Diego García, maratoi modernoaren aitzindaria
2001eko martxoaren 31n Diego García maratoilaria hil zen. Erretiroa hartu berritan gertatu zen ezbeharra, herritarren omenaldia jasotzeko bezperan. Loiolako ibilbidean entrenatzen ari zela bihotzekoak emanda hil zen, 39 urte zituela.
Maratoia prestatzeko molde berriak ekarri zituen azkoitiarrak; batez ere, horregatik gogoratzen dute adituek.
Diego García Europako Txapelketan bigarren postuan helmugaratu zen. Argazkia: Media-Maratón Azpeitia-Azkoitia
Diego García Azkoitian jaio zen, 1961. urtean. Atletismoari lotutako bizitza izan zen berea, baina profesional bihurtu baino lehen ez zuen ibilbide arrakastatsua izan. 10.000ko lasterketak egiten zituen, baina maratoirako jauzia eman arte ez zen nabarmendu. 1989. urtean egin zuen lehenengo maratoia, pentsa, 28 urterekin. Handik denbora gutxira, Euskal Herriko eta Espainiako espezialista onenetarikoa bihurtu zen.
Olinpiar Jokoetan, Munduko Txapelketetan eta Europakoetan parte-hartu zuen; baita emaitza bikainak lortu ere: Helsinkin, esaterako, bigarrena izan zen Europako Txapelketan; Gotemburgoko Munduko Txapelketan, seigarrena; Bartzelonako Joko Olinpikoetan, bederatzigarrena...
Txapelketa ugaritan hartu zuen parte Diego Garciak, baina adituek batez ere maratoia irauli zuelako gogoratzen dute. Eskola italiarrekoa zen azkoitiarra, eta entrenatzeko molde berria ekarri zuen. “Espainia osora zabaldu zen maratoi modernoaren aitzindaria izan zen Diego. Maratoia prestatzeko beste modu bat abiatu zuen, eta maila handiko maratoilariek jarraitu zuten”, horrela gogoratu zuen Txetxu Urbieta kazetariak eta Diegoren lagunak elkarrizketa batean. Hizketa bizikoa eta alaia zen Urbietaren esanetan.
Bertsozalea ere bazen Diego, amorratua. Eta apustuzalea ere bai. Bere bi pasioak uztartzen zituen dirurik jokatu gabeko apustuetan: bertsoa eta atletismoa. Esate baterako, apustu bat baino gehiago egin zuen bertsoaren eta korrika-saioen aitzakian.
20 urte joan dira Diego Garcia hil zenetik. Loiolako ibilbidean egin zituen azken kilometroak, gaur egun bere izena daraman lasterketa prestatzen ari zenean. Bihotzekoak jota hantxe geratu zen, lagun batekin entrenatzen ari zela. Eta hil zen leku berean dago bere omenez Xebas Larrañaga eskultoreak egindako estatua. Eskua gastatua omen du, aldamenetik pasatzen direnen artean haren omenez eskulturari eskua emateko ohitura zabaldu delako.