detalle dokuteka-generico-fitxa

Jorge Oteizaren hutsunea

Jorge Oteiza Enbil deskantsatzen ari da Altzuzan. 2003ko apirilaren 11n ehortzi zuten Orioko eskultorea. Hil zen egunean, eta hurrengoetan, komunikabideetan tarte handia hartu zuen haren lanak eta biografiak. Ez da lan xamurra hain gizon poliedrikoaren sintesia egitea, kontuan izanik, gainera, 94 urterekin hil zela.

Otzana. Agian horixe izango da Oteizari esan dakiokeen hitzik larriena. Polemika atsegin zuen. Garai batean bazirudien Eduardo Chillidarekin ez zela sekula adiskidetuko; talka egiten zuten bi eskultoreek. Baina Chillida-Lekun biak besarkatu zirenean, askok poza hartu zuten.

 

Richard Serra. Eskultore estatubatuar hau ere pozik besarkatu zuen Oteizak. Serrak Bilboko Guggenheim museoan eskultura erraldoi bat dauka betiko, eta horregatik etorri zen gurera. Berak esana da Oteiza munduko eskultorerik onena izan zela 1950-60 hamarkadan. Elkarri estimazio handia zioten bi eskultoreek, baina Serra aberatsa da.

 

 

Eta Oteiza, berriz, AEBetan ezagun egiten ari zenean hil da. Eta eztabaidaren korapiloan lotuta joan da. Izan ere, aurten AEBetan Oteizaren obrarekin egindako erakusketako piezak norbanakoenak ziren, eta pribatua zen galeria ere. Zergatik pribatua? Artistaren obraren ardura duen Oteiza Fundazioko Patronatuan hika-mikak daudelako, eta zailtzen ari da artistaren lanaren zabalkundea.

 

Arantzazu. (Oñati). Oteizaren apostoluak hantxe daude Arantzazun. Euskal Herriko frisorik ezagunena, ordea, ez egitekotan egon zen oriotarra. Vatikanok ez zuen baimenik eman nahi obrak burutzeko. Oteiza konbentzitu egin behar izan zuten berriro, 18 urte geroago, lanari ekiteko. Apostoluak egiten ari zen garaian Oteizak lanean jartzen zuen Arantzazutik pasatzen zen guztia, baita Luis Ocaña eta Txomin Perurena txirrindulariak ere. Hala dio behintzat Miguel Pelay Orozcok 'Oteiza' bere liburuan. Eta lanean lagundu zion baita ere Bitoriano Gandiaga poetari. Zertan?

 

Gandiaga. Gandiagari Elorri poesia-liburua saritua zioten. Handik gutxira Oteizak non galdetzen dion Arantzazun ea ez zuen ezer idazten. Baietz Gandiagak, poesiak, baina paper-ontzira botatzen zituela segituan. Haserre bizian erantzun zion Oteizak, ea zein zen bera ezer paper-ontzira botatzeko, Euskal Herriak esango ziola poesiak balekoak ziren ala ez. Eta egunero joaten hasi zitzaion Gandiaga Oteizari.

Besteen lanaren akuilu izan da Oteiza. Hala irakurri diogu Josanton Artze poetari: 'Oteizaren aurretik hemengo artistek Madrili edo Parisi begira egiten zuten beti lana. Jorge Oteizak eman zien artistei euskal kontzientzia, hemendik abiatuz unibertsala izan zitekeela erakutsi zien'.

 

Eta Anjel Lertxundiri irakurri diogu Oteizaren Quosque Tandem liburuaz: 'Quosque Tandem-i esker, estetikaren mundutik lehen aldiz euskaldunak bere burua beste era batera ikusi ahal izan zuen. Oso eragin handia izan zuen Oteizak garai hartan hemen zerbait egiten ari ginen guztiongan'.

 

Quosque Tandem. Auñamendi argitaletxeak argitaratu zuen 1963an. Idatzi dituen beste liburu batzuk: 'Interpretación estética de la Estatuaria Megalítica America', 'Ejercicios espirituales en un tunel. En busca de nuestra identidad perdida', 'Existe Dios al Noroeste', 'El Libro de los Plagios', 'Filologia Vasca de Nuestro Indoeuropeo', 'Goya mañana. El realismo inmóvil', 'Estética del huevo. Huevo y laberinto. Mentalidad vasca y laberinto', 'Nekatuta eta birikari. Cansado y giratorio', 'Cartas al Príncipe'...

 

Príncipe de Asturias. Sari hau 1988an eman zioten, baina ez zen jasotzera joan, eta 'Cartas al Príncipe' idatzi zuen administrazioaren politika kulturala kritikatuz. Askotan kritikatu zuen administrazioa, Eusko Jaurlaritzarekin gorabehera handiak izan zituen, esaterako, 1989an Bilboko Alondiga proiektua atzera bota zionean. Eztabaidak eztabaida, 1998an Euskaldun Unibertsala saria eman zioten.

Sari ugari jaso zituen artistak: Artista Hasiberrien Biurtekoa, Sao Paoloko Biurtekoa, Euskadi Saria, Concurso Nacional de Homenaje a Felipe IV, Milango IX. Hiru Urtekoan Ohorezko Diploma, Arte Ederretako Urrezko Domina, Nafarroako Gobernuak Urrezko Domina, Manuel Lekuona Saria, Pevsner Saria, EHUko Doctor Honoris Causa, Gipuzkoako Foru Aldundiak Urrezko Domina, Zarauzko Herriko Seme ...

 

Zarautz. Zarautzen egon da hil-kapera, emaztearen hilobiaren ondoan, Altzuzan (Nafarroa) ehortzi aurretik. Zarautzen bertsolariei eskainitako eskultura dauka. Herri askotan dauzka eskulturak, aire librean zein museotan: Tolosan, Donostian, Madrilgo Reina Sofian, Lesakan, Sabin Etxean (Bilbo), Iruñean, Irunen, Zumarragan, Elizondon, Eibarren, Bartzelonan, Itziarren, Santanderren, Arrasaten...

 

Haurrak. Haurrak asko maite zituen Oteizak. 2001ean Donostiako Kursaal-eko erakusketan haurrentzako tailerra paratu zuten bertan, eta 1959an nazioartean sona lortzen hasia zenean, dena utzi eta -Ikertze tailerreko Zuriñe Andradaren hitzetan- 'bere herrira itzuli zen helburu pedagogiko batek gidatuta, gizartea aldatzeko haurra estetikan hezi behar zela'. Eta segitzen du Z. Andradek: 'Teknika bat bada haurra estetikoki hezteko, artea uler dezan erakusteko, eta teknika hori artelanaren sorkuntzan haurrari parte hartzen irakastean datza'.

Oteiza haurra. Txikitan Orioko hondartzan zuloak egiten zituen, eta zulo huts hartan babesa sentitzen zuen. Aitonarekin Zarauzko harrobi batera joaten zen, eta hango harriak zulatzea gustatzen zitzaion. Hondartzako zulotik zerua ikusten zuen, behin baino gehiagotan esan zuen Oteizak zeruko izakia zela, eta txori izateko idazten zuela. Zuloa hutsa da. Huts-a: 'huts' erro hori trikuharriarekin lotzen du Oteizak, eta uste du euskara zaharrean egongo dela hitzen bat erro hori duena trikuharria izendatzeko.

 

Trikuharria. Elementu mitologikoa da trikuharria. Edorta Kortadi arte-kritikariaren ustez, Oteiza Argentinara joan zen sumatzen zuelako euskal mitologiak eta kolonaurreko arteak zerikusia zuela, baina Oteizak ez zuen Kaperotxipi artistaren bukolismo nostalgikoan geratu nahi... Argentinan ezkondu zen Oteiza, eta itzuli zirenerako Nicolas Lekuona abangoardiako artista hilda zegoen. Gazterik hil zen, baina Oteizak berarekin eraman nahi izan zuen. Nicolas Lekuonari eskainitako eskultura Yoyes-i ere eskainia dago.

 

Berriro etxean. Argentinatik bueltan, Bilbon, Blas de Otero ezagutu zuen. Ez gara hasiko Oteizarekin harremana izan zuten artista guztiak aipatzen, ez baikenuke amaituko. Bakarrik esan, Gaur izeneko arte-taldeko sortzaile eta partaide izan zela, Emen taldea ere sortu zuen, Ez dok amairu euskal taldeari lagundu.

Oso urte emankorrak izan ziren Argentinatik etorri ondorengo horiek. Arantzazuko apostoluen eta Pietatearen garaia da, eta figurak estilizatzen hasten dira. Txomin Badiola eta arte-adituek hainbat etapatan laburbiltzen dute haren obra: hasieran blokeak egiten zituen, kubismoaren eragina zutenak. Baina, jada antzeman omen daiteke masa eta espazioaren arteko borrokan espazioa gailenduko dela, 'El obrero muerto'.

Baina, kolonaurreko arteak Oteiza erasan zuela 'Paulino Uzkudun' lanean ikus daitekeela dio Badiolak; simetriara jotzen du, lanek 'bukatugabeak' dirudite, 'zakarrak'... figurak luzatu egiten ditu. 1949-56 urteetan antropologiarekin lotzen du artelana, eta Jose Migel Barandiaranen esanetan euskal gizakiak omen dituen ezaugarriekin egiten ditu eskulturak.

 

1954an aldera argiaren garrantziaz jabetzen da Oteiza, eta material zuriak erabiltzen ditu, zuria argia delako. 1956an lehen aldiz kuboa azaltzen da bere obran. Eta eskuekin lan egin ordez, makinekin hasten da lanean, artisautza industria bihurtzen da. Errusiar konstruktibismoaren haritik artearekin gizartea alda dezakeela uste du, eta arte-eskolak sortzen saiatzen da, eta poesian, zinean, antzerkian... sartzen du muturra. Kuboa barrutik husten saiatzen da, eta esferarekin ere egiten du topo. Baina, burdinazko txapak hasten da erabiltzen material gisara eta kuboak kaxa bihurtzen, kaxa minimalistak: diedro eta triedroen garaia da. 1959an eskulturekin ikertzeari uzten dio, eta idazten hasten da, eta eskultura batzuk ere egiten ditu.

 

Altzuzako museoa. Hori izan da Oteizaren azken buruhaustea. 1992an Oteizak bere eskulturak Nafarroaren esku utzi zituen, baina museoa kudeatu behar duen Oteiza Fundazioko Patronatuan ez dago kideen arteko batasunik . Haustura horrek eragina izan du New York-en egin nahi ziren Oteizari buruzko erakusketetan.

Nafar Gobernua presente dago Fundazioan, eta Bazterretxea beldur da, Nafar Gobernua Oteizaren euskal dimentsioa ezkutatzen ez ote dabilen. Oteiza Fundazioko estatutuetan, besteak beste, berariaz, euskara bultzatu beharra aipatzen da. Oteiza ehortzi zutenean Maddalen Lujanbiok eta Imanol Lazkanok bertso bana kantatu zuten. Dena den, elizkizuna gaztelania hutsean egiteak bat baino gehiago haserretu eta tristatu zuen. Bakean bego!

x61pRelaContWAR

Interesatzen zaizu



detalle2

Dokuteka

C1
2003-04-10

x61pRelaContWAR

16135425

x61pViewCountWAR

9261

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR