detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Ipar Korea: herrialderik itxiena

Ipar Korean sartzea ezinezkoa izan da ia atzo arte. Baina, herri honen lagun diren elkarte batzuk badira harako bidaiak antolatzen dituztenak; hainbat partidu komunista ere aritu da bidaiok, gutxi beti ere, antolatzen. Horietako batean izena ematea zen Ipar Koreara joateko aukera bakarrenetakoa, maiz herri horretako agintariek atzera botatzen baitzuten bisatu eskaera.

Gaur egun ere tantaka-tantaka sartzen dira turistak, bidaia-agentzia batzuk, orain urte asko ez dela, hasi ziren harako bidaiak eskaintzen eta. Ipar Korean urtero sartaldeko 2.000 turista inguru sartzen dira. Eta beti talde antolatu kontrolatuetan. Inoiz ez diote norbanako bati bisaturik eman.

Horrez gain, urtero 20.000 turista txinatar iristen dira, eta badirudi asmo bakarra dutela buruan, Pyongyang hirian atzerritarrentzat dauden bi hoteletako kasinoetan dirua jokatzea.

Ez dago taldearen diziplinari muzin egiterik. Gidariek dena kontrolpean dute, eta norbaiti bere kasa itzulingurutxo bat ematea otutzen bazaio, bertako herritarrek poliziari deitzen diote atzerritar bat kalean bera bakarrik dabilela esateko. Beraiek erakutsi nahi dutena ikus dezakezu, besterik ez: hori da araua. Ipar Korean sartu bezain laster pasaportea eta eskuko telefonoak kentzen dizkizute, gidariek hartzen dituzte, alegia, eta Ipar Koreatik irteterakoan ematen atzera. Eskuko telefonoak kentzea alferrik da, Ipar Korean ez dabiltzalako. Dabiltzan bakarrak, eta hauek ejertzitoak kontrolatzen duen sare baten bidez, Partidu Komunistako kargudun batzuenak dira. Noren buruan sartzen da eskuko telefonorik gabeko herrialde bat egotea?

Beraz, guztia kontrolpean eta programatua dago. Pyongyangen badira bi metro geltoki oso txukun, baina ez dizute esaten tren gutxi dabilela. Jendeak ez du bere autorik, eta harrigarria bada ere, oso txirrindu gutxi dabiltza kalean. Oinezkoak, horiek bai ugari. Partidu Komunistari eta Kim Il-Sung euren Lider Handiari eskainitako monumentutzarrak erakusten dizkizute, baina jendea non bizi den ez. Baina batetik bestera autobusez zoazenean apartamentu-multzoak ikusten dira leihotik, eta itxura guztien arabera, nahikoa hondatuak dirudite. Eta zer esan dendei buruz? Bat bera ere ez dago. Erakusleihorik gabeko saltoki handietan egiten dituzte erosketak, baina hara ezin da atzerritarrik sartu. Gure gizartea kontsumora emana dago, baina ez Ipar Korea. Handik kanpo ohikoa dena han ez da inondik ere normala: marka komertzial ezagunak ez daude Ipar Korean, bat bera ere ez. Badirudi denboraren joanean ez dela mugitu ere egin: guztiak dauka 50 urtetik gorakoaren itxura.

Kim Il-Sungen estatuak eta erretratuak, horiek harro erakusten dizkizute, bai. Eta gizon hori non jaio zen, eta zer zioen, eta zer egiten zuen. Ikusgarria da Lider Handia nola gurtzen duten. Stalin Errusian, eta Mao Txinan, ez zuten horrenbesteraino miresten. Bitxia da, badira 12 urte Kim Il-Sungen seme den Kim Jong-Il boterean dagoena, baina aitak baino askoz ere erretratu gutxiago dauzka semeak. Semearen izendapen ofizialak dio Lider Kuttuna dela, baina ez da dudarik, ipar korearrek kuttunagotzat daukate Lider Handia.

Pyongyangek espero ez den ikuskizuna eskaintzen du gauean: erabateko iluntasuna. Kalean ez dago argirik, eta etxeetako bonbillak potentzia gutxikoak dira. Gidariek diotenez estatubatuarrek gauez bonbak ez jaurtitzeko jokatzen dute horrela, baina egia esatera, Ipar Koreak ez du argia behar beste ekoizten. Beraz, agintari ipar korearrek energia nuklearra garatu nahi dute, garatu nahi dutenez. Egunero diote estatubatuarrek erasoko dituztela, baina adi omen daude, eta amerikarrei ongi etorri bonba atomikoekin egingo omen diete.

Gerra-giroak ez du etenik: desfile militarrak eta Kim Il-Sung-en hitzaldiak dira telebistako ia ikuskizun bakarrak. Eta noizbehinka futbola, bertakoentzako kirolik atseginetakoa. Ipar Koreako futbol-selekzioa munduko txapelketan izan zen 1966an lehendabizikoz eta azkenekoz, eta heroitzat dauzkate.

Hego Koreara hurbildu ahala gerra giroa nabarmenagoa da, Panmunjonen batik bat. Hemen bi herrietako soldaduak elkarrengandik oso hurbil daude, mugako marraren alderdi banatan. Alde bateko zein besteko soldaduek aurpegi txarrak dituzte elkarri eskaintzeko. 50 urte daramatzate gisa berean. 53, zehatzago esanda. Koreako gerra 1953an bukatu zen, eta herria bi zati hautsi eginda laga zuen. Orduz geroztik Hego Korea mundu mailan goiko puntan dabil industrian, eta, zehatz izatera, Ipar Korea da erregimen komunista duen munduko herrialde bakarra.

Norbaitek Disney-ri esango balio komunismoaren parke tematikoa egiteko, Ipar Korea bezalako zerbait egin beharko luke; izan ere, herri horretantxe dira komunismoari lotutako topiko guztiak.


x61pRelaContWAR

Interesatzen zaizu



detalle2

Dokuteka

C1
2006-02-28

x61pRelaContWAR

  • Torquemada, Jesús
16514917

x61pViewCountWAR

5343

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR