detalle dokuteka-generico-fitxa

Laura Mintegi

Laura Mintegi idazlea nafarra da izatez, txikitan bizkaitartua. 1972an hasi zen euskara ikasten Bilbon, 17 urterekin, Plaza Berrian, fraide batzuen lokaletan. Lehen irakaslea Sabin Egileor izan zuen, eta bere kemena ez ei du inoiz ahaztuko.

1. Zein da , zure ustez, euskara ikasteko modu hobea: bakarka ala taldean, ala biak batera?

Bakarkako lana beti egin beharko da une batean edo bestean, baina hizkuntza komunikazioa da, funtzio soziala du bereziki eta jendartean bereganatzen da hoberen, pertsonen arteko harremanen arloa baitu eremu naturala.

 

2. Zein da irakasle batengan gehien estimatzen duzuna?

Motibazioa, ilusioa, jarrera positiboa, ikaslearekiko konplizitatea, jakin-mina, malgutasuna, hurbiltasuna.

3. Zein zen gehien gustatzen zitzaizun ariketa-mota, zergatik?

Ariketa analitikoak (hutsuneak betetzekoak, batez ere) gustatzen zitzaizkidan, erantzuna zuzena edo okerra zen baieztatzea erraza zelako. Itzulpena gogorrena zen, inoiz ez nengoelako seguru beraren zuzentasunaz.

 

4. Gustuko al zenituen ikasgelatik kanpoko ekintzak, euskaltegiko kanpo-ekintzak? Zein, zergatik?

Alde Zaharreko taberna guztiek zuten gure berri eskolak amaitu ostean. Euskaldunen modura egiten genuen, ondo jan eta ondo edan, eta horrek adiskidetasun-harremanak estutzen zituen eta mihia askatzen.

5. Zerk edo nork lagundu dizu gehien euskara ikasten?

Sabin Egileor oso garrantzitsua izan zen. Baina, gauza guztien gainetik norberaren motibazioa dago. Nire gurasoek euskara galdua zuten eta nik erabaki nuen katea ez zela etengo eta gure seme-alabek jakingo zutela. Pentsamendu hark eman zidan indarra une latzetan.

6. Zer ikasten da beste ikasleengandik?

Ikasten da nolako irudi traketsa duen norberak besteen aurrean. Umiltasuna ikasten da, eta ontzi berean daudenekiko konplizitatea.

 

7. Laguntzen al dizute teknologi berriek, --telebista, bideo, Internet...- euskara ikasten?

Guk ikasi genuen garaian ez zegoen ezta euskarazko irratirik ere. Euskaraz ikusi nuen errotulu bakarra 'Zorionak' izan zen, Bilboko Areatzan gabonetan jarri zutena, eta zer esan nahi zuen galdetu behar izan nuen. Gure metodoa primitiboa zen. Dena den, ezein teknologi berri baino askoz ere eraginkorragoa da gogoa. Ez dut uste erraztasun teknikoak oso eraginkorrak direnik hizkuntza bereganatzeko gogorik ez baldin badago.

 

8. Gramatikazko arauak zer dira zuretzat, lagungarriak, aspergarriak? Gehiegi dira agian?

Ikasle (eta areago irakasle) direnentzat gramatikak euskarria eskaintzen du, arrazionalizatzen laguntzen du. Eta ez zait kaltegarria iruditzen, behin ulertuz gero hizkuntzaren erabilpenari ematen bazaio lehentasuna. Irakaskuntza gramatikan oinarrituz gero, zaila izango da hiztunak egitea, baina ez dut uste gramatika guztiz baztertu behar denik.

9. Zer da ikasten errazena gertatu zaizuna, zergatik?

Errazena ez da ezer izan. Dena kostatu izan zait asko. Hitz bakoitza gogoratzea, aditz bakoitza ondo kokatzea sufrikarioa izan da niretzat. Ez nuen inolako erraztasunik. Eta oraindik ere ez daukat hizkuntzak ikasteko erraztasunik. Borondateak salbatu nau.

10. Zertarako ikasi nahi zenuen euskara?

Neure buruarekin ondo sentitzeko, ikasi nuen garaian politika egiteko modu bat zelako, ondorengoei transmititzeko.

11. Une honetan non erabiltzen duzu euskara?

Nire bizitza-hizkuntza da, komunikatzeko, lanerako eta familiarteko hizkuntza da. Euskaldun batek Bilbo Handian erabil dezakeen guztia erabiltzen dut nik, mugak muga eta oztopoak oztopo.

detalle2

Dokuteka

B1
2005-04-19

x61pRelaContWAR

16158529

x61pViewCountWAR

4553

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR