Belarrondokoak ematea, legez kanpo

Garai batean seme-alabei ipurdiko bat edo zaplaztekoren bat ematea ez zen gauza arraroa. Gaur egun, legeak zenbait muga ezartzen ditu horren inguruan.

Gurasoek ez dute beti lortzen seme-alabek beraiek esandakoa egiterik, eta haurrek duten jarrera desegokia nola aldatu jakitea ez da lan erraza izaten. Duela 40 urte inguru, esaterako, zigor gogorrak jartzen zizkieten etxeko txikiei, baita belarrondoko edo ipurdiko bat baino gehiago eman ere. Gaur egun, legeak muga batzuk ezartzen ditu, baina zailena tratu txarrak egon diren ala ez argitzea da.

Frantzian legeak duela gutxi debekatu du haurrei belarrondokoak ematea eta Espainian, berriz, 2007tik indarrean dago horrekin lotutako legea. Azken horrek hauxe dio: “gurasoek ez dute adin txikikoak indarkeriaren bitartez zuzentzeko eskubiderik”. Hala ere, jurisprudentziak hainbat zigor fisiko justifikatzen ditu haurrak hezteko modua dela argudiatuta eta, betiere, muga batzuk gainditu gabe.

Santiago Goñi Zabala bulegoko mahaian.

Gai horren inguruan legeak zehazki zer esaten duen jakiteko, Santiago Goñi Zabala abokatuarekin elkartu gara. Familia-ereduen aldaketaz, eskubide eta betebeharrez eta justiziak dituen zailtasunez hitz egin dugu berarekin.

Indarkeria bi norabidetan
Indarkeriak bi norabide izan ditzakela azaldu digu Goñik: gurasoek seme-alabei eragindakoa eta seme-alabek gurasoei eragindakoa. Lehenengo kasuan, adingabekoei egindako mina identifikatzea zaila da eta irakasleek, medikuek edo ingurukoek detektatzen dute normalean. “Haurren bati zerbait gertatzen zaiola uste badugu, Adingabekoen Fiskaltzari jakinarazi behar diogu. Haiek informazioa jaso, ikertu eta salaketa jar daitekeen ala ez erabakiko dute”, azaldu digu Goñik.

Harrigarria badirudi ere, gaur egun, salaketa gehiago jartzen dituzte gurasoek seme-alaben aurka alderantziz baino: “Familia-eredua zeharo aldatu da, familiako guztiek dute iritzia emateko eskubidea, eta horrek kideak parekatu egin ditu. Lehen, gurasoek agintzen zuten eta seme-alabek esandakoa bete. Orain, denek ematen dute iritzia eta, ondorioz, gatazka gehiago sortzen dira. Gatazka horiek indarkeria ekartzen dute askotan”.

Haur bat eskuekin belarriak tapatzen.

Modu batera edo bestera izanda ere, argi dago: biolentzia ezin da hezteko erabili. “Non dago indarkeria fisikoaren eta psikologikoaren muga? Zein dira tratu txarrak eta zein ez? Biolentziak aztarnak uzten ditu eta, horiek sendatzeko behar duten denboraren arabera, indarkeria egon den ala ez erabakitzen dute epaileek. Gehiegikeriak identifikatzea da errazena, baina konplexua izaten da zer gertatu den jakitea, aztarna argirik ez dagoenean”.

Betebeharrak eta eskubideak
Legeak indarkeriari buruz esaten duenaz gain, Santiago Goñik beste kontzeptu bat azpimarratu digu: guraso-ahala (patria potestad) izenekoa. “Gurasoek hainbat eskubide eta betebehar dituzte, baina familia barruan horiek batu egiten dira. Adibidez, seme-alabekin bizitzeko eskubidea dute eta, aldi berean, obligazioa ere bada”, kontatu digu.

Betebehar eta eskubide horien zerrenda luzea da: heztekoa, hizkuntza bat irakastekoa, haiekin bizitzekoa, jaten ematekoa, balioak transmititzekoa…  “Kultura ere aurreko horiek bezala jasotzen dugu seme-alabok”.

Santiago Goñi Zabala bulegoan liburua irakurtzen.

Baina etxeko txikiek ere badituzte betebeharrak: “Seme-alabek ere badituzte obligazioak. Zein? Batez ere, adingabekoak diren bitartean, gurasoek agindutakoa betetzea. Gainera, 18 urte betetzen dituztenean, gurasoak zaintzea eta laguntzea izango dira betebehar nagusiak, baita haiekiko errespetua izatea ere”.

Eta zuri, garaiak asko aldatu direla iruditzen zaizu? Zer desberdintasun dago lehen etxean jasotzen genuen heziketatik oraingora? Ezagutzen al dituzu gurasoen eta seme-alaben eskubide eta betebeharrak?

 


Transcripción:[+] Transcripción:[-]

1. Familia barruan zein biolentzia kasu eman daitezke?
Familia barruan dagoen biolentzia, eta kasu honetan, aipatzen dugu biolentzia bi zentzutan: alegia, gurasoengandik seme-alabengana, goitik behera, eta seme-alabengandik gurasoengana, ezta? Behetik gora. Bi kasu erabat desberdin(ak) dira.
 2. Hitz egin dezagun gurasoek seme-alaben aurkako indarkeriari buruz…
Seme-alabek gurasoen kontra horrelako denuntziak, horrelako salaketak jartzea ez da ohikoa. Konturatu behar gara (dugu) seme-alabak gurasoen menpe daudela, eta gurasoek ordezkatzen dute (dituzte), gurasoek euren ondasunak, azken finean… dago nolabaiteko menpekotasun-harreman bat. Beraz, denuntzia horiek seme-alabek ez dute (dituzte) jartzen. Izaten direnean (denean) etxe barruko biolentzia hori zentzu horretan, goitik behera, orduan, zantzuak, aztarnak beste lekuetan nabaritzen direla (dira): bai auzoan bertan, auzokideen artean, eta baita ere haur horiek eskolara dijoazenean (doazenean), eta irakasleek, maisuek, andereñoek nabaritzen dute, bueno, kalteak jasan dituztela. Edo baita ere beraien egoera psikologikoa, zeren ez da bakarrik biolentzia fisikoa, baita ere existitzen da biolentzia psikologikoa, eta haiek (irakasleek) antzematen dute. Maiz ere gertatzen da ospitaletara haurrak joaten direla, nonbait urgentzietara, kalte bat jaso dutelako, eta orduan medikuek obligazioa daukate jakitea (jakiteko) kalte horiek, nonbait aztarna horiek, kalte fisiko horiek nola sortuak izan diren. Eta ez dute sinetsi behar zuzenean gurasoek emandako bertsioa.
 3. Alderantzizko egoera gehiagotan ematen omen da: seme-alabek gurasoekiko indarkeria…
Nonbait esaten dugu horrelako biolentzia gorantz dijola (doala), ezta? Bueno, nik esango dizut, ni ez naiz soziologoa eta, beraz, ez dakit gehiago edo gutxiago dagoen beste garaitan baino. Nik badakit epaitegietan horrelako gaiak askoz ere presenteago daudela eta nabarmenki denuntzia horien kopurua igo egin da. Zein da egoera edo nondik datorren horrelako egoera bat? Bueno, gertatzen da familiaren eredua eta familiaren hierarkia kontzeptua erabat aldatu da azkeneko urteetan. Aspaldian eta aspaldian esaten dut azkeneko 40, 50 urteetan, nonbait prozesu bat sortu izan da, non familia, ez dakit, hitza ez da egokia, baina demokratizatu da zentzu batez; alegia, denei eskatzen zaie opinioa (iritzia) eta denek daukate nolabaiteko indarra edo opinioak (iritziak) badauka indarra nolabaiteko harremanetan eta erabakiak hartzeko garaian. Bueno, opinio (iritzi) hori errespetatzen ez denean sortzen dira konfliktoak (gatazkak). Garai batean, norbaitek agintzen zuen, eta gainontzekoek obeditu eta punto (puntu), ezta? Egoera horretan sortzen dira konflikto (gatazka) gehiago, desoreka gehiago. Horrek ekartzen du desorekaren aurrean batzuetan erantzuna biolentoa izaten dela…

 

B1
2020-01-17
  • Malutafilms
21320221
00:03:26
8963