Ilaran zain eta zain

Urte guztian zehar izaten dira ilarak nonnahi; ekitaldi batzuetan, gainera, jakina da zain egotea egokituko zaigula, adibidez: Durangoko Disko eta Liburu Azokan, San Tomas egunean edo merkealdian… Guztietan sortzen dira ilarak, luze-laburrak, zenbakidunak eta gabekoak…

Zientziak ikertu egin ditu ilarak: zer eragiten digute, nolako portaerak daude ilaretan, zein dira azkarragoak…?

Ikerketak unibertsitatean
Zain gaudela, nork galtzen du pazientzia azkarrago? Europako eta Amerikako Estatu Batuetako hainbat unibertsitatetan egindako ikerketek argi adierazten dute: emakumeak baino lehenago aspertzen dira gizonezkoak ilara batean. Hong Kong hirian egindako beste ikerketa batek ere ondorio bera atera du: jendea ez dago pazientzia galtzeko, gizonezkoak batez ere.

Txinan, adibidez, norbaiti ahal diozu ordaindu zure ordez ilaran egoteko zu etorri arte. Lanbide bihurtu da txanda-zainketa. Baita Amerikako Estatu Batuetan ere. Ez dugu denbora alperrik galdu nahi. Bestela esanda, galdutzat jotzen dugu ilarako denbora.

Gaur egun, mugikorrei esker, ilaran entretenitu egiten gara, eta ez zaigu hain luze egiten, baina hala ere, gehienetan ez datoz bat ilaran emandako denbora eta denbora horren pertzepzioa. Berez emandakoa baino ia heren bat gehiago pasa dugula iruditzen zaigu. Beraz, denboraren pertzepzio hori gutxitzeko hainbat teknika asmatu dira: eskaintza-orriak eskaini ilarakoei, errezeta erraz bat erakutsi pantaila batean…

Emakumezkoak baino lehenago aspertzen omen dira gizonezkoak ilaran.

Denboraren pertzepzioa dela eta, badago ilara mota bat arinagoa eta lasaigarriagoa omen dena: sigi-saga egiten duen hori da; jolas-parke handietan-eta asko ikusten da. Gainera, ilara horrek ba omen du beste alde on bat ere: oso zaila iruditzen zaigula inork txanda-pasa egitea.  

Ilara batetik bestera
Bi ilara baditugu, hor ibiltzen gara batetik bestera pasatzen, denbora aurrezteko. Zu ez ala? Senak esaten omen digu ilara laburreko kobratzailea eraginkorragoa dela, eta laburra aukeratzeko. Baina erabaki okerra da aldatzea. Ikerketek diotenez, % 10 gutxiago tardatzen du bere ilara utzi ez duenak; eta batez ere gizonak dira ilara-aldatzaileak. Beraz, aholkua da gizon gehien duen ilaran jartzea. Baietz baten batek alde egin bere lerrotik!

Orgei begiratzeko ere aholkatzen dute ikertzaileek. Adibidez, ilara batean arropa asko badago, denbora luzatu egingo da,  segurtasun-neurriengatik arropari alarmak kendu behar zaizkio-eta. Janak ez du horrenbesteko lanik.

Ikerketetan beste galdera honi ere erantzun diote: Zein da ilara azkarragoa, ilara motza goraino betetako orgekin ala luzea orga erdi-betetakoekin? Motzera joan, ilara jendetsuak denbora luzatzen baitu: ordaindu, bezero bakoitzari lagundu erosketa zorroetan sartzen…

Baina batzuetan bi ilara izatea hobea omen da. Adibidez, ilara bat baldin badago tiketa hartzeko, eta beste bat erosteko edo erositakoa jasotzeko, egonezina gutxitu egiten da (horrelako ilarak ohikoak dira festa jendetsuetan).

Zerk sortzen du ezinegona ilaran?
•    Aurretik jende gehiago izateak atzetik baino.
•    Pentsatzeak aurrean ditugun bezeroak motelegiak direla.
•    Erosketa norberak egiteak, inork lagundu gabe. (ez duzu norekin hitz egin, eta gainera, karga guztia zeuk eraman behar).
•    Norbaitek txanda-pasa eginez arau sozialak hausteak.
•    Pertsona batetik bestera 15 zentimetro ez izateak.
•    Itxaroten aspertzeak.
•    Erosketa jende gehien dabilen orduan egiteak.
•    Horman, zure txanda adierazteko, zenbaki elektronikorik ez izateak.
•    Dendariak telefonoa hartzeak: ilarakoa baztertuta sentitzen da.
•    Ilarak konparatzen ibili beharrak.

Trena edo autobusa iristeko zenbat denbora falta den jakiteak lasaitu egiten gaitu.

Eta garraio publikoetan?
Autobusa edo trena etortzeko zenbat minutu falta diren adierazteak estresa gutxitzen du. Eta bitxia da, baina minutu horiek oker egonda ere, hori hobea omen da inolako informaziorik ez jartzea baino: zenbakiek mesede egiten diete bidaiariei.

Ilaran zenbat urte?
Ilarez aritu gara hizketan. XXI. mendeko gizaki batek bere bizitzako 4 urte ematen omen ditu era bateko eta besteko ilaretan. Eta zuk, irakurle?

 


B1
2019-12-03
21012671
737