Elena Arzak, tradizioa eta modernitatea sukaldean

Urriaren 16an izan da Elikaduraren Nazioarteko Eguna eta aitzakia polita da sukaldaritza munduan dabilen norbaiti buruz gehiago jakiteko: Elena Arzak sukaldaria aukeratu dugu biografiaren txokorako.

Donostiako Arzak jatetxea gidatzen du, aita ondoan duela.

 

 

 

Elena Arzak Donostian jaio zen, 1961ean. Argazkia: Anton Diaz (CC BY-NC-SA 2.0)

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Birramona eta birraitona: Amonaren eta aitonaren gurasoak dira birramona eta birraitona.
Izen handiko Sukaldaritza Eskolara (joan zen): Ospe edo fama handia duen eskolara.
Formazio-aroa bukatuta: Formazio-aldia, formazioa egiten eman edo pasatu zuen denbora amaitzean, amaitu eta gero.
Tradizioa eta modernitatea uztartzen ditu: Tradizioa eta modernitatea elkartzen, bateratzen ditu.
Orduak eta orduak ematen dituzte bertan: ordu asko pasatzen dituzte bertan (laborategian, alegia).
Sariek eta aitortzek horrela egiaztatzen dute: frogatzen edo ziurtatzen dute. Egia dela adierazten dute.
Aldizkari espezializatuen esanetan: aldizkari espezializatuen ustez edo iritziz.
Arrakasta handiko ibilbidea: Bidea. Bere ibilbide (profesionalean) arrakasta handia lortu du.
Elenarena laugarren belaunaldia da: Elena baino lehen birraitona-amonak, aitona-amonak eta gurasoak ibili ziren jatetxean; Elenaren belaunaldia, beraz, laugarrena da.
Egokitzen: moldatzen.

 


Jaitsi
Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Elena Arzak Espina Donostian jaio zen, 1969ko uztailaren 4an. Eta bertan bizi da; baina etxean baino denbora gehiago pasatzen du Arzak jatetxean. Jatetxe horrek egin du famatu, hain zuzen, familiaren abizena. Bere birramonak eta birraitonak jarri zuten martxan familia-negozioa 1897. urtean eta, gaur egun, Elenak gidatzen du Juan Mari, aita, ondoan duela.

Donostiako Deustsche Schulen egin zituen ikasketak eta Unibertsitatera Bideratzeko Ikasketak amaitu zituenean hasi zuen sukaldari izateko prestakuntza; txiki-txikitatik argi zuen aitaren urratsak jarraituko zituela. 17 urterekin maletak egin eta Suitzara joan zen, Luzernara, hango izen handiko Sukaldaritza Eskolara.

Hainbat praktikaldi eginez osatu zituen bere ikasketak. Europako jatetxe onenetan ikasteko aukera izan zuen, eta formazio-aroa bukatuta Donostiara itzuli zen Juan Mari Arzak handiarekin etxeko negozioa gidatzera. 90eko hamarkadaren bukaera zen.

Tradizioa eta modernitatea uztartzen ditu Elenak; tradizioa ezinbestekoa dela dio, “une oro nondik gatozen presente izateko”. Modernitatea, aldiz, ikerketa eta berrikuntzarekin lotzen du. Horiez gain, jatetxean dagoen laborategia ere ezinbestekoa da bere sukaldaritza ulertzeko. Orduak eta orduak ematen dituzte bertan, produktu eta zapore berriak esperimentatzen eta asmatzen. Laborategiko zapore-bankuan 1.000 osagai baino gehiago dituzte. Esperimentazio-mahaitik jatetxeko mahairako bide laburra egiten dute zapore horiek.

Aipatutako ezaugarri guztiek Arzak jatetxea, Donostia eta Gipuzkoa munduko mapan jarri dute. Sariek eta aitortzek horrela egiaztatzen dute. Aldizkari espezializatuen esanetan, munduko 50 jatetxe onenen artean dago Arzak jatetxea; hiru Michelin izar ditu, eta urtero-urtero eusten die. Juan Marik eta Elenak, bakoitzak bere aldetik, sari ugari jaso dituzte; Elenak 2012an jaso zuen munduko emakumezko sukaldaririk onenaren saria, esaterako.

Arzak jatetxeak arrakasta handiko ibilbidea egin du. Elenarena laugarren belaunaldia da, eta argi du etorkizunean sukaldean jarraituko duela, dakiena egiten eta momentu bakoitzera ahal bezain ongi egokitzen. 

B1
2021-10-20
28816625
00:02:43
425