Dokuteka
Nazka
Berriki adingabeei egindako sexu-gehiegikeriei lotuta, gure inguruan izan ditugun kasuek eragin dioten higuinaz aritu da Eli Larrinaga iritzi-emailea.
Bere hausnarrean, honako hauek aipatu ditu: eskaut-taldeetako hainbat gaztetxorekin apaiz batek izandako portaera sexual desegokia, Basauriko futbol-entrenatzailearena, Gazteluetako ikastetxean gertaturikoa eta Gasteizko campusean gazte bati emandako jipoia.
ELI LARRINAGA KAZETARIA. Nazka, hiztegiaren arabera, higuina, bereziki goragalea eragiten duena da nazka. Zerbaiten usainak, ikusmenak edo gustuak sortu dezake, baina egunotan konturatu naiz definizioa labur geratzen zaidala, botaka egiteko gogo galanta izan dudalako zenbait gertaeraren nondik norakoak jaso ondoren.
Berrienetik hasteko, Bilboko Eliz Barrutiak zeregin guztiak kendu eta fiskaltzaren esku utzi du eskaut-taldeetako gaztetxoekin lanean ibilitako abade bat portaera sexual desegokia izan duelako. Albistea entzun eta berehala etorri zait akordura beste bat: Basauriko Baskoniako futbol-eskolako entrenatzailearena; hori ere seinalatu eta salatu dute adin txikikoen aurkako sexu-abusuen egile moduan. Abadea eta entrenatzailea, esku batekin Bibliari jarraituz zeruetako erreinua umeena dela, edo baloia hartuta eskola-kirolaren balioak predikatzen zituzten bitartean, bestearekin hautatutako biktima infernurik ankerrenera kondenatzen zuten. Jakitun naiz eskainitako irudia pornografikoa dela, bai, baina nahiko nuke asmatutako fikzio hutsa balitz. Adierazitakoari ‘ustez’ edo ‘omen’ gehitu behar zaio, ikerketaren emaitza izan arte, biei errugabetasun-presuntzioa zor zaielako.
Ikerketaren eta epailearen gainetik dagoela erakutsi duen Gazteluetako ikastetxeko zuzendariak hedabideen aurrean egindako agerraldiak ere botagura eragin dit. Ikasle izandako mutiko bati sexu-abusuak egin izana leporatuta, 11 urteko kartzela-zigorra ezarri dioten irakasleari aurpegia atera eta behin eta berriro gezurtitzat jarri du, perituen testigantzen arabera, egia dioen biktima. Zuzendariari bakarrik falta zitzaion «Es palabra de Dios» esan eta parean eserita zeukan Gazteluetako presidenteak «Te alabamos, Señor» erantzutea. Ikastetxeak diru publikoa, guztiona, jasotzen du. Nire poltsikotik, mesedez, xentimo bakar bat ere ez, horrelako pertsona batek hezkuntza-komunitate baten kudeaketa-ardura izan dezan.
Eta zerrenda osatzeko, beraien moduan pentsatzen ez dutenak jipoitu eta ospitalera bidaltzen dituzten Euskal Herriko Unibertsitatean dabiltzan artaburu faxistak geratzen zaizkit. Lehen sutan jartzen ninduten, orain nazka ematen didate, eta beste horrenbeste horiek egindako astakerien kontura botoak eskuratu nahian ari diren politikariak.
Goragaleari eusteko erremedio ugari daude; errazena begiak, belarriak, sudurra, eta ahoa estaltzea litzateke. Baina askoz eraginkorragoa dugu beste bat: zentzumen guztiak erne jarrita, nazka eragiten duten nazkagarrien salaketa ozenena. Eta behin betiko erremedioaren eskean, agian Olentzerori idatziko diot.
