Lazkao Txiki, bertsolari umoretsu eta sentibera

Joxe Miguel Iztueta -Lazkao Txiki ezizenez- bertsolari lazkaotarra 1926ko irailaren 15ean jaio eta 1993ko apirilaren 3an hil zen. Urte batzuk pasatu dira hil zenetik, baina oraindik bizirik dirau bertsolari eta zaleen artean.

Euskadi Irratiko erreportaje honetan, bere biografiaren zertzelada batzuk emango dizkigute eta zer-nolako bertsolaria zen azalduko digu Iñaki Murua bertsolari eta gai-jartzaileak. Lazkao Txikik berak eta Andoni Egañak kantatutako bertsoak ere entzun daitezke.

 

Lazkao Txiki denboraren ispilutik:
Edurne Azkarate aurkezle duen programa berezia. Lazkao Txikiren bertso onenen bilduma eskaintzeaz gain, Iñaki Murua bertsokidearen testigantza jasotzen du eta Ane Labakak bertso bidezko gogoeta bat ere egiten du.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

ESATARIA. Lazkaomendiko Abaliñe baserrian jaio zen Joxe Migel Iztueta Kortajarena, 1926. urtean. Ataundar batek jarri omen zion Lazkao Txiki goitizena, eta heldutan ere, ume garaian izan ohi den jakin-mina gordetzen zuela gogoan du Iñaki Murua bertsolari eta gai-jartzaileak.
IÑAKI MURUA BERTSOLARIA. Sekulako interesa jartzen zuena, baina benetakoa gauzetan; jakin nahi zuen. Eta jakite horrentan umeen ezaugarri bat: badakizu, umeek dena galdetzen dute: “Eta hau zergatik, eta hori zergatik eta…”. Dena horixe zeukan, haurtzaroko deje hori.
Ikasle saiatua izan zen eskola-garaian, eta langilea etxean, baserrian laguntzen. Soldaduskara joan zen gero, eta itzuli zenean, 23 urterekin, igeltsero aritu zen. Ordurako, ordea, bazebilen bertsotan: izan ere, 17 urterekin egin zuen bere lehen plaza, Legorretan.
ESATARIA. Bertso-jardunean zuen sorginkeria nabarmendu du Muruak.
IÑAKI MURUA BERTSOLARIA. Beste inori bururatzen ez zitzaizkion gauzak bururatzen zitzaion. Gure begietara eta belarrietara behintzat harridura eragiten zuen.
ESATARIA. Umorea bai, baina Lazkao Txikik ez zuen gustuko aldiro pailazoarena egiten jartzen zutenean. Hori zaintzeko ahalegina ere egin zuten gai-jartzaileek.
IÑAKI MURUA BERTSOLARIA. Gai sentiberak ikaragarri maite zituen eta halako gai bat, tartean, jaialdian jartzen bagenion, ikaragarri estimatzen zuen eta saioarekin pozik gelditzeko motiboetako bat izaten zen.
Hainbat txapelketatan aritu zen lehian, eta Gipuzkoako txapeldun izan zen (19)64an. Hurrengo urtean, berriz, txapeldunorde izan zen Euskal Herrikoan, eta bi urte geroago lehiatu zen bere azken txapelketan.
Haren bertso ugari Xenpelar dokumentazio zentroak ditu jasoak. Ezagunenetako bat, ispiluari kantatutako hau:

Oso ispilu eder polit bat
didate aurrera ekarri,
eman duenak jakingo zuen
mutilza(ha)r za(ha)r honen berri,
gazte dan arte hau izaten da
gazte guztien pozgarri,
za(ha)rtutakoan ez da beiratzen
gaztetan hain bezin sarri.

Zaleen zein bertsolarien artean estimatua eta maitatua izan da Lazkao Txiki, eta hala da gaur egun ere. Zendu zen urte berean, txapela eskaini zion Andoni Egañak bertsolari-txapelketa irabazi berritan:
ANDONI EGAÑAK BERTSOLARIA:
Goizean goizik Lazkao Txiki
Aipatu dute nolanahi
Zuen txaloak beretzat dira
Nire txapela ere bai.

Ondorengo belaunaldietara iritsi da Lazkao Txikiren arrastoa, besteak beste, ETB1eko marrazki bizidunen bidez. Txikiaren handitasunak presente jarraitzen du.
ANDONI EGAÑA BERTSOLARIA:
Txiki izenez, txiki gorputzez
handia maitasunean.
Ta handiagoa bilakatuko
zara etorkizunean,
zure txikitasunean.

Interesatzen zaizu



B2
2018-04-03
16142611
00:03:20
3336