Jose Luis Zumeta: kolore biziko margolaria
Jose Luis Zumeta Etxeberria margolaria 2020ko apirilaren 22an hil zen (Usurbil, 1939ko apirilaren 19a). Hirurogeiko hamarkadaz geroztik, euskal artista nagusienetako bat izan zen, eta ibilbide luze eta oparoa izan zuen.
Zumetaren lanak euskal kulturaren iruditerian geratu dira betiko.
Izenik gabe, 2017 olioa mihisean 150x300. Argazkia: Zumeta Arte Estudioa
Jose Luis Zumeta Usurbilen jaio zen, 1939ko apirilaren 19an. Gaztetatik erakutsi zuen marrazkiak egiteko zaletasuna. Fraideetan egin zituen lehen ikasketak, eta bere trebetasunarekin jabetuta, 14 urte zituela Gráficas Valverden lanean hasteko aukera eman zioten. Marrazkilari grafiko gisa aritu zen bertan.
Aurrez aipatutako zaletasuna eta trebetasuna agerian geratu ziren hurrengo urteetan zehar. 1958an, 19 urterekin, Espainiako Urrezko Domina lortu zuen, Madrilen, Pintura Joven lehiaketan. Ikasteko eta hobetzeko grinak ikasketa-prozesuan murgildu zuen bete-betean: 1959a Parisen pasatu zuen, Ameriketako abstrakzioa eta Europako abangoardiako joerak ezagutzen; 1960a Remigio Mendibururekin pasatu zuen Hondarribian, espresionismoa eta koloreak lantzen; 1962a eta 1963a, Stockholmen eta Londresen… ase-ezina zen bere jakin-mina.
1964an itzuli zen berriz ere Euskal Herrira, eta ordurako euskal artista nagusienetako bat bilakatzeko bidean zen. Ospe handiko beste artista euskaldunekin batera Euskal Eskolako Gaur taldearen sorreran parte hartu zuen. Besteak beste, Nestor Basterretxeak, Jorge Oteizak edota Eduardo Txillidak osatzen zuten taldea; haien asmoa zen nazioarteko abangoardiarekin harremana estutzea. Baita lortu ere. Aitzindariak izan ziren, eta erreferentziazkoak, Euskal Herrian zein nazioartean.
Ibilbide luze eta oparoa izan da Zumetarena. Koloreek margotzen laguntzen zioten berak esaten zuenez, eta koloreak dira, hain zuzen, bere obren ezaugarrietako bat. 2020. urtean hil zen, apirilaren 22an, koronabirusaren pandemia betean. Herritarrak etxeetan konfinatuta zeudela gertatu zen. Euskal jendarteak ez zuen nahi bezala agurtzerik izan artista, baina doluminak eta Zumetaren figura goraipatzeko mezuak Euskal Herriko eta atzerriko txoko askotatik entzun ziren.
Artista joan da, baina bere artelanetako asko euskal kulturaren iruditerian geratu dira betirako. Horietako batzuk dira: Pablo Picassoren Gernikari omenaldia koadroa, Usurbilgo pilotalekuaren atzean eta Pasaiako portuan egin zituen zeramikazko erliebe handiak, Mikel Laboaren diskoetako azalak, Joxean Artzeren poemei jarritako txori ezagunak, Argia astekariaren azala…
Gaur egun, Jose Luis Zumetaren lanak ikusgai daude hainbat museotan: Bilboko Arte Ederren Museoan, Donostiako San Telmon, Gasteizko Artiumen… eta bere barneko sortze-prozesua ezagutu nahi izanez gero, Enara Goikoetxeak eta Monika Zumetak, margolariaren alabak egindako Izenik gabe 200x113 dokumentalak ezin hobeto jasotzen du margolari usurbildarraren sorkuntza-lana.