Miriam Makeba, giza eskubideen ahots afrikarra

Hegoafrikan apartheid-aren kontrako borrokan gogoz aritu zen Miriam Makeba; ondorioz, erbestean pasa zituen 30 urte. Miriam, berez, abeslaria zen: abestietan doinu etnikoak eta jazza nahasten zituen.

Zenzile Miriam Makeba Hegoafrikan jaio zen, Johannesburgon, 1932ko martxoaren 4an. Familia behartsua zen. Amak etxeak garbitzen egiten zuen lan eta Miriamek txikitatik lagundu zion amari zeregin horietan. Abestea oso gustuko zuela konturatu zen. Hasieran eskolan eta elizan abesten zuen. 50eko hamarkadan, ordea, Manhattan Brothers taldean hasi zen abesten. Ondoren bere talde propioa sortu zuen: The Skylarks.  

Miriam Makeba 1969an. Argazkia: Wikimedia Commons

Hegoafrikan garai gogorrak ziren. Apartheidaren aurka borrokan konprometitu zen, eta horren ondorioz Hegoafrikako erregimen arrazistak baztertu egin zuen.  Miriamek 60ko hamarkadan apartheidaren kontrako dokumental batean parte hartu zuen: Come back Africa. Veneziako jaialdian estreinatu zuten eta Miriam jaialdira joan zen abestera. Hegoafrikako gobernuak irteera hori aprobetxatu eta itzultzea debekatu zion. Bere disko guztiak ere debekatu zituzten. Ordurako bazen apartheidaren kontrako ikurra, eta musikari gisa fama handia zuen Hegoafrikan. Makeba Veneziatik Londresera joan zen; handik Ameriketako Estatu Batuetara (AEB), eta azkenik, Gineara, ABEn ere jazarpena sufritu zuelako.

Grammy saria

Bitarte horretan diskoak kaleratzen eta mundu osoan ospea lortzen jarraitu zuen. Bere ahots gozoarekin eta itxurarekin erraz bereganatzen zuen jendea. Inork baino hobeto eraman zituen eskenatokira doinu eta jantzi afrikarrak. Jazzaren moduko beste musika estiloekin nahastu zituen doinu horiek eta arrakasta handia lortu zuen: adibidez, 1966an Pata Pata abestia mundu osoan egin zen ezagun. Urtebete lehenago, Grammy saria eskuratu zuen. Horrelako sari bat jaso duen lehendabiziko emakume beltza bihurtu zen Makeba.  

Makeba Frantzian kontzertu batean, 1991n. Egilea: Rolan Godefroy (CC BY 3.0)

30 urte erbestean pasatu ondoren 1990ean itzuli zen Hegoafrikara. Nelson Mandela espetxetik atera eta aldaketa politikoa iritsi zenean izan zuen Makebak itzultzeko aukera. Ordurako jada munduan osoan Mama Afrika (Ama Afrika) ezizenez ezaguna zen.

Musikari moduan, giza eskubideen aldeko borrokari lotuta jarraitu zuen bizitza osoan. Besteak beste, 2001ean Otto Hahn bakearen saria eta  2002an Polar Music Prize saria jaso zituen.

Mama Afrika, bere azken kontzertuetako batean. Egilea, azalekoa eta hau: tom.beetz (CC BY 2.O)

Azkeneraino abesten

2005era arte jarraitu zuen abesten eta diskoak argitaratzen. Ondoren, noizbehinka parte hartzen zuen ekitaldi batzuetan, eta horrela jarraitu zuen hil arte. Azken bi urteetan osasun-arazoak izaten hasi zen. Bere azken kontzertua Italian eskaini zuen, Caster Volturno hirian. Arrazakeriaren eta mafiaren kontrako kontzertu horretan ordu-erdi inguruko saioa egin zuen. Bukatu ondoren ondoezik sentitu zen, eta bihotzekoak jota hil zen. 2008ko azaroaren 9a zen. 


B1
2020-03-10
21648793
6104