Kurdistango bihotzean barrena
Kurduak 25 bat milioi dira eta zenbait herrialdetan banatuta daude: Turkia, Irak, Iran, Siria eta Armenia. Lehen Mundu Gerraren bukaeran, 1918an, garaileek kurduei Estatu bat agindu bazieten ere, aipatu herrialdeetan banatu zituzten, eta, geroztik, agintariak etengabe ahalegindu dira nazio-sentimendu kurdua ezabatzen.
Diyarbakir, Kurdistan turkoaren hiriburua, bidegurutze garrantzitsu batean dago. Tigris ibaiaren ondoan dauden meskitak eta murruak dira monumentu nagusiak.
Baina, batez ere bidaiariari atentzioa ematen diona da hainbeste herrialdetatik etorri den itxura desberdineko jendea: Mesopotamia, Palestina, Arabiako Penintsula_ Jende asko ikusten da arropa kurdu tipikoz jantzita (gizonezkoak galtza bonbatxoekin eta emakumean soineko loretsuekin); beste batzuek 'kefiyea' (arabiarren lauki beltz eta gorritako buru-zapia) daramatela; emakume zenbait 'txadorea' (Irango emakumeen gorputza erabat estaltzen duen tunika beltza) jantzita ikusten dira kalean; emakume gazte asko mendebaldeko eran jantzita joaten dira bulego-lanetara. Diyarbakir hirian halako artegatasun eta ardura sumatzen da kaleetan. Ez zaio, nolabait esateko, atzerriko bidaiariari harrera onik egiten, ze militante kurduek uste dute turismoak Turkiako Gobernuari egiten diola mesede. Beraz, kontuz ibili behar da Kurdistanen, eta bertako ohiturak begirunez errespetatu. Normalean bidaiariak Erzurum herritik sartzen dira Kurdistanen. Herri hori beste zenbait leku baino lasaiagoa da. Ikustekoak dira horko estilo persiarreko meskita batzuk. Hortik inguruko herrixka batzuetara joan daiteke, besteak beste, Törtum-era, nekazari turkoak nola bizi diren ikusteko.
Gizonezkoak maiz ikusten dira tabernetan solasean kafea hartzen eta domino-jokoan lasai. Ez da inon emakumerik ageri, etxean sartuta egoten dira eta. Turkian emakumeak askatasun gehixeago omen du beste herrialde musulmanetan baino. Hori hiri handietan egia izanik ere, landan ez da horrelakorik gertatzen, emakumeak diskriminatzen dituzten tradizioak bizirik baitaude gaur egun ere. Erzurum-dik gertu dago Ani herria, Armeniarekin duten mugan hain juxtu, goi-ordoki batean. Badaude han XI. mendeko hiri armeniar garrantzitsu baten arrastoak: murru-puskak, zenbait eliza ere bai. Arpaçay ibaiaren beste aldean herria zaintzeko dorreak ageri dira, Armenia Sobiet Batasunean sartuta zegoen garaikoak. Orduan paraje hori militarrez josita zegoen, Turkia OTANgo partaide baitzen eta, beraz, Sobiet Batasunaren arerioa. Ani herritik, Agri pasa eta gero, Dogubeyazit-a joan daiteke, Iranen sartu aurretik dagoen azken herrira.
Parajea benetan ederra da, Ararat mendiaren silueta gailentzen dela. Ararat sumendi zahar bat da, handia, 5.165 metro ditu, beti elurrak estalia. Bibliako tradizioaren arabera, han geratu zen Noeren Arka euri-jasa ikaragarri haren ondoren atertu zuenean. Horrek, jakina, turista asko erakartzen ditu: Dogubeyazit herritik gertu arka itxurako mendi bat dago, eta burua pixka bat ' pitzatuta' daukan amerikar batek museo txiki bat eraiki du. Haren esanetan, mendi horretan, lurpean, omen dago Noeren Arka, baina inork ez dio sinisten. Dena dela, merezi du hara joatea parajea ikusgarria da eta. Dogubeyazit-en kontrabando-giroa sumatzen da kalean, irandarrek alfonbra persiarrak eskaintzen dituzte mendebaldeko tabako-truke. Handik hurbil, sekulako gaztelu zahar bat dago, erdi eroria, Ishak Pachá-ren Palazioa. Eraikina ederra da, hango ikusmira ere bai. Dogubeyazit-etik abiatzen ziren Ararat mendirako espedizioak. Horiek amaitu egin ziren, mendi-hegalean liskar eta borroka asko gertatzen baita Langile Kurduen Alderdiaren (PKK) eta soldadu turkoen artean. Dogubeyazit-etik Diyarbakir-erako bidean dagoen Van lakua ederra da, gozamen-iturri turistarentzat. Inguratzen duten mendien babespean dago aintzira, urak urdin-argiak dira. Erdian dagoen Akdamar izeneko uhartean X. mendeko eliza armeniar bat ikus daiteke; eskultura eta pintura ederrak gordetzen ditu, eta horietan Bibliako pasadizo ezagunak azaltzen dira. Egoera politikoa hain nolabaitekoa baita, agentzien bidez Turkiara joaten diren turistak Kapadozian geratzen dira, Kurdistanen sartu gabe. Ez dago eragozpenik, baina, hori bai, nork bere kontura joan behar, jakina.
Irudiak; Pixabay