Paulino Uzkudun, boxeolaria eta falangista

1899ko maiatzaren 3an jaio zen munduko boxeo-titulua eskura izan zuen errezildarra. Eta badu hain ezaguna ez den alde ilun bat ere.

1899an maiatzaren 3an Errezilen (Gipuzkoan) jaio eta 1985ean hil zen Euskal Herriak eman duen boxeolaririk onena. Bere bizitzaren gaineko datu eta pasarte batzuk -kirolarekin lotuak nahiz bestelakoak- kontatuko dizkigute Euskadi Irratiko erreportaje honetan.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

JOXE RAMON ARGOITIA BOXEO-ADITUA. Euskal Herrian egon den(ik) boxeolaririk handiena izan dela. Paulinoren moduko boxeolaririk ez da egon.
KAZETARIA. Joxe Ramon Argoitia boxeo-adituak ez du dudarik: ez da izan Paulino Uzkudunen mailako boxeolaririk gure artean. 1899an, maiatzaren 3an, Errezilen jaioa, aizkolari gisa hasi zen, baina bere gaitasunak ikusita, bitartekariak tarteko Parisera joan zen boxeoa ikastera. Bertan, 1923an, lehen konbatea egin eta hilabete gutxitan Frantziako, Holandako eta Ingalaterrako txapeldunak garaitu zituen. Ondoren, hiru aldiz, Europako Txapeldunen titulua lortu zuen pisu handietan. 1927an, lehen aldiz Estatu Batuetara joan zen, eta bere maila ikusteko hurrengo urteetan Jack Delaney, Tommy Loughran eta Kingfish Levinsky-ren aurka munduko titulua izan zuen jokoan. Puntuetara galdu zuen Loughrand eta Levinskyren aurka. Delaneyren aurkakoa, berriz, lapurtu egin zioten.
JOXE RAMON ARGOITIA. Europar asko zegoen legez orduan, Ameriketan; Paulino ikustera joaten ziren. Eta orduan ez zuen eduki beste erremediorik Tex Richards-ek hitz egiteko Paulinori amerikar egiteko. Paulinok esan zuen ezetz, eta orduan ba ja Delaneyren kontra jarri zuen, eta hor kristoren tranpa egin zioten. 7. asaltoan “golpe bajo” eman ziola, eta gezurra izan zen gainera. Dena prestatuta zegoen.
KAZETARIA. Ameriketatik bueltan milaka lagunek egin zioten ongi etorria Uzkuduni Donostian. Oso maitatua zen orduan Euskal Herrian. Azken konbatea 1935ean jokatu zuen, baina Uzkudunek badu ezkutuago geratu den beste alde bat.
Falangista zen. Espainiar sentitzen zen oroz gain, eta hala adierazi izan zuen; baita falangistei dirua eman ere. 36ko irailean falangistekin batera sartu zen Donostian. Urtearen amaieran Donostiako fusilamendu-pelotoien arduradun jo zuen, esaterako, Gudari aldizkari abertzaleak. Baina Uzkudun ordurako espetxean egon zitekeen. Izan ere, 36ko uztailean Pasaiako CNT sindikatukoek, falangista zela jakinda, atxilotu egin zuten Paulino Uzkudun estatu-kolpea gertatu orduko. Baina Zarauzko Eusko Alderdi Jeltzalekoek Uzkudun zein zen ondo zekitenez, ihes egiten lagundu zioten 36ko abuztuan. Amaia Gurrutxaga kazetariak ikertu du pasartea.
AMAIA GURRUTXAGA KAZETARIA. Azpeitiko Loiolako kuartelean gudari-lanetan ibili zen Bixente Iturralde. Eta hark kontatzen zuen nola erabaki zuten beraiek eskaintzea Paulino Uzkuduni frankisten aldeko eremura pasatzea nahi bazuen. Eta hala, Mandubiko gainetik pasatu zuten. Paulino ja gerrara sartu zen ja frankistekin. Eta aukera izan nuen urte askoan Zarautzen bizi izan zen beste gizon bat, Marzial Olaizola izenekoa, nola kontatzen zuen San Juan de Mozarrifar-en, Zaragozako kontzentrazio-eremu bat zen… Hau gudari ona zen, preso hartu zuten eta han zegoen preso. Etortzen zen Paulino Uzkudun eta 3 aldiz berak ikusi zuela, denak formatu arazi preso guztiak, errenkadatan, eta aukeratzen zituela dozena bat edo, hau, hura eta bestea, eta hola, kamionetara igo, eta gehiago ez zirela agertzen preso horiek.  

Interesatzen zaizu



B2
2018-05-03
16143537
00:03:16
3562