Seat 600a, askorentzat lehen autoa

61 urte dira adin batetik gorakoek oso gogoan izango duten autoa kalera atera zenetik; hain zuzen ere, 1957ko ekainaren 27an.

45 urte pasa dira azkena egin zenetik, baina ugari dira oraindik Xeixtientosak gure artean: duela 10 urte estatuan 10.000 inguru zirela kalkulatzen zen. Izan ere, 600ak badu oraindik xarma.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

KAZETARIA. Xeixtientos-a (600a) behin ikusita ahazten ez den kotxea da. Galdetu bestela Joakin Amondaraini.
JOAKIN AMONDARAIN. Lehenbiziko Xeixtientosa orain dela 55 urte izango dira. Zen gorri-gorria, matrikula Valentzia… Geroztik gure etxean pasatu dira igual dozena-erdi bat.
KAZETARIA. Lehena gorria izan zuen eta gaur egun ere gorria-gorria du. Xeixtientosa (etxe askotan hala deitu izan zaio, Seat Seiscientos markako kotxea zuzen esatera) 1957ko ekainaren 27an merkaturatu zuen kotxe-marka espainiarrak. Fiat enpresa italiarraren modelo bat aintzat hartuta sortu zuen Seat-ek eta espainiar estatuan, Hego Euskal Herrian barne, askorentzat lehen kotxea izan zen. Horregatik du balio sentimental handia, Joakinentzat esaterako.
JOAKIN AMONDARAIN. Nik karneta atera eta lehenbiziko kotxea hori izan nuela; eta dela txikia eta jende dezente sartzen den tokia, eta gustura erabiltzen den kotxea izan da niretzako.
KAZETARIA. Ez zen merkea hasieran, pentsa 65.000 pezeta balio zuen lehen kotxe hark, asko garai hartarako. Bi atedun kotxe txikia, itxura borobilekoa, 4 aldaera nagusi izan zituen. Ia 800.000 xeixteintos egin ziren, 1973an –kotxe modernoagoek baztertuta– fabrikatzeari utzi zioten arte. Bi atekoa da xeixtientos-a eta, ondorioz, sartzeko ez ote den oso erosoa galdetu diogu Joakini, baina ez dago ba ados.
JOAKIN AMONDARAIN. Ba oso erosoa da ibiltzeko, e? Sartzeko, segun, klaro: 100 kiloko aitona sartzeko gaizki, hori bai.
KAZETARIA. Gehienak gizonak ziren bai hasiera hartan, baina emakume askorentzat ere Xeixtientosa izan zen karneta atera osteko lehen kotxea. 45 urte pasa dira azkena egin zenetik, baina ez pentsa, ugari dira oraindik Xeixtientosak gure artean. Duela 10 urte estatuan 10.000 inguru zirela kalkulatzen zen.
JOAKIN AMONDARAIN. Gu izan ginen Madrilen, kontzentrazio bat zen, izango dira 7 urte hau izan zela. Eta mila eta piko osatu ginen han, e? Kenduta dozena bat, 20 bat horrela pintatuta narras, beste gainontzekoak inpecables.
KAZETARIA. Argi dago: 61 urte geroago xarma galdu ez, irabazi egin duen kotxea da. Urte askotarako seixtientos!

B2
2018-06-27
16144912
00:02:19
1242