2,5 milioi euro Einsteinen gutun baten truke

Albert Einsteinek idatzitako gutun bategatik 2,5 milioi euro (2,9 milioi dolar) pasatxo ordaindu dituzte enkantean. Jainkoaren existentzia eta erlijio judua zalantzan jartzen ditu zientzialari alemaniarrak gutun horretan.

Einsteinek erlijioaren inguruan egindako adierazpenik irmoena da adituen ustez. Hil baino urtebete lehenago idatzi zuen.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

IÑIGO ALUSTIZA.- 2,9 milioi dolar, 2,9 milioi dolar, hori da Albert Einsteinek hil baino urtebete lehenago idatzi zuen gutun baten truke ordaindu duten prezioa. Gutunean Jainkoaren existentzia eta erlijio judua zalantzan jartzen ditu jenio alemaniarrak. Askotan erakutsi izan zuen erlijioarekiko zuen eszeptizismoa, baina hau da guztietan adierazpenik irmoena adituen arabera. Christie's enkante-etxeak saldu du gutuna, hasieran ezarritako prezioaren hirukoitza gaindituz, Nerea Sarriegi.
(Ingelesezko hitzak)
NEREA SARRIEGI.- Hortxe momentua, 2.882.500 dolarrengatik edo 2.549.900 eurorengatik saldu du Christie's enkante-etxeak Albert Einsteinek erlijioaren inguruan egindako adierazpenik sakonena. 1954ko urtarrilaren 3an idatzi zuen gutuna, 75 urte zituela, hil baino urtebete lehenago. Eric Gutkind pentsalari juduaren Choose Life: The Biblical Call to Revolt liburuari erantzuteko idatzi zuen Peter Klarnet Christie's-eko liburu-adituaren esanetan bereziki interesgarria den esku-izkribua.


(Peter Klarnet-en hitzak bikoiztuta) “Bereziki interesgarria da eskutitz hau, Albert Einsteinen momentu pribatua da, eskutitz pribatua. Eta hortaz, ikusten duzu publikoki egiten zituen adierazpenak ez zirela kanpora begira eskaini nahi zuen irudia, benetan sinesten zituela. Ez da erlijioaren inguruan egin dituen adierazpen bakarrak, baina esango nuke guztietan egin dituen irmoenak direla”.


NEREA SARRIEGI. Eskutitza Gutkind-en esku egon zen 1965ean hil zen arte, eta orduan 400.000 dolarren truke saldu zuten bere oinordekoek. Jainkoaren existentziaren inguruan oso kritikoa azaltzen da Einstein. Orri eta erdiko idatzian Christie's-eko Peter Klarnet-ek berak irakurrita.


(Peter Klarnet gutunaren zati bat irakurtzen, bikoiztuta) “Jainkoa hitza gizakiaren ahultasunaren adierazpide da niretzat. Biblia, beneragarriak baina primitiboak diren legenden bilduma. Ez dago niretzako beste interpretaziorik, ez nire interpretazioa aldatuko duenik”.


NEREA SARRIEGI. Sinestuna ez zen familia batean hazi zen Einstein eta interes handia piztu izan zuen beregan identitate juduaren auziak ez, baina erlijio juduak.


(Peter Klarnet gutunaren zati bat irakurtzen, bikoiztuta) “Niretzako erlijio judua beste guztiak bezalakoa da. Gainerako herriek duten duintasun-maila berdina du. Patroi intelektualek bereizten gaituzte batzuk besteengandik. Beraz, uste dut ondo ulertu daitezkeela gai konkretuez aritzen bagara”.


NEREA SARRIEGI. Ez zen ba Einstein gizon fededuna! Baina gutxi izan dira historian unibertsoaren sorrera ulertzetik bera izan dena bezain gertu.
 

C1
2018-12-12
16148055
00:02:49
817