Plateruena, euskal kulturaren erreferentzia-gune

2004. urtean ireki zuten Plateruena Kafe Antzokia, Durangoko hiltegi zaharra kokatuta zegoen tokian. Ordutik, euskararen eta euskal kulturaren motor bilakatu da, 16 urteko ibilbidean 2.139 kultur ekitaldi eskainiz. Egoera ekonomikoak, ordea, antzokia ixtea ekarriko du, abenduaren 31n.

Durangoko Plateruena Kafe Antzokiak ateak ixtea erabaki du. Itxieraren arrazoi nagusia egoera ekonomikoa da. Azken urteotan ostalaritza eta kulturaren sektoreak bizi dituen zailtasun ekonomikoei koronabirusaren pandemiak eragindako egoera gehitu zaio. Hori horrela, ezinezkoa izan zaie aurrera egitea.

Durangoko kaleei bizitza eman die Durangoko Plateruena Kafe Antzokiak. Argazkia: Plateruena

Plateruenaren sorrera
1989an jaio zen Berbaro euskara elkartea Durangon eta haren bultzadaz heldu zen Plateruena 2004an. 1994an, euskara aisialdian sustatzeko taberna ireki zuten. Urte bat geroago, 1995eko abenduan, Bilboko Kafe Antzokiak ateak zabaldu zituen eta, gertaera hark antzeko proiektu bat martxan jartzeko ilusioa piztu zuen. 900 bazkideko kooperatiba sortu, Durangoko hiltegi zaharraren eraikina berritu eta 2004an jarri zuten abian Plateruena:  euskara, kultura eta herritarrak erdigunean jartzen dituen proiektua.

Ihintza Orbegozo, Plateruenako kultur programatzaileak argi du: “Euskal kulturgintzarentzat arnasgune bat bilakatu gara. Durangori era horretako espazio bat ematea zen asmoa. Programazio zabala eskaini dugu. Beti landu izan dugu herritarren parte hartzea, eta Durangoko eragile, elkarte eta norbanako askok lortu dute espazio hori haiena sentitzea. Hori guztia euskaraz”.

Durangoko Plateruenaren irekiera, duela 16 urte. Argazkia: Tokikom

Plateruena izenak ere badu bere zergatia: Antonio eta Juan Cruz de la Fuente Bolanjero anaia durangarren omenez dator. Zilargileak ziren ofizioz eta Plateruak esaten zieten, baina beraien lanbideagatik baino ezagunagoak ziren kultur arloko jardunagatik. Koplagile eta soinu-jotzaile trebea zen Juan Cruz eta dantzari iaioa Antonio. Kultura herrikoiari oso lotuta zeuden, Plateruena Kafe Antzokia bera bezala.

Kultur ekitaldien zerrenda luzea
Plateruena Kafe Antzokia euskalgintzaren erreferentzia-gune bilakatu da. Sortzaileei laguntzeko jaio zen eta askoren hasieraren testigu izan da. Euskaltzaleengan eta kultur zaleengan utzi duen arrastoa oso handia da.

Kontzertuak, herri ospakizunak, hitzaldiak, errezitalak, bertso saioak, dantzaldiak… 2.139 kultur ekitaldi 16 urteko ibilbidean. Kultur programazio finkoa eta kalitatezkoa eskaini du Plateruenak, euskalduna eta integratzailea. Nazioarteko eta Euskal Herriko artista garrantzitsuak oholtzaratu dira Plateruenan.

Han entzun eta ikusi direnak aipatzen hasita, Zilar Astea edo Hitzez eta Ahotsez urteroko kultur ekitaldiak aipatuko genituzke; eta, nola ez, kontzertu edo hitzaldi ugari, esate baterako, ondoko hauek eskainitakoak: Berri Txarrak, Xabier Lete, Ramon Jauregi, Maialen Lujanbio, Xabier Arzalluz, Mari Luz Esteban, Fermin Muguruza, Zea Mays, Debbie Harry, Nacho Vegas, Deluxe, Clem Snide, Swans, Minu-5, Jose Bove, Sanfausto edo inauteriak… Ekitaldien zerrenda amaigabea izan da Plateruenan.

Berri Txarrak taldea kontzertuan Plateruenan. Argazkia: Plateruena

Orbegozori barruak mugitzen zaizkio Plateruenako oroitzapenak gogoratzean: “Plateruena zabaldu zenean ikusle moduan etortzen nintzen kontzertuetara, hitzaldietara, parrandara; eta, ordutik, oroitzapen oso politak ditut. Nik, gainera, zorte handia dut eta beti miretsi izan ditudan taldeekin lana egitea egokitu zait. Sentsazio ederra da kontzertu edota ekitaldi handi bat amaitzean gelditzen zaizun hori; jendearen esker ona jaso, zure ingurukoak pozik ikustea”.

Etorkizuna
Jakintza, esperientzia eta erreferentzialtasuna da Plateruenak utziko duen oinordetza. Gauzak egiteko modu ezberdin bat ere utzi du. Beste lekuetatik ekarri zuten antzokiaren eredua, ez dute ezer asmatu. Herritarrak jarri dira proiektuaren erdigunean, beraiek izan dira protagonista nagusiak kulturarekin eta euskararekin batera. Euskal artistak eta nazioartekoak parez pare jartzea ametsa zen hasieran, baina amets hori egia bilakatzea lortu dute.

Kontzertu masiboek behera egin dute eta indarra hartu dute formatu txikiagoek eta ikusle espezifikoentzako espezializatutako ikuskizunek. Horretara ere moldatzea lortu du Plateruenak. Zoritxarrez, ezin izan dio aurre egin zailtasun ekonomikoei.

Milaka kontzertuz gozatu dute Plateruenan. Argazkia: EITB

Orbegozok Plateruena etorkizunean irudikatu du jada: “Nik uste dut eraikinak berak ematen duela aukera horrelako kultur proiektu bat bertan edukitzeko, eta nik uste dut Durangok behar duela, gainera, euskaratik eta kulturatik egindako proiektu sakon eta sendo bat. Nik uste Udalak ere baduela buruan horretarako izan behar duela, eta herritar guztiak ados daude helburu horrekin sortu zela eta xede horrekin jarraitu behar duela”.

Plateruena ixtera doa, baina orain bere lekua du guztion oroitzapenetan. Plateruenari jarraipena ematea da etorkizuneko erronka. Bidea hasita dago. Denborak erakutsiko du zer etorriko den.


Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Zer da Durangoko Plateruena Kafe Antzokia?
Bueno Durango Plateruena Kafe Antzokia, nik uste dut, Durangorentzat euskararen arnasgune bat izateaz gain, Euskal Herri osoan erreferente den leku bat dela, bai euskara aldetik eta bai kultur aldetik; ba bertan ekitaldi pila bat (asko) egiten dira urtean eta bueno horretaz (horrez) gain parrandarako, bazkaritarako edo kafe bat hartzeko leku bat da durangar askorentzat.

Nola sortu zen?
Nola sortu zen? Sortu zen, 2004. urtean ireki zen, (eta) bueno pixkat lehenago hasi zen proiektua; hau zen existitzen ez zen eraikin bat, matadero (hiltegi) zahar bat zena. Lehiaketa publikora irten (atera) zen (zuten) proiektua eta, bueno, Durangoko euskara elkarteak, Berbarok, erabaki zeuen (zuen) proiektu hau aurkeztea kafe antzoki formatuan ba pixkat hortarako ez? Kultura eta euskara bultzatzeko eta arnasgune hori sortzeko bertan. Eta hainbat herritarren diru eta boluntario ekarpenekin denon (guztion) artean eraiki zen eta 16 urte eta gero hementxe (hemen) gare (gaude).

Zer du berezi Durangoko Plateruena Kafe Antzokiak?
Bueno berezi ba beste askok bezela ez? Baina behin eta berriro aipatzen gabiz (gabiltza), zeba gehienbat (izan ere) jende askok musika aretotzat dauka, baina Durangon, nik uste dut, oso garrantzitsua dela euskarari egiten dotzan (dion) ekarpena. Azkenean herri handi bat da eta, Euskal Herri mailan, beste herri batzuetan igual (agian) ez da hainbeste nabaritzen, baina hemen euskararako joera ez da hain (horren) handia espero dugun moduan, eta uste dut honek horretan laguntzen dauela (duela): pixkat jendea euskalduntzen eta, hori, arnasgune bat izaten herrian.

Ibilbide gorabeheratsua izan da?
Bueno nik uste dut egon direla hasieran oso urte oparoak ez? Ba bueno egoerabe (egoera ere) hala (halakoa) zelako eta gero hor egon ean bolada bat, pixkat krisi ekonomikoa hasi zenean eta, zailtasun handiak egon ziren. Ni oraindik ez nengoen hemen, baina zailtasun handiak egon ziren, baina horrek balio izan zigun pixkat ere berritzeko ez? Pixkat buelta bat emateko zer nahi dogu (dugun), zer gara (garen) eta nondik gatoz (gatozen) eta nora goiaz (goazen) ez? Eta hor egin ziren herritarrekin holako (horrelako) parte-hartze prozesu bat egin zen eta jende askok hartu zouan (hartu zuen) parte. Eta pixkat hortik eman zen pausua gaur egun den honetara, lehen igual (agian) bai zen geixau (gehiago) ba formatu handiko, holako dimentsio handietako esto bat (zerbait), eta pixkat herritarragoua (herriarena) izatera pasatu zen.

Zer nahiko zenuke etorkizunean?
Bueno ba pixkat gaur egungo eredu hontatik abiatuta ez? Nik uste dut hemen eraikina berak ematen dauela (duela) aukera horrelako kultur proiektu bat bertan edukitzeko eta, nik uste dut, Durangok behar dauela (duela) gainera. Euskal Herriak bebai (ere bai) baino batez ere Durangok, eta durangaldeak behar duela horrelako (zerbait) euskaratik eta kulturatik proiektu sakon bat eta sendo bat. Orduan, ba nik espero dot (dut), etorkizun batean beste horrelako honen segida ez? Honek hau abiapuntua izatea beste zeozertara (zerbaitetara) heltzeko eta bai, nik uste dut, udalak ere badaukala (baduela) buruan horretarako izan behar dela eta, nik uste dut, herritar guztiak ados gaudela hau horretarako sortu zela eta horretarako jarraitu behar dula (duela).

B1
2020-12-11
26450936
00:03:56
556