Aiora Renteria, Zea Mays taldearen ahotsa eta aurpegia
Zea Mays tadeak 2023ko Adarra saria jasoko du ekainaren 21ean "Euskal rockean eragin handienetakoa izan duen taldea" izateagatik. Sari hori aitzakia, taldearen jarraitzaileentzat ezaguna den Aiora Renteriaren biografia ekarri dugu, bere ahotsa bezain ezagunak ez diren xehetasunekin.
Etxetik datorkio musikarekiko zaletasuna Aiora Renteriari.
Aiora Renteria Zea Mays taldeko abeslaria da. Argazkia: www.denaflows.com (CC BY-NC-ND 3.0)
HIZTEGI LAGUNGARRIA Egun musika-irakaslea da. Gaur egun musika-irakaslea da. |
Aiora Renteria Agirre Bilbon jaio zen, 1976. urtean. Egun, musika-irakaslea da Zarataoko Eskola Publikoan, baina ofizioak baino, afizioak egin du ezagun. Izan ere, Euskal Herriko talderik ezagunenetariko bateko ahotsa eta aurpegia da, Zea Mays taldekoa, hain zuzen.
Etxetik datorkio musikarekiko zaletasuna; gurasoak arduratu ziren horretaz. Musika-ikasketarik ez zuten, baina musikazaleak ziren eta musikaz gozatzen erakutsi zieten Aiorari eta bere lau anai-arrebei. Baita lortu ere, guztiek ikasi baitzuten musika-tresnaren bat jotzen. Hala ere, gaur egun, Aiorak bakarrik jarraitzen dio musikaren bideari, afizioz eta ofizioz.
Musika-ibilbidea hasi baino lehenagoko bi kontzertuk esanahi berezia dute Aiorarentzat. Lehena, gurasoekin Itoiz taldea ikustera joan zenekoa. Bere lehen kontzertua zen, hamaika urte zituen eta Bermeon izan zen. Eta bigarrena, U2 taldea Donostian ikusi zuenekoa. Aiorak 16 urte zituen eta gurasoek ez zioten kontzertu hura ikustera joateko baimenik eman. Berak, ordea, tinko eutsi zion garai hartan bere talde kuttuna zena ikustera joateko nahiari. Lehenengo lerroan ikusi zituen.
Gerora Pearl Jam, Pixies, Soundgarden, Nirvana edo Queens Of The Stone Age heldu ziren bere fonotekara. Bitartean, solfeo eta instrumentu-ikasketak egin zituen: lehenengo, biolina; ondoren, biolontxeloa; eta azkenik, gitarra. Eta 14 urte zituela, lehenengo taldea sortu zuen. Eurek egindako abestiak jotzen eta abesten zituzten.
Lehenengo esperientzia haren ondoren, 1997an Zea Mays sortu zuen. Uda horretan bertan, zazpi abestiz osatutako maketa grabatu eta Euskadi Gazteako VII. Maketa lehiaketa irabazi zuten. Sariak bultzada handia eman zien, eta Euskal Herriko hainbat agertokitan jotzeko aukera izan zuten. 1998an Bilbo Hiriko X. Pop-rock lehiaketa irabazi zuten, eta urte hartan lehenengo diskoa grabatu zuten, taldearen izen berekoa.
Ordutik hona, lan ikaragarria egin du Aiora Renteriak Zea Mays taldearekin: ehunka abesti, hamabi disko eta kontaezina den kontzertu-zerrenda; Zea Mays Euskal Herriko erreferentziako talde bihurtu da, Aiora Renteriaren ahots indartsu eta berezia oinarri duela.