan jendea ez da gurekin akordatzen.

 

Eta garai ona al da uda tatuaje eta piercing-ak egiteko?

Egin daitezke, baina egia da hobe dela neguan egitea, tatuajeak batez ere; tatuajeak egin berri daudenean ezin baita eguzkirik hartu. Baina neguan ez ditugu ikusten besteon tatuaje eta piercing-ak; orduan, ez zaigu egiteko grina pizten. Udan, aldiz, hondartzan eta, tatuajeak eta piercing-ak ikusten hasten gara... eta erraz animatzen da jendea.

 

Orain 7-8 urte izan zen tatuaje eta batez ere piercing-en goraldia. Modan al daude oraindik?

Bai, bai. Erritmoa ez da jaitsi. Alderantziz, esango nuke urteak pasatu ahala lan gehiago egiten dugula. Oso-oso modan daude tatuajeak eta piercing-ak oraindik ere.

 

Eta, aurten, zein dira modako tatuaje eta piercing-ak?

Hemen, Euskal Herrian, gauza nahiko klasikoak eskatzen ditu jendeak. Berrikuntza handirik ez dago diseinu kontuetan. Neskek piercing-ak sudurrean eta zilborrean eskatzen dituzte batik bat. Mutilek, aldiz, mihian eta bekainetan. Tatuajeei dagokienez neskek marrazki txikiak eskatzen dituzte: ilargiak, izarrak, eguzkiak, tribalak... bizkarrean, bular aldean, sabelean... jarri ohi dituzte neskek. Mutilek, aldiz, tribalak jartzen dituzte besoetan, eta txinatar hizkiak lepoan. Txinatar hizkien gorakada da, agian, aurtengo berrikuntza nagusia.

 

Beraz, euskaldunak nahiko tradizionalak gara kontu hauetan ere...

Bai. Baina, dena den, aipatzekoa da azkenaldian igo egin dela sexu organoetan piercing-ak egiten dituen jende kopurua. Lehen, hilean bat-edo egiten genuen. Orain, aldiz, 4 edo 5 bai. Esaten digute gozamen handia ematen dutela piercing hauek sexu harremanak edukitzean. Lagun batzuk besteei esaten diete... eta kuadrilla osoak animatzen dira. Egia esan... ez da arrazoi makala piercing-a egiteko!!!

 

Teknika aldetik, ba al da berrikuntzarik?

Piercing-ak egiteko titanioa eta altzairua erabili izan dira orain arte. Orain, berriz, teflon kirurgikoa erabiltzen dugu, batik bat. Oso material ona da, ez du inolako arazorik ematen. Zirujauek bihotzeko balbulak egiteko erabiltzen duten material bera da.

Tatuajeei dagokienez, orain erabiltzen diren pigmentuak askoz ere hobeak dira.

 

Zein dira zuen bezero ohikoenak?

Batez ere, 16-35 urte bitarteko jendea etortzen zaigu. Dena den, etortzen zaizkigu pertsona nagusiagoak ere. Adingabekoek gurasoekin etorri behar dute beti, gurasoen baimena behar dute.

 

Jendea pozik joan ohi da euren tatuaje eta piercing-ekin? Ala etortzen zaizue damutu den jendea?

Jendea pozik egon ohi da. Dena den, piercing-en kasuan, ez dago arazorik: nekatuz gero, piercing-a kendu eta zuloa itxi egiten da. Ez da arrastorik geratzen. Tatuajeen kasuan, arazoa larriagoa da. Laserrak baino ez ditu ezabatzen tatuajeak, eta ospitalera joan beharra dago. Metodo garestia da, eta min egin dezake.

Jende gehienarentzat moda baino ez dira tatuaje eta piercing-ak, Jose Miguel Ferreirarentzat, aldiz, poesia dira kasik. Hitzik gabeko hizkuntza direla dio. Gure izaerari buruzko datuak ematen dituzten hizkuntza isil eta ederrak. Artea soinean, mugimenduan.

 

Denentzat ez da komenigarria

 

Askok uste dute edozeinek egin ditzakeela piercing edo tatuajeak. Baina ez da horrela. Arriskuak handiak izan daitezke, hainbat gauza kontuan hartzen ez badira. Beraz, aurtengo udan tatuaje edo piercing-en bat egiteko asmoa baduzue, adi Tatoo Arteko profesionalek eman dizkiguten aholku hauei:

 

  • Erreakzio alergikoak izan ohi dituztenek hobe saltsa hauetan ez sartzea, edo, behinik behin,  tatuajea egin behar dienari aipatzea.
  • Diabetiko eta epileptikoentzat ere oso arriskutsua da.
  • Koagulazioaren aurka medikazioa hartzen dutenek ere ezin dute horrelakorik egin. Senide hemofiliadunen bat dutenek ere kontuz ibili beharra dute.

 

Dena den, "tatuaje-egile profesional batengana joanez gero, kontu horiek guztiak berak argituko dizkio bezeroari", argitu du Jose Miguelek. Tatuaje-egile profesionalek erabili eta botatzeko materiala erabiltzen dute beti, eta tresnak garbitzeko eta esterilizatzeko gailu bereziak izaten dituzte, ultrasoinu bidezkoak. Gailu horiek kontrol zorrotzak pasatzen dituzte hiru hilabetetik behin.

x61pRelaContWAR

Interesatzen zaizu



detalle2

Dokuteka

B2
2005-04-10

x61pRelaContWAR

16158765

x61pViewCountWAR

10230

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR