Ordenaren eta desordenaren arteko elkarbizitza
Pertsona bakoitzak bere ohiturak ditu etxean, eta beste norbaitekin bizi garenean desberdintasunak ikusten dira. Pertsona ordenatu bat desordenatua den beste batekin elkartzen denean, uste baino eragin handiagoa izan dezake haien elkarbizitzan.
Elkarrekin bizi diren pertsonek ordenaren inguruan ikuspegi desberdina baldin badute, malgu jokatzen ikasi behar dute. Hori da adituek esaten dutena. Hitz egin behar da, negoziatu, eta nolabait denak gustura egoteko modua aurkitu. Hori egiten ez bada, elkarbizitza ezinezko bihur daiteke.
Sukaldea jaso gabe. Argazkia: Piqsels
Horregatik, konfinamendua proba zaila izan da batzuentzat. Egun asko pasatu ditugu etxetik atera gabe, etxekoekin espazioak partekatu ditugu, normalean baino ordu gehiago pasatu ditugu elkarrekin... Horrelako egoera batean inoiz baino argiago geratzen dira bakoitzaren jarrerak, eta istiluak sor daitezke: adibidez, bizikideetako bat bestea baino ordenatuagoa denean. Izan ere, ordenak, garbitasunak, etxeko lanen banaketak.... guztiak eragiten du elkarbizitzan.
Zenbait aholku
Argi dago konfinamendua bezalako egoerak gertatzen direnean zaila dela espazioak nahi bezala edukitzea: etxea lantoki, eskola, eta aisialdi-leku bihurtzen denean, gauzak lasaiago hartu beharra dago. Helburu hori lortzeko, aholku batzuk bildu ditugu. Malgua eta tolerantea izatea da oinarrizko aholkua, baina badira beste batzuk: adibidez, etxeko-lanen banaketa egitea, bakoitzak zer egin behar duen jakiteko eta inorekin zorrik ez duela sentitzeko. Hitz egitea da beste gakoetako bat: zerbaitegatik gaizki sentitzen bazara, horretaz hitz egin, zu nola sentitzen zaren kontatu, baina ez errudunik bilatu. Eta haserrealdi baten ondoren, ez hitz egin momentuan. Hobe da denbora pixka bat pasatzen uztea lasaitzeko, eta patxadaz hitz egiteko.
Gauzak bere tokian egoteak lasaitasuna ematen die pertsona ordenatuei. Argazkia: Wikimedia Commons
Norberak beretzako denbora-tarte bat izatea ere garrantzitsua da. Ez dago egun osoa elkarrekin egon beharrik. Momentu horiek aprobetxa ditzakegu gure gustuko gauzak egiteko. Horrela, gero besteari entzuteko jarrera hobea izaten dugu. Eta komunikatzea, bikotekidearekin edo gainontzeko bizikideekin hitz egitea, ezinbestekoa da. Hartu denbora horretarako. Komeni da bakoitzak bestea nola dagoen jakitea. Aholku hauek guztiak aplikatuta emaitza positiborik lortzen ez bada, beti dago adituengana jotzeko denbora.
Ordena-kontua
Ordena, garbitasuna edo etxeko lanen banaketa beti dira garrantzitsuak elkarbizitzarako. Ordenari dagokionez, ordenatua izatea bezala, desordenatua izatea ere onargarria da, bat ez da bestea baino hobea. Baina arazoa sortzen da, adibidez, bikote batean, ordenaren pertzepzio desberdina dutenean. Ordena baloratzen duenak bakea eta lasaitasuna sentitzen du gauzak ordenatuta daudenean. Desordenatua denak, berriz, ez.
Txirrindak gordetzeko tokia, ordenatua eta desordenatua. Argazkia: Ikasbil
Enpatia izatea inportantea da. Ordenatua den pertsonak desordenaren aurrean zer sentitzen duen adierazi behar dio bikotekideari, eta saiatzeko eskatu. Baina ondoren, bikotekidearen ahalegin hori onartzen jakin behar du. Desordenatua denak egunean pare bat aldiz bestearen tokian jartzen saiatu behar du. Orduan, agian, armairua txukuntzeko edo gela ordenatzeko erabakia hartuko du. Garrantzitsuena erdibidea aurkitzea da, biak gustura egongo diren puntua.
Pertzepzio bera, arazorik ez
Gaiari buruz ikerketa asko egin dira, eta ondorio nagusia da tolerantzia-maila psikologiko desberdinak daudela ordenaz eta garbitasunaz ari garenean. Erleekin konparatzen dute batzuek, eztia ekoizteko prozesuan parte hartzen duten erleekin. Produkzio handia duen erle batek ikusten badu beste bat ez dela maila berera iristen, gai da zoratu arte lan eta lan jarraitzeko eztiaren ekoizpena jaitsi ez dadin.
Pertsona desordenatuak pozik egoten dira gelak itxura jasanezina izanda ere. Argazkia: Good Free Photos
Teoria horren harira Arizonako unibertsitatean egindako ikerketa bat aipatuko dugu. Sexu bereko ikaskideak (generoak heziketan izan dezakeen eragina baztertzeko) binaka jarri zituzten logeletan. Biak oso desordenatuak ziren kasuetan, gelaren itxura jasanezina izan arte ez zuten inolako premiarik sentitu pixka bat ordenatzeko. Eta biak oso pozik bizi ziren horrela. Gauza bera oso ordenatuak ziren ikaskideen kasuan: dena txukun ordenatuta, eta biak gustura zeuden. Pertzepzioa desberdina zen kasuetan, ordea, erreakzioak sortzen ziren: batzuetan erleen modura, besteen lanak eginez, edo garbiaren gainean garbituz.
Beraz, ez dago onik edo txarrik, sekretua erdibidea aurkitzea da.