Ibilgailu elektrikoak, etorkizuneko garraioa

Mota guztietako ibilgailu elektrikoak ugaritu egin dira azken urteotan. Klima-aldaketak eta petrolioaren prezioaren igoerak ekarri du jendeak garraio-moduak aldatzea. Hirietan, esaterako, bizikleta elektrikoen erabilera asko hazi da.

Ibilgailu elektrikoek indarra hartu dute azken urteotan. Sortu, XIX. mendean sortu ziren, baina XXI. mendera arte motordun ibilgailuetan gasolina eta gasolioa izan dira nagusi. Orain, ordea, ibilgailu elektrikoen erabilera areagotu egin da; batetik, erregaien prezioa igo egin delako, eta bestetik, ingurumena babestu nahi delako.

Auto elektrikoa kargagunean. Argazkia: Waldemar Brand

Mota guztietako ibilgailu elektrikoak daude gaur egun: tranbiak, trenak, metroa, autoak, autobusak, motorrak, itsasontziak, hegazkinak, kamioiak, patineteak edota bizikletak. Adituen, arabera, gainera, hazten jarraituko du, eta 2030erako % 22ko hazkundea izango du.

Ibilgailu elektrikoek dituzten onurak argiak direla dio Igor Gonzalezek, Dbus-eko (Donostiako tranbia konpainia) zuzendari kudeatzaileak: “Nik uste dut abantailak argiak direla. Alde batetik, zure igorpen kutsatzaileak asko murrizten dituzu; ez dago erregai fosilaren erreketa. Bestalde, isiltasuna aipatuko nuke. Alderatzen baduzu diesel motorrez dabilen autobus bat elektriko batekin aldea nabarmena da”.

Bizikleta elektrikoen hazkundea
Lau gurpileko ibilgailuetan hazkundea sumatu da; hala ere, bi gurpilekoetan ez da gutxiago izan: bizikletak edo patineteak, esate baterako, asko ugaritu dira. Batez ere hiriburuetan antzeman da igoera hori, eta eskaera ikusirik, Donostian, Bilbon eta Iruñean bizikletak alokatzeko zerbitzu publikoak martxan dira aspalditik. Arrakasta duten zerbitzuak dira, baina COVID-19ak eragin die, eta denbora batez eten ere egin dira zerbitzu horiek.

dBizi sistema berritua
Donostiako dBizi zerbitzuaren kasuan, sistema berria diseinatzeko aprobetxatu dute etenaldia, eta jada berriz martxan da Dbus konpainiaren ardurapean.

Donostiako Antigua auzoan jarri duten bizikleten geltoki berrietako bat. Argazkia: Ikasbil

dBizi sistema 2013an jarri zuten martxan lehendabizikoz. 2020an berritu ondoren abiatu da berriz zerbitzua 32 geltokirekin eta 267 bizikleta mekanikorekin. Bigarren fasean 12 geltoki berri gehituko zaizkio, eta 120 bizikleta, kasu honetan, elektrikoak izango dira. Lau urte pasatzen direnerako 69 geltoki eta 574 bizikleta erabiltzeko aukera izango da Donostian. Geltoki guztiak mistoak izango dira, hau da, bizikleta mekaniko zein elektrikoak egongo dira eskuragarri. Bizikleta elektrikoek kolore berdea izango dute eta mekanikoek urdina.

Bizikleta elektrikoen erosotasuna
Bizikleta elektrikoei esker hiriko edozein txokotara iritsi daitezke hiritarrak. Hala dio Josu Nabarnizek, bizikletaz lanera joaten den donostiarrak: “Ez dio axola erabiltzailearen adinak ezta egoera fisikoak ere. Bizikleta elektrikoarekin urrutien dauden auzoetara eta leku aldapatsuenetara iristeko gai da edonor. Hain justu, aldapan gora erabiltzen da gehien bizikleta elektrikoa”.

Bizikleta elektrikoak oso erosoak dira hirian barrena mugitzeko. Argazkia: Ikasbil

“Nik esaterako – jarraitu du Nabarnizek – bizikleta Groseko geltokian hartzen dut, Katalunia plazan dagoen geltokian. Handik Antiguora etortzen naiz bidegorria erabiliz. Kontxatik etortzea atsegin dut, pasealeku ederra da lanera joan zein bueltatzeko. dBizi zerbitzua niretzat oso erosoa da, izan ere, ez dut autobusaren ordutegiaz edota autoa aparkatzeaz arduratu behar. Gainera hiritar guztiek dute geltokiren bat etxetik gertu”.

Zerbitzuak bizikletaz gozatzeko aukera eskaintzen du, baina horretarako beharrezkoa da erabiltzen den bizikletaren zaintza egokia egitea. Nabarnizek azpimarratzen duen moduan, “Norberarena balitz bezala zaindu behar du erabiltzaile bakoitzak hartzen duen bizikleta, azken finean, bizikletak guztionak dira. Guztiok nahi izaten dugu egoera onean egotea hartzen dugun bizikleta”.

Etorkizuneko mugikortasuna: elektrikoa
Bizikleta elektrikoaren erabilera batez ere hirietan antzeman da, baina ibilgailu elektrikoen areagotzea orokorra da. Klima-aldaketak erakutsi du etorkizuneko mugikortasuna ibilgailu elektrikoen bidetik datorrela. Energia % 100 berriztagarria da, CO2 isurpenik gabe eta zaratarik gabe. Ibilgailu elektrikoak kargatzea, gainera, gasolioa botatzea baino merkeagoa da, eta mantenu aldetik behar gutxiago dituzte.

Dbus konpainia pixkanaka bere flota berritzen ari da. Argazkia: Ikasbil

Horregatik Igor Gonzalezek, DBuseko zuzendari kudeatzaileak argi du: “Etorkizuneko mugikortasuna ekologikoa izango da, berdea. Ezin ditugu erregai fosilak dituzten motorrak erabili, hori uste dut argi dagoela. Bertan, mix teknologiko bat egongo da: alde batetik, autobus hibridoak, gero eta presentzia gutxiago izango dutenak eta, bestalde, floten elektrifikazioak. Hori guztia auskalo mugikortasuneko zein beste elementu integratuta”.

Etorkizuna hortik datorrela ikusita, sektorea oso azkar ari da aurrera egiten. Ibilgailu elektrikoen autonomia gero eta handiagoa da, eta kargaguneen sarea gero eta hedatuagoa dago.

 


Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Zein da Dbusen mugikortasun eredua?
Donostiako tranbia konpainia gara, 1886. urtean sortutako konpainia. Nik esango nuke gure mugikortasun ereduak hiru zutabe nagusi dituela: alde batetik, erosoa izan behar du; guk eskaintzen dugun zerbitzuak erosoa izan behar du. Jasangarria izan behar du eta nolabait ere erakargarria.

Zein motatako ibilgailuak erabiltzen dituzue?
Teknologiaren aldetik esango nizuke hiru multzo inportante (nagusi) ditugula: alde batetik, orain arte autobus tradizionala izan dena, dieselen bitartez aritzen direnak, hori bloke (multzo) handi bat izan da. Eta, orain, batez ere 2014. urtetik aurrera, elektromugikortasuna lantzen hasi gara. 2014tik aurrera bi bide desberdin hartu ditugu gure zerbitzua geroz eta jasangarriagoa izateko. Alde batetik(an), hartu den erabakia izan da ez ditugula diesel bitartez aritzen diren autobusak erosiko. Erosketa guztiak izango dira bai autobus hibridoena eta bai autobus elektrikoena. Orduan jada lortu dugu, gutxi gorabehera, gure flotaren %40 autobus elektrikoena izatea eta autobus hibridoena.

Zein dira mugikortasun elektrikoaren abantailak?
Nik uste dut abantailak argiak direla. Alde batekin(an), zure igorpenak, zure igorpen kutsatzaileak, asko murrizten dituzu; ez dago erregai fosilaren erreketa, ez dago. Beste aldetik(an), isiltasuna aipatuko nuke. Konparatzen (Alderatzen) baduzu diesel motorrez aritzen den autobus bat elektriko batekin aldea nabarmena da.

DBizi sistema kudeatzen hasiko zarete. Nolakoa da sistema berria?
Ikusi genuen irtenbide edo soluzio teknologiko egokiena sistema misto batena dela. Alegia, nolabait ere, konbina ditzagun bizikleta elektrikoak eta mekanikoak; lortu dezagun kopuru handi bat eta, horrela, lortuko dugu sistemaren arazo logistikoak ahalik eta gutxienak (txikienak) izatea.

Nolakoa izango dela uste duzu etorkizuneko mugikortasuna?
Alde batekin(an), mugikortasun ekologikoa izango da, berdea. Ezin dugu (ditugu) erregai fosilak dituzten motorrak erabili, hori uste dut argi dela (dagoela). Bertan, nolabait ere, mix teknologiko bat egongo da: alde batetik(an), autobus hibridoak izango ditugu, geroeta presentzia gutxiago izango dutenak. Eta, bestalde, nolabait ere, flotaren elektrifikazioak indar handiagoa hartuko du. Eta guzti hau (hau guztia) lehen esandakoarekin konbinatuz, alegia, beste mugikortasun ereduak kudeatuz; bai bizikleta publikoa edo etorkizunean auskalo mugikortasuneko zein elementu integratuz.  

 

B1
2020-11-27
24545137
00:03:36
1083