2020an zer berri?

Urte-bukaeran beti egiten da galdera hau: zer gertatuko da datorren urtean? Handik eta hemendik hainbat berri bildu ditugu, gehienak teknologiaren ingurukoak, baina ez bakarrik eremu horretakoak. Zuk, irakurle, zer ikusi nahi zenuke zerrendan?

1.    Pizza eramateko droneak. Zeelanda Berrian jada egin dituzte saiakera batzuk, eta badirudi 2020an asko ugalduko direla droneak hainbat gauza garraiatzeko. Amazon-ek ere dronez bete nahi omen du zerua, Amazon air Prime egitasmoa gauzatzen bada. New Yorken egunero milioi bat pakete entregatzen dituzte hainbat enpresak. AEBko Zipline enpresak, berriz, droneak erabiltzen ditu Ghana (Afrika) herrialdera botikak eramateko.


2.    Uber-ek taxi hegalariak nahi ditu, eta Dallasen egingo omen ditu lehen saiakerak. Parisen ere, Sena ibaian, ari da beste enpresa bat auto hegalari batzuk probatzen eta, dena ondo badoa, 2020an ur-azaletik oso gertu ibiliko omen dira, baina ura ukitu gabe.

3.    Oraindik ez du Espainiako RAEk onartu, baina uda hainbeste ari denez luzatzen, batzuk hasi dira urte-sasoi berri bat sortu dela esaten: veroño deitzen diote. Guk ere sortuko ote dugu antzeko hitzen bat 2020an? Agian ez daukagu sortu beharrik: udazkena hitzak barnean baitu uda.
4.    Tokioko Joko Olinpikoetan bisitariek eta kirolariek laguntza handia izango omen dute. Nonbaitera joan nahi badute, robotek esango diete non dagoen. Baliteke janaria ere robotek zerbitzatzea, eta zehaztasun handiz neurtu behar diren kirol-probak robotek neurtzea.
5.    Saudi Arabian munduko etxe orratz luzeena ikusiko dugu 2020an: Jeddah dorrea, kilometro bateko luzera izango duena. Behatoki bana izango omen du 156-157. solairuetan, 600 metrora. Igogailuek minutu batean eramango dituzte bisitariak bertaraino.

6.    Dubain Dubailand jarri nahi dute, Floridako Disney Word-en bikoitza izan nahi duena, Dubaiko aireportutik hamar bat minutura.

7.    Los Angelesetik San Frantziskora ordu-erdiz joan ahal izango da Hiperloop tren supersonikoan. Egun ordubete behar da hegazkinez joateko eta sei, autoz. Forbes aldizkariaren arabera, kilometro bakoitzak 52-75 milioi dolarreko kostua izango du.   

8.    Munduan gidaririk gabeko 10.000 auto egongo omen dira errepideetan. Horretan ari dira munduko auto-saltzaile handienak, nor baino nor.
9.    Eguzki-izpiak argindar bihurtzeko leihoak jarri nahi dituzte Ameriketako Estatu Batuetan. Baliteke aurrerago autoetako kristalek ere holako leihoak izatea.
10.    Mark Post zientzialari herbeheretarrak, 2013an, behi baten zelula amatik haragi-puska bat sortu zuen laborategian, behia hil gabe alegia. Teknika patentatu egin du eta haragi-mota hori salgai izango omen da Europan eta AEBn 2020an.

11.    DVDak, CDak, USBak… informazioa gordetzeko tresnen erabilera izugarri murriztuko omen da 2020tik aurrera, gero eta ohitura handiagoa dagoelako informazio guztia lainoan gordetzeko.


12.    Espainian, garai bateko pezetak dituenak euroak jaso ditzake ordainetan, Espainiako Bankura joanda. 2020a izango da horretarako azken urtea. Hori Hego Euskal Herrian, Iparraldean aspaldi amaitu baitzen denbora. Beste herrialde batzuetan, Italian eta Alemanian kasu, edozein unetan egin daiteke aldaketa.


13.    Euskaraldia egitasmoak lantokietan euskaraz aritzeko guneak sortu nahi ditu 2020ko edizioan.
14.    Eta abar.

 

 


B2
2020-01-09
21233062
7879