Homeopatia, eztabaida bizia sortzen duen gaia

Medikuz osatutako elkarte baten iritziz, homeopatia moduko sasizientziek heriotzak eragiten dituzte, gaixoak engainatzen eta kalteak eragiten dizkiote bai osasunari, baita gaixoen ekonomiari ere.

Sasizientzia edo pseudozientzia moduan ezagutzen diren terapien artean, besteak beste, alkimia, astrologia, Feng shui-a eta homeopatia daude. Aldeko eta kontrako jarrerak bildu ditugu Euskadi Irratiko erreportaje honetan.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

ESATARIA 1. Osasun-munduan sekulako eztabaidak eragiten dituen gaia da homeopatia. Aldekoak nahiz kontrakoak eragiten ditu, oso sutsuak gainera. Berriki, homeopatiaren kontra dauden medikuen postura atera da berriz ere plazara. Mediku-talde batek gutuna bidali zion Espainiako Osasun ministroari, sasizientzien kontrola exijitzen zion gutun bat igorri zion. Gutuna, zientzia eta medikuntza alorreko 400 profesionalek sinaturiko gutun irekia da.
Elkarte honen hitzetan sasizientziek, edo zientzia faltsu edo gezurrezkoek, heriotzak eragiten dituzte, gaixoak engainatzen dituzte eta kalteak eragiten dizkiote bai osasunari baita gaixoen ekonomiari ere. Argitu sasizientziak edo pseudozientzia moduan ezagutzen diren terapiak, besteak beste, direla: alkimia, astrologia, Feng Shuia eta lehen aipatu dugun homeopatia.
Esther Murelaga gure lankideak homeopatiari buruzko iritziak bildu ditu segidan entzungo dugun erreportajean.
ESATARIA 2.   Amaia Urrutia mediku pneumologoarekin hitz egin dugu.
AMAIA URRUTIA.  Aber, homeopatia baliatzen da hori, plazebo-efektua, alde batetik, eta gero beste aldetik ere, denbora-efektua, edo denbora-faktorea. Badago sintoma asko ba denborarekin –sintoma inespezifikoak edo, edo gaixotasun oso arinak, ez?, katarroak bezalakoak– ba denborarekin berez sendatu egiten direla. Beraz, ba hori, tratamendu edo pilula hauek askotan hori erabiltzen dute, ez?, ba denbora-faktorea eta plazebo-efektua ba efektiboak direla esateko, ez?; baina berez ez dago ikerketa zientifikorik horren atzetik ba ikusteko ba benetan efektiboak direla, ez?
ESATARIA 2. Kontrara Iñigo Altuna mediku homeopata dago. Homeopatia zer den galdetu diogu.
IÑIGO ALTUNA.  Sendatzeko sistema bat, pertsona konprenitzeko sistema bat, eta oso kontuan hartzen duena, badakizu, guk ikasi genuen medikuntzan aspektu emozionala ez da oso kontuan hartzen eta homeopatian bai. Hau da sistema bat sendatzeko, prebenitzeko eta batez ere –nola esaten dute batzuek?–, medikuntza suabe bat, efektu sekundariorik gabekoa. Eta hori oso onuragarria da pertsonentzako.
ESATARIA 2. Aste honetan bereziki, baina aspaldi honetan Espainian homeopatia eta medikuntza konbentzionalaren arteko liskarraren atzean, bere iritziz, zer dagoen azaldu du.
IÑIGO ALTUNA. Ekonomia aldetik dago xextra. Hor daude atzean multinazionalak: Roche, Bayer… Horiek denak. Eta klaro, horiek ezin dute onartu pertsonak beste ikuspegi bat edo beste irizpide bat edukitzea.
ESATARIA 2. Homeopatek beste paradigma batekin jokatzen dutela dio Altunak, beraiek pertsona bere osotasunean aztertzen dutela azaldu du, pertsona horren egoera osoa hartzen dutela kontuan zerbait errezetatu aurretik. Eta medikuntza konbentzionalak, bestalde, sintomekin jokatzen duela, gaixotasuna nondik etor dakiokeen aztertu gabe, eta horrela heltzen dela jendea homeopatarengana, medikuntza konbentzionalean kateatuta geratu ostean.
IÑIGO ALTUNA. Eta nik beti esaten dut guregana % 80 ez dira etortzen homeopatiaren oinarriak irakurrita konbentzitu direlako, anbulategian soluzionatu ezin diena guk soluzionatzen diegulako gehienetan.

B2
2018-10-16
16146802
00:03:40
2521