detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Andeak: Hara ze edertasuna 5.000 metrora!

Andeak, izen hori du Lur planetako mendilerrorik luzeenak. Venezuelatik Txileko muturreraino, Hego Amerika osoa zeharkatzen du. Paraje ederrez beteta dago, eta herri indigena ugari bizi da bertan.

Horietako herri batzuk zibilizazio loriatsu ziren antzina, inkak kasu, Machu Picchu hiri galdu eta ia magiko hori eraiki zutenak, alegia. Andeetako tokirik interesgarrienetakoa Txile, Bolibia eta Argentinako mugetako Goilautada da, eta hor tarte handi bat 3.000 metrotik gora egiten da, sarritan 5.000 metrora ere hurbilduz.

Beraz, goi-mendietako gaitza, "soroche" esaten diotena, azaltzeko arriskua dago. Goialde horietan itsaso parean baino oxigeno gutxiago dagoenez, gaitz horren sintomarik nabarmenena arnasa hartzeko zailtasuna da. Ematen du biriketara ez dela airerik nahikoa iristen, eta edozein ahalegintxok, baita eskailerak igotzeak ere, izugarrizko lanak ematen ditu. Maiz izaten dira buruko min handiak, zorabioak. Horrenbestez, goietara ohitzea garrantzitsua da oso, goranzko bidea gutxika-gutxika eginez. Hegazkinak, berriz, goian dagoen toki batean lur hartzen badu zuzenean, hasierako egunetan lasai hartu kontuak, oso lasai, gorputza egoera berrira jarri arte.

Bidaia hau hasteko ohiko herrialdeetako bat Txile da, Atacamako San Pedron, hain zuzen ere. Atacamako basamortua da munduko lehorrenetakoa. Baditu aintzirak, gaziak ordea; ezin beraz urik edan. San Pedro oasian eta beste batzuetan bizi liteke, baina beste inon ez. San Pedro oasi hau Lincabur sumendiaren magalean dago. Sumendi honek itxura koniko erabatekoa du.

Sumendiak dira, izan ere, paraje hauetako ezaugarrietako bat. Ugariak dira, eta Láscar delakoa adibidez, bera bakarrik ez, bizirik dago eta kea irteten zaio, sumendiak gandorra balu bezala. Eta sumendiak bixi-bixi daudenez, geyserrak ere nahikotxo dira. Ezagunenak Bolibian,  Sol de Mañanan daudenak dira, eta Txileko Tatio. Zirrara sortzen du horrelako bat ikusteak. Zoruko zulo horietan borbor ari da lokatz moduko bat, eta halako batean, indarrean ateratzen da gorantz lurrun zorrotada bat, dena kiskali beharrean. Hura ziztu hotsa, hura sufre usaina eta beroa! Infernuko ateetan ote gaude ba? Bada kontuz, geyserrak ikusgarriagoak dira egunsentian, eta 5.000 metrora daudenez, egiten duen hotzarekin, lepoa biltzeko gogoa jarriko zaizue. Beraz, arropa egokiak eraman.

Beste ezaugarrietako bat aintzirak dira. Urak kolore desberdina hartzen du aintzira batean eta bestean. Ez daude bi kolore berekoak. Kontua da ia beti sumendi baten azpian daudela lakuak, eta sumendia bera islatu egiten dela aintziraren uretan. Horrenbestez, laku berdeak daude, gorriak, urdin biziak, urdin argiak, horiak, zuriak... Eta aintzira askok flamenko samaldak dituzte, arrosa koloreko lumadun hegazti hankaluze horiek. Oso leku patxadatsua da bestalde: han ez da inor bizi. Zerua behatz-punttekin uki liteke, eta gaua, gaua milaka izarrez betetzen da. Munduko behatoki astronomiko garrantzizkoenak, batzuk behintzat, bertan dira zeruaren garbitasuna baliatzeko. 

Atacamako San Pedro oso leku atsegina da: pezozko hormak dituzten etxetxoak, eliza zuriz pintatuta... Andeak jarraituz Argentinara joan daiteke eta Jujuy bisitatu, hango eliza koloniala, edo Salta herria. Oso giro animatua du herri honek. Hau bestelako Argentina da, ez da inondik ere europar kutsuko Buenos Aires hori! Jujuy eta Saltan lagun askok ezaugarri indigenak dituzte, edo mestizoak. Antza dute itxuraz eta kulturaz Bolibiako indigenekin.

Eta Bolibiara iristeko Quebrada de Humahuaca igo behar da, Andeetako tokirik harrigarrienetakoa. Mendi-maldak janda daude, eta margolari baten paleta dirudite horrenbeste kolorerekin: berdea, morea, hori mota guztiak, gorri desberdinak... Cerro de los Siete Colores izena du hango paraje liluragarrienetako batek, bistakoa da zergatik. Kaminoa 4.000 metrora dago eta La Quiaca muga-herriraino (Argentina) heltzen da. Beste aldean, Bolibian jada, Villazón dago, eta aldaketa handia da oso. Bolibiako etniarik garrantzitsuenetakoa aymara etnia da, eta etnia horretakoak dira guztiak Villazonen. Han emakumeak gona tipikoak jantzita dabiltza, beren pontxoekin eta onddo-kapeluekin. 

Villazondik Uyuni herrira heltzeko erarik egokiena trena hartzea da, kaminoa oso egoera kaskarrean dagoelako, eta zuloz josia. Uyunik ezer berezirik ez dauka, bertako haizea ez bada. Gauez hotz handia egiten du, eta hautsez betetako herria da. Baina ber-bertan dago mundu honetan naturak eman duen ikuskizun apartenetako bat: Nafarroaren tamainako gatz basamortua: Uyuniko Gatz-lautada. Zorua zuria da, elurra ematen du, baina gatza da, eta areazko basamortuan bezala, ispilatze izeneko fenomeno fisikoa izaten duenik bada. Noizbehinka norbait galdu egiten da, orain urte batzuk esaterako, sendi osoa egarriak hil zen. Beraz, hor behintzat, lautada hori ondo ezagutzen duen gidariren bat behar da aldamenean.


x61pRelaContWAR

Interesatzen zaizu



detalle2

Dokuteka

B2
2007-10-31

x61pRelaContWAR

16506079

x61pViewCountWAR

3747

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR