Arturo Campion, euskal kulturaren defendatzailea

1854ko maiatzaren 7an Iruñean jaio eta 1937ko abuztuaren 18an hil zen Donostian Arturo Campion, euskararen eta euskal kulturaren defendatzaile sutsua, langile nekaezina eta aldi berean, polemikoa.

Arturo Campion nafarraren biografiako pasarte eta datu batzuk ematen dizkigute Euskadi Irratiko grabazio honetan, Emilio Majuelo historialariaren laguntzarekin.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

KAZETARIA. Euskararen eta euskal kulturaren defendatzaile sutsua, langile nekaezina eta aldi berean polemikoa: Arturo Campion.
1854ko maiatzaren 7an Iruñean jaioa, euskara gaztetan ikasita, euskara eta euskal kulturaren aldeko militante bihurtu zen. 26 urte zituela Orreaga balada idatzi zuen, euskaraz ondu zuen lan bakarra, handik aurrera gazteleraz idatzi baitzuen obra zabal eta sakona: euskal gramatikari buruzko liburuak, Euskal Herriaren historiari buruzkoak edo Euskal Herriko historian oinarritutako fikziozko lanak egin zituen, besteak beste.
1918an Eusko Ikaskuntzako lehen lehendakari izendatu zuten eta Euskaltzaindiaren sorreran parte hartu zuen. Hil arte euskaltzain oso izan zen. Hizkuntzaren bidez sartu zen Campion gainera, politikan. Emilio Majuelo historialaria.
EMILIO MAJUELO HISTORIALARIA. Berarentzat hizkuntza eta nazioa, berarentzat nazioa edo aberriaren arima, sorkuntza espirituala, oso lotuta zegoen hizkuntzarekin. Nazionalismo kulturala defendatu zuen, eta ja bere garaian, XIX. mendearen bukaeran, ba topo egin zuen, ba politikan ere aritu behar zela, eta horregatik, alderdi fuerista eta gero alderdi nazionalistan egotea.
KAZETARIA. Ez zen independentzia-zalea, baina Foruak kendu izanak foruzaletasunera eta ondoren abertzaletasunera bultzatu zuen Iruñeko zinegotzi eta Madrilen diputatu ere izanez. Bizitzako azken zatian, ordea, gerora polemika eragin duen pasartea gertatu zen. Gero eta kontserbadoreagoa bihurtzen ari zen Campionek 36ko altxamendu frankista babestu zuen hil baino hilabete batzuk lehenago. Horrek eragin zuen 2007an Nafarroako Gobernuak Campioni urrezko domina ematea erabaki zuenean aurka agertu izana Izquierda-Ezkerra eta sozialistak, baina Majuelo historialariak garaia eta unea ulertu beharra azpimarratu digu.
EMILIO MAJUELO HISTORIALARIA. Campionek bazeraman 10 urte gaixorik, itsua, eta bera zerbait izan bazen bizitzan izan zen antimilitarista. Eta hori demostratu zuen 2. Gerra Karlistan, Lehenengo Mundu Gerran, eta zerbait bere bizitzan markatu zuena izan zen, (hain) juxtu, gerra. Eta gerraren kontrako pertsona izan zen. Ze indarkeria, biolentzia eta pasatu edo pairatu behar izan zuen hor Donostian egonda, bere gelara joan ziren Iruñetik joan zirenak, zehatzik (zehazki) ez dakigunak, eta hor, dudarik gabe, psikologikoki bortxatu zuten, hori sinatzeko.
KAZETARIA. 83 urte beteta, euskararentzat garai ilunak zetozenean, 1937ko abuztuaren 18an hil zen Arturo Campion, euskara herritik mundu akademikora eramaten ahaleginak egin zituen gizona. 
 

B2
2018-05-07
16143584
00:03:30
885