Txinan ere ezkontzak gutxitzen

Txinako gizarteak azken urteotan aurrerapauso azkarrak eta handiak izan ditu, batez ere ekonomiaren hazkundearen ondorioz. Baina aurrerapenak arazoak ere ekarri ditu; orain jende gutxiago ezkontzen da eta haur gutxiago jaiotzen dira.

Arazo horien berri ematen du audio honetan Juanjo San Miguel Euskadi Irratiko kazetariak. Itxura batera, mendebaldeak dituen arazoak ere azkar eta uste baino indar handiagoz ari zaizkie heltzen txinatarrei.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

KAZETARIA. Txinako gizarteak azken urteetan aurrerapauso azkarrak eta handiak eman ditu, batez ere ekonomiaren hazkundearen ondorioz, baina aurrerapenak arazoak ere ekarri ditu. Orain jende gutxiago ezkontzen da eta haur gutxiago jaiotzen dira.
JUANJO SAN MIGUEL KAZETARIA. Txinako agintariek kezka azaldu dute gero eta bikote gutxiago ezkontzen delako. Aurtengo lehen hiru hilabeteetan 3 milioi bikote ezkondu dira Txinan, iaz baino % 6 gutxiago eta orain dela 5 urte baino % 30 gutxiago. Jendea gutxiago ezkontzen da, batez ere hirietan, eta horren ondorioz haur gutxiago dituzte. Horregatik orain dela bi urte seme-alaba bakarraren politika bertan behera utzi behar izan zuten. Baina, hala ere, gero eta gutxiago ezkontzen dira eta gero eta haur gutxiago dute. Eta guzti hau gertatzen ari da munduko beste edozein lekutan bizi dituzten egoera bertsuak bizi dituztelako Txinan: gazteek berandu arte ikasi behar izaten dute, etxebizitzak lortzeko arazoak dituzte eta gero eta zailtasun handiagoak dituzte ohiko bizimodura egiteko. Baina beste arrazoi batzuk ere badira. Txinan ere askatasun handiagoa nahi dute gazteek eta indibidualismoak indar handia hartu du, berez herrialde komunista den honetan. Alderdi Komunistak arazoa aztertu du eta bideak jarri nahi ditu gazteek elkar ezagutu eta bikoteak sor daitezen. Besteak beste, Interneten bidez.
Jendea gutxiago ezkontzeak ondorio asko ditu. Alde batetik, gizartearen antolaketa mota bat kolokan jar litekeela. Bestetik, haur gutxiago jaiotzeak dakar gizarte txinatarra oso azkar zahartzen ari dela. Gaur egun txinatarren % 10ek ditu 65 urte baino gehiago. Orain dela 10 urte ez zen % 8ra iristen.
Txinako ekonomia azkar eta indar handiz hazi da. Itxuraz, mendebaldeak dituen arazoak ere azkar eta uste baino indar handiagoz iritsi zaizkie.

B2
2018-07-19
  • San Miguel, Juanjo
16145395
00:01:51
1989