Etxahun Iruri, pastoral eta kantu herrikoien egilea

Pierre Bordazarre idazle, musikari eta pastoralgilea 1908ko maiatzaren 28an jaio zen eta 1979ko urriaren 1ean zendu zen, 71 urte zituela.

Etxahun Irurik pastoral-generoa berritu zuen eta kanta herrikoi askoren sortzailea izan zen. Ezagunena Agur Xiberoa, baina baita Goizian argi hastian, eta Oi ama Euskal Herri kantena ere.

Hemen behean daukazu Agur Xiberoa kanta.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

KAZETARIA. Pierre Bordazarre 1908ko maiatzaren 28an jaio zen, Zuberoako Iruri herriko Etxahunian. Etxe horretan sortu eta bizi izan zen. Hortik, goitizena. Laboraria eta artzaina zen lanbidez.
Baina Etxahun Iruri, batez ere, plaza-gizona zen. Txirulari iaioa, bertsolaritzan ere, aritua. Baina, akaso, pastoralengatik ezagutzen dugu, gehien. Jean Mixel Bedaxagar ari gara entzuten kantuan eta Bedaxagarrek berak esan bezala, Etxahun Irurik biziberritu egin zituen pastoralak, pertsonaiei zein musikari dagokienez.
JEAN MIXEL BEDAXAGAR ABESLARIA. Hats berri bat ekarri du pastoralari. Lehenago pastoralak ziren Bibliako pertsonaiak edo lehengo erregeak, Frantziako erregeak… Oroitu zen gure historiako aintzindariekin –Santxo Azkarra edo Matalaz…–, kultura-munduan Etxahun Barkoxe… Eta gero biziki melodia-egile ona zen, bere kantek ikaragarriko arrakasta erdiesten zuten
KAZETARIA. Bederatzi pastoral idatzi zituen Etxahun Irurik, 1953 eta 1980 bitartean. Etxahun Barkoxeri eta Joxemari Iparragirre olerkari gipuzkoarrari eskainitakoak azpimarratu ditu Bedaxagarrek. Pastoralen sona Zuberoatik Euskal Herri osora zabaltzea. Hori izan bere lorpenetako bat.
JEAN MIXEL BEDAXAGAR.  Etxahunek fama handia zuen, kostaldean eta bestaldean ere.
KAZETARIA. Baina pastoralei ez ezik, oro har, kantugintzari egin zion ekarpen handia, Etxahun Irurik. Berrehun bat abesti idatzi zituen, tartean, 'Agur Xiberua', ‘Goizian argi hastian’, eta ‘Oi ama Eskual Herri’ ere berak idatziak dira beste askoren artean.
Gure kantugintzari halako ekarpen oparoa eginda, merezita izendatu zuten euskaltzain urgazle Etxahun Iruri. Eta ingurukoentzat, irakasle paregabea izan zen, Bedaxagarrek ondo dioenez.
JEAN MIXEL BEDAXAGAR. Guretzako Etxahun zen aita on bat, eta aita batek bezala gerizatzen gintuen.
KAZETARIA. 1979ko urriaren 1ean zendu zen, 71 urte zituela. 2001ean, bere omenezko pastorala idatzi eta taularatu zuen Roger Idiartek. Etxahun Irurik utzitako itzala, luzea baita.
(Agur Xiberoa kantaren zati bat)

C1
2018-05-28
16144119
00:03:13
1607