Afrika Bibang: izaera nomadako musikaria

Maiatzaren 25ean Afrikaren Nazioarteko Eguna ospatzen da, 1963. urtean egun horretan, Organisation of African Unity (OAU) erakundea sortu zelako. Aitzakia horren baitan jatorri afrikarra duen Afrika Bibang abeslari getxoztarraren musika ibilbidea ekarri dugu biografiaren atalera.

Bere jatorriari eutsiz eta, gainera, euskaraz sortzen du Afrikak.

 

 

 

 

Afrika Japonian, kontzertu batean. Argazkia: Afrika Bibang

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Izaera nomadako musikaria izan: batetik bestera ibiltzen den musikaria izan.

Jatorriari bizkarrik ez eman: bere sustraiei eutsi, sustraiak kontuan izan.

Korista lanak egin: musika-taldean bigarren ahotsa jarri, abestu.

Doinu gogorretan murgildu: musika-estilo gogorrak interpretatu.

Bakarka abestera animatu: Taldea utzita bakarrik abestea erabaki.

Munduan barrena ibili: Leku batetik bestera joan munduan zehar.

Musika-ibilbidea Euskal Herrian finkatu: musikan egin beharreko bidea Euskal Herrian egin.

 


Jaitsi
Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Afrika Bibang 1975. urtean jaio zen. Ekuatore Gineatik iritsi ziren bere gurasoak Euskal Herrira eta Getxoko Algorta auzoan jaio zen Afrika “euskaldun afrikarra”, horrela aurkezten du bere burua. Sekula ez dio bizkarrik eman bere jatorriari; nahita ere ezin, bere izanak eta izenak agerian uzten baitute.

Umetatik izan du musikarekiko zaletasuna. Gurasoek jarritako musika entzuten zuen etxean, musika beltza: afrikarra, soula, reggaea, jazza… Eta oso gazte zela hasi zuen bere musika ibilbidea, betiere ahotsa erdigunean jarrita. Ke no falta reggae taldean korista lanak egin zituen lehendabizi.

Gero, Lekeitioko Etsaiak taldean aritu zen. Reggae doinu lasaiak utzi eta zortzi urtez hardcore punk doinu gogorretan murgildu zen, bigarren esperientzia honetan ere bigarren abeslari modura koruak egiten. Fermin Muguruzaren belarrietara heldu zen Afrikaren ahotsa, eta Brigadistak Sound System diskorako fitxatu zuen. 1998. urtea zen.

Fermin Muguruza izan zen, hain zuzen, bakarka abestera animatu zuena. Ordurako, Afrikak bazuen bere musika ibilbidea hasteko gogoa. Sustraietara jo zuen 2004. urtean bakarkako lehenengo Entzun diskoan. Dantzarako musika nabarmentzen zen disko hartan, soul, rythm&blues eta hip-hop oinarriekin.

Musika beltza euskaraz, hori ere diskoaren beste ezaugarrietako bat zen; euskaraz bizitzeaz gain, euskaraz sortzea erabaki baitzuen abeslari getxoztarrak. Erabaki hark ezusteko oparia ekarri zion 2005. urtean: Korrikaren 14. edizioko abestia sortzeko proposamena eta, nola ez, Euskal Herriko errepideetan barrena milaka bider entzun genuen Ni ere bai abestia.

2008. urtean etapa berria hasi zuen Bartzelonan, musika lagun. Hamar urte luzez ibili da nomada baten pare munduan barrena Calima eta The Johnny Freelance Experience taldeekin: Japonia, Polonia, Paris, Beirut, Txina, Thailandia, New York…

Eta horixe islatu nahi izan zuen Nomadak izeneko bere azken lanean. 2004ko hartan bezala, soula, rythm&blues eta hip-hop doinuekin osatutako lana da. COVID 19aren pandemiak ez dio utzi nahi bezala zabaltzen, eta orain, kantu berriekin osatzen ari da lan hori. Etorkizunean musika ibilbidea Euskal Herrian finkatu nahi du, baina izaera nomadari jarraituz, azken lan hori munduko agertokietan ere plazaratu nahiko luke. 

B1
2021-05-19
28258932
00:03:01
5322