Vicente Ferrer, Indiako miseriari aurre egin zion ekintzailea

Indiako Anantapur eskualdean 2 milioi pertsonaren bizi-baldintzak hobetu zituen kataluniarra 2009ko ekainaren 19an hil zen, Indian bertan.

Gaur egun Vicente Ferrer izeneko fundazioak lanean jarraitzen du, eta alargunarekin batera Anantapur bertako pertsonak dira proiektuaren arduradun. Izan ere, bertakotzat zuen jada bere burua Vicente Ferrerrek.

 Vicente Ferrer bere emazte Anne Perryrekin.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

KAZETARIA. Vicente Ferrerren bizitza ezohiko bizitza da. 1920an Katalunian jaioa, 16 urte bestetik ez zituenean Langileen Alderdira afiliatu eta Francoren altxamenduaren aurka gerrara joan zen. 38an, Ebroko batailan parte hartu zuen eta, galdu ondoren, Frantzian eta Espainian kontzentrazio-esparruetan izan zuten. 44an, Jesusen Lagundian sartzea erabaki zuen eta lagundiak bultzatuta, 52an, bizitza aldatu zion bidaia: Indiara joan zen.
Txiroenekin hasi zen bertan lanean. Garaiko agintariek, ordea, mehatxu gisa ikusten zuten Ferrerren lana: herrialdeko kasten ordena zalantzan jarriko zuelakoan, egotzi egin zuten. 1969an, ordea, itzuli egin zen; Anantapurrera joan zen orduan, eta geroztik ez zen bertatik aldendu. 70ean Anne Perry kazetariarekin ezkondu, eta lagundia utzi egin zuen, baina ez txiroenekin hasitako lana. Anantapur eskualdea Indiako zonalde txiroenetako bat da eta han Dalia giza taldearekin lan egin zuen Ferrerrek. Kasta baxuena dira, paria gisa kontsideratuak; Ferrer fundazioko kide Maria Zulaikak, azalpenak Faktorian.
MARIA ZULAIKA. Beraiek kasta baxuena direnez, herrietan dauden zerbitzuak ezin zituzten erabili. Horregatik izan da hain garrantzitsua ba, adibidez, etxeak egitea. Bere familiako inork aurretik ez du izan etxe bat. Eta inork ez du izan herrian zegoen iturrian ura hartzeko aukera edo baimena. Zuk pentsa ezazu zer den pertsona hauentzako hezkuntza izatea. Hori ja ezin zuten ezta amets egin…
KAZETARIA. Gaur egun Indiako konstituzioak debekatu egiten du kasten sistemagatiko bereizketa baina landa-ingurunean urrun dago hori errealitatetik. Ferrerrek, talde txiki batekin hasita, lan integrala egin zuen. Aipatu moduan, txaboletan bizi zirenentzako etxe duinak egiteaz gain, ospitaleak, nekazal sendagileak, eskolak, eta bereziki nekazaritza biziberritu zituen: erabat lur lehorra zen inguruan 3 miloi zuhaitz aldatu dituzte urteotan guztietan, lur hori emankor bihurtuz. Ferrer hil zenerako, bi miloi eta erdi pertsonaren bizi-baldintzak hobetzeko gai izan ziren. Vicente Ferrer ez zen teoria handien zale, praktikena baizik, ekintza onak egitea zuen helburu. Honela zioen hil aurreko elkarrizketa batean:
VICENTE FERRER. ¿Qué es el sentido de mi vida?...
KAZETARIA. Sari asko eman zizkioten bizitzaren azken urteetan. Baina bere izaera erakusten du sariez zioenak:
MMARIA ZULAIKA. Vicente Ferrerek berak esaten zuen ez zuela holako sarietara aurkeztu nahi, horrek lan pila bat emango zietela ba hori, konferentziak eta ematen, baina benetako lana ez ziotela utziko egiten.
KAZETARIA. Gaur egun Vicente Ferrer izeneko fundazioak lanean jarraitzen du, eta alargunarekin batera Anantapur bertako pertsonak dira proiektuaren arduradun. Izan ere, bertakotzat zuen jada bere burua Vicente Ferrerrek. Anatapurren hil zen duela 9 urte, 2009ko ekainaren 19an, inguruko herritarren bizitza hobetu izanaren lasaitasunarekin.

B2
2018-06-19
16144682
00:03:05
1414