‘Hizkuntzarekin jolasean’ unitate didaktikoak aurkeztu dituzte

Kike Amonarriz aritu da egitasmoaren zuzendari lanetan

Hizkuntzarekin jolasean unitate didaktikoak aurkeztu dituzte, ikasleen euskararen erabilera sustatu eta hizkuntzarekiko atxikimendua sendotu asmoz. Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioak garatu ditu unitate didaktiko horiek Eusko Jaurlaritzaren EIMA 2.0 ikasmaterial digitalak argitaratzeko programari esker. Kike Amonarrizek zuzendu du proiektua.

Euskararen erabilera sustatzeaz gain, ezagutza linguistikoa hobetzea eta hizkuntzarekiko atxikimendua indartzea ere helburu ditu egitasmoak. Egileek azaldu dutenez, hizkuntzen irakaskuntzan umorea eta jolasak, tresna gisa, oso baliabide lagungarriak izan daitezke. Sekuentzia hauen bidez, hizkuntzaren alderdi jostagarriagoak ikasleei erakutsi, eta bereziki, ahozkotasuna eta sorkuntza landu nahi dira.

Hiru unitate didaktiko

Sekuentzia didaktikoen metodologian oinarrituta eta egitura kooperatiboak erabiliz, 3 unitate didaktiko garatu dituzte, unitate bakoitzak bi sekuentzia eta hainbat jarduera biltzen dituelarik. Honako hauek: Mahai-jolasa; Sare sozialetan eta Txistealdia. Materiala Lehen Hezkuntzan erabiltzeko prestatu badute ere, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxillergoan, eta helduen euskalduntzerako eskoletan ere erabil daitekeela adierazi dute egileek.

Lehen unitatean ikasleek mahai-jolas bat eraiki beharko dute, horretarako hainbat hizkuntza-jolas sortuz eta hieroglifikoak asmatuz. Bigarrengoan, sare sozialetarako pieza umoretsuak sortuko dituzte hitz-jolasen mekanismoak erabiliz, hitzen esanahi ezkutuak deskubrituz eta istorio barregarriak asmatuz. Eta hirugarrengoan umore-jaialdia antolatu beharko dute txisteak edo umorezko esketxak kontatuz eta antzeztuz. Guztia, beti ere, modu interaktiboan, parte-hartzailean eta ludikoan bideratuz; talde-lanean, alegia. Izan ere, unitate hauen helburu nagusia ikasleek eta irakasleek ondo pasatzea eta ingurukoei ondo pasaraztea baita.

Pertsona ezagunen bideoak

Jardueraz-jarduera, ikasleek helburu horietara iristeko materialak, proposamenak eta aholkuak izango dituzte, eta baita ikus-entzunezko materialak ere: Antton Telleriaren aurkezpen-bideoak,  hainbat lagunek propio sekuentzia hauetarako grabaturiko bideoak azalpenekin, eta ETBko hainbat saiotako umorezko esketxak.

Unitateak EIMA katalogoaren eta Asmoz Fundazioaren web orrietan daude jada eskuragarri, edozeinek erabiltzeko moduan. Webean, ikasleentzako jarduerez eta edukiez gain beste hainbat material aurkituko ditu irakasleak edo interesatuak: unitateei buruzko informazio-atala, egitasmoaren nondik norakoak azaltzen dituen atala (helburuak, metodologia, edukiak...), irakasleentzako gida didaktikoak non jardueraz-jarduera landu beharreko gai eta materialen inguruko xehetasunak eskaintzen diren, eta ikasleek erabili beharreko lan-koadernoak.

 

2020-01-17
21322928
216