Diana Athill: mende-erditik gora argitaletxeen arloan eragiten

Diana Athill-ek ibilbide bikaina egin zuen argitaletxeen munduan, 50 urtetik gorakoa; eta horietatik gehienak zuzendari moduan. Baina idazle gisara egindako lanengatik ere jaso zuen aitortza, baita sariak ere, 80 urtetik gora zituela.

 Azaleko argazkia: Daily Beast (Colin McPherson)

Diana Athill 1917ko abenduaren 21ean jaio zen. 101 urte zituela hil zen, 2019ko urtarrilaren 23an. Lehen Mundu Gerra bete-betean jaio zen, Londresen, zepelin bat hiria bonbardatzen ari zenean. Itsasertzeko landetxe batean hazi zen, Norfolk-en. Gurasoak Alice Carr eta Lawrence Athill zituen, anaia Andrew eta ahizpa Patience. Poniak zituen atsegin, baita irakurtzea ere. Unibertsitatera joateko garaia iritsi zenean, Oxford aukeratu zuen, eta ingeles-literatura ikasi. 

Zuzendari André Deutsch argitaletxean

BBCrentzat aritu zen lanean Bigarren Mundu Gerran. Gerra bukaturik, André Deutsch adiskideari Allan Wingate argitaletxea sortzen lagundu zion. Baina handik bost urtera beste argitaletxe bat sortu zuten, adiskidearen izena zuena: zuzendaria Diana Athill bera. Argitaletxeak bide polita egin zuen gerraosteko liburuen esparruari esker. Simone de Beavoir, V.S. Naipaul, Jean Rys, Margaret Atwood eta beste idazle askoren lanak argitaratu zituen. 

Mende-erditik gora argitalpen-zerbitzuetan lanean aritu ondoren, zuzendaritza uztearekin batera hartu zuen erretiroa, 1993an: 75 urte zituen. Orduantxe indartu zen bere idazle-alderdia. Ordurako, 60ko hamarkadan, bazituen hiru liburu argitaratuak: ipuin-liburu bat, eleberri bat eta Instead of a letter lan autobiografiko arrakastatsua. Lan hauen ondoren, hainbat urte eman zituen ezer argitaratu gabe.  

 

Iturria: The Guardian

Berriro literaturan 

Berriro idazten hasi zenean, bere bizitzari buruzko oroitzapen mamitsuak hasi zen plazaratzen. Yesterdey Morning (2002) liburuan haurtzaroa izan zuen jopuntuan, eta zahartzaroa Somewhere towards the end (2008) izenekoan. Azken liburu hau bi aldiz saritu zioten: 2008an Costa Book saria jaso zuen eta 2009an National Book Critics Circle Award elkarteak saritu zuen. Urte berean eman zioten Britainiar Inperioaren Ordena ere, literaturari egindako ekarpenarengatik.  

Eta handik bi urtera, 2011an, Instead of a book: letter to a friend gutun-bilduma bat argitaratu zioten. Izan ere, Diana Athill eta Edward Fill poeta estatubatuarra 30 urte pasa aritu ziren elkarri gutunak idazten; liburuak Athillek idatzitako zenbait eskutitz dakartza. 30 urte idazten, eta bizitzen askoz ere gehiago, 101, esan dugunez. Eta Athillek ez zituen urte horiek guztiak alferrik galdu;  horrela, Alive, alive oh!: and other things that matter (2015) liburuan jaso zituen zenbait bizipen.

Iturria, azalekoa eta hau: Daily Beast (Colin McPherson)

Bere kasa moldatzen zen jendea hartzen zuen zahar-egoitza batean sartu zen 2009ko amaieran. Bertan gustura sentitzen zela esan zuen, inolako kezkarik gabe bizi zela. Natural hartzen zuen zahartzaroa, heriotzari aurrez aurre begiratuz. Hamar urte egin zituen zahar-etxean. 2019an hil zen, gaixoaldi labur baten ondoren, 101 urte bete eta hilabetera.        


B1
2019-12-10
21052101
37315