Begoña del Teso: zaletasuna lanbide bihurtu duen zinema-kritikaria

Prentsa Askatasunaren Nazioarteko egunaren aitzakian hautatu dugu biografiarako protagonista, baina bere jaiotza-datagatik ere izan zitekeen. Maiatzaren 3an ospatzen da lehena; maiatzaren 22an, berriz, 66 urte beteko ditu Begoña del Tesok.

Zinema pasioz bizi du, baina baditu beste afizio batzuk ere.

 

 

 

 

Begoña del Teso HABE aldizkariko kolaboratzailea izan zen. Argazkia: Lobo Altuna


Jaitsi
Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Begoña del Teso Donostian jaio zen, 1955. urteko maiatzaren 22an. Egun, kolaborazio ugari egiten ditu hainbat komunikabidetan, baina bere burua ez du kazetaritzat hartzen. Atsegin du, perrexila bezala, saltsatan ibiltzea: gustura sentitzen da Euskadi Irratian zinema-kritikak egiten, edo El Diario Vasco egunkarian elkarrizketak idazten. 4.500 elkarrizketatik gora egin omen ditu. HABE aldizkarian ere aritu zen kolaboratzaile gisa, 1987tik 2000. urtera.

Haurtzaroko oroitzapenak haizeak eraman dizkiola dio, baina gogoan du “oso gustura” joaten zela eskolara. Garai hartan ez zekien euskaraz hitz egiten eta eskolan gaztelaniaz aritzen zen. Lagun-taldea, ordea, euskalduna egin zuen, eta hasiera batean euskara arrotza egiten bazitzaion ere, lagunekin ikasi egin zuen. 1975. urtea zela ondo oroitzen du, urte hartan Peñaflorida Institutuan hasi zelako.

Institututik Martuteneko Hizkuntza Eskolara egin zuen jauzi; inork gutxik dakien arren, Begoña itzultzailea baitzen orduan. Euskal Irrati Telebistan egin zituen itzultzaile-lanak, eta bertan sartu zitzaion kazetari izateko harra. Orduz geroztik ohikoa da bere ahotsa irratian entzutea, edo bere kronikak hainbat egunkaritan irakurtzea. Batean zein bestean, erraz identifika daiteke bere sinadura.

Pasioz bizi du bere jarduna. Jende gehienak zinemarekin lotzen du grina hori, zinema-kritikari erreferentea delako komunikabideetan, eta zinema- jaialdi ezagunen jarraipena egiten duelako urtero: Donostia, Berlin, Cannes, Venezia… Zaletasuna lanbide bihurtzea lortu du, eta ez da lorpen makala.

Begoñak, ordea, baditu ezkutuko beste pasio batzuk: motorrak, adibidez, edota beldurrezko istorioak eta banpiroak, bere hitzetan, “munduko gizakirik ederrenak”. Zezenketak ere gustukoak ditu; nahiz eta berak dioen bezala, “politikoki zuzena ez izan”. Bera ere ez omen da politikoki zuzena, eta ez omen da aldatuko. Purutxoak erretzeari ere ez dio utziko: “erretzailea naiz eta harro nago”, horra hor bere aldarria.

Kirola ere maite du Begoñak. Maite bakarrik ez, bere zaletasun hori praktikan jartzen du, eskrima-eskolak hartuz. Bere hautua ez da oso konbentzionala, baina beste kirol, kakotx artean, “arruntagoak” ere jarraitzen ditu, esaterako, futbola. Realeko bazkidea da eta Eibarko akzioduna. Horrez gain, Sei Nazioetako Errugbi Txapelketa ikustea gustatzen zaio, eta boxeoa ere gogoko du.

B1
2021-05-05
28214652
00:03:10
736